Nahia Aranak (Berango, Bizkaia, 2005) ziklo-kroseko Munduko Kopako proba batean parte hartzeko aukera izan zuen joan den asteburuan: Benidormekoan (Herrialde Katalanak). Munduko txirrindulari onenekin aritu zen lehian, eta 25. helmugaratu 23 urtez azpikoen mailan. Zailtasunak zailtasun, ilusioz dago, oso gustuko baitu diziplina hori.
Zerk bultzatu zintuen ziklo-krosa egitera?
Aita triatloian ibiltzen zen, eta, ni, berriz, atletismoan eta igeri. Bizikletan ez nintzen ibiltzen, baina aitarekin ateratzen hasi nintzen gutxinaka. Handik denbora batera, talde batean eman nuen izena. Kadete mailan jada ziklo-krosean lehiatzen hasi nintzen. Egun, ziklo-krosean eta mendiko bizikletan, Miribilla Occident taldean jarduten dut, eta, errepidean, berriz, Nafarroako Vipeq Women´s Team taldearekin.
Lehen lasterketetako zer oroitzapen duzu?
Ikaragarri gozatzen nuen. Kirol berria zen niretzat, eta oso gogotsu aritzen nintzen, gauzak ikasteko gogoz.
Iragan asteburuan, aukera izan zenuen Munduko Kopako proba batean lehiatzeko: Benidormekoan. Zer esan nahi du horrek zuretzat?
Belgikan, Irlandan eta Frantzian korritzeko aukera izan dut urte hauetan guztietan, eta luxu bat da Munduko Kopako proba batean parte hartzeko aukera izatea. Etxetik gertuago egonda, hasieratik entzuten duzu zure izena, gehiago animatzen zaituzte, eta polita da hori.
Nola entrenatzen zara denboraldiak iraun bitartean?
Goizetan klasera joaten naiz; arratsaldeetan, berriz, entrenatzera. Egun batean, gimnasioan eta errepidean aritzen gara; beste batean, teknika lantzen dugu. Horretarako, Ollarganera [Arrigorriaga, Bizkaia] joaten gara. Edozein egunetan joan gaitezke. Han, bihurguneak nola hartu lantzen dugu, baita bizikletatik nola jaitsi eta igo ere. Egur ezberdinak igarotzean nola jauzi egin behar dugun ere ikasten dugu... Beste egun guztietan errepidean aritzen gara.
Astean zenbat orduz aritzen zara?
Ziklo-kroseko denboraldi barruan, hamar edo hamabi ordu izaten dira astean. Entrenamenduez gain, lasterketak ere gehitu behar dira. Espainiako Kopan aritzen gara gehienbat. Urritik urtarrilera bitarte lehiatzen gara, eta hamar lasterketa inguru izaten dira bertako zirkuituan. Asturiasen, Madrilen, Galizian eta Katalunian jokatzen ditugu lasterketa gehienak. Euskadiko zirkuitua ere jokatzen da, baina oso gutxitan lehiatzen naiz bertan. Ez dira nazioarteko probak hemengoak. Espainiako Kopako probetan UCI puntuak izaten dira jokoan.
Euskal Herrian zenbat lasterketa jokatzen dira gaur egun?
Ez dakit ziur zenbat diren, baina egutegi txukun bat egiteko adina bai. Bi astez behin gutxienez lehiatzeko aukera izaten da Euskal Herrian ere.
Zer zailtasun nagusi izan duzu ziklo-krosean emakume izateagatik?
Ez zait bidezkoa iruditzen, esaterako, 23 urtez azpiko haien lasterketa propioak izatea, eta guk lasterketa berean elite mailakoekin lehiatu behar izatea. Haietako asko profesionalak dira; gu, berriz, ikasleak. Ez dugu berdin atseden hartzen, ezin gara berdin entrenatu… Aldeak oso nabariak dira lasterketa guztietan. Europako eta Munduko Txapelketetan baino ez dugu lasterketa propiorik.
«Ez zait bidezkoa iruditzen 23 urtez azpiko gizonezkoek lasterketa propioak izatea, eta guk lasterketa berean elite mailakoekin lehiatu behar izatea»
Gehiago eskatu al dizute emakume izateagatik?
Ez. Alde horretatik zorte handia daukat taldearekin. Inoiz ez didate gehiago eskatu, eta hori ere eskertzekoa da. Oso pozik nago taldearekin.
Txirrindularitzan ere gero eta presio handiagoa dago. Nola eraman duzu hori?
Denboraldi hau bikain hasi nuen, baina hogei egun eman behar izan ditut antibiotikoa hartzen, eta oraindik ez nago erabat osatuta. Espainiako Txapelketa arreta handiz prestatu nuen, baina emaitza ez zen esperotakoa izan. Negarrez amaitu nuen! Horrelako egun gogor asko izaten dira. Baina onak ere izan ditut. Adibidez, iazko maiatzean Espainiako txapeldun izan nintzen graveleko modalitatean. Horrelako emozioak bideratzen ikasi beharra izaten da. Aitaren eta amaren laguntza ezinbestekoa dut horretarako.
Bidaiak, materiala... Gastua handia da. Nola moldatzen zara?
Zorte handia daukat alde horretatik. Bidaiak eta bizikletak taldeak ordaintzen dizkit. Hala ere, lehen denboraldietan taldeak ez zidan dena ordaintzen. Aurrekontu handia izaten dugu. Bi bizikleta behar ditugu gutxienez, lehorreko eta lokatzetako gurpilak, eta kontuan hartu behar dira mantentze lanak, bidaiak, hotelak… Ez dut zehaztu zenbat den dirutan, baina, gurasoak aberatsak izan ezean, gazte bat ezingo litzateke ziklo-krosean hasi ere egin babeslerik gabe.
Babesleak izateko besteek baino gehiago erakutsi behar izan duzu?
Nahitaezkoa da emaitza on batzuk izatea; eta, noski, lehiatzeko gogoa erakutsi behar duzu gutxienez, jendeak zugan konfiantza izan dezan. Baliabide ekonomikoen beharra dugu. Izan ere, kirol hau asko ari da profesionalizatzen. Ikusi besterik ez dago zer txirrindulari ari diren zirkuituan lehiatzen: Mathieu van der Poel, Wout van Aert, Lucinda Brand, Ceylin Alvarado... Baliabiderik gabe oso zaila da elite mailan lehiatzea.
Gaur egun zertan da harrobia Euskal Herrian?
Esango nuke emakumeen artean loraldi batean gaudela. Esaterako, Mirari Gotxi Espainiako txapeldun izan da gazteen mailan, 17 urterekin. Horrelako adibideek erakusten dute maila badagoela. Elite mailan, baina, ez dabil inor lehian. Gure belaunaldiko gazteek ia ez dugu erreferenterik izan ziklo-krosean.