Etxeko egongela aukera zezaketen partida lasai eta eroso ikusteko. Alderdi Ederren zutik ikustea aukeratu dute, ordea, begirada bi pantaila erraldoietako pixel multzora iristeko tamarindoak eta aurrekoen buruak saihestu behar badituzte ere. Zerbaiten parte sentitzera joan dira, eta sentimendu hori partekatzera. Familiarekin, lagunekin, kuadrillarekin eta ezezagunekin. Irabazi edo galdu.
«Urte batzuk barru ni han egon nintzela esan nahi dut», esan du Markel Alonsok. «Jakina, irabaztera etorri gara, baina galduta ere, ederra da Realaren parte sentitzea eta guztiok ilusio hau partekatzea». Alderdi Ederrek futbol estadio txiki bat dirudi, futbol zelairik gabea, baina futbol estadioetan metatzen den pareko ilusioarekin, energiarekin eta urduritasunarekin. Cartuja txiki bat Donostian.
Antiguatik entzun daiteke Alderdi Ederreko zaleen guneko musika. Baita aurkezleen oihuak ere. Modako abestiak, lololo garrasiak, irrintziak —irrintzi asko—, baina baita ere Xabi Solano, Gozategi, Eñaut Elorrieta... Realaren aldeko mezuen eta oihuen artean, Txoria txori eta Palestina askatzeko eskaerak. Gozategik euskal selekzioaren aldeko abestia.
Fan zone deitu diote zaleen guneari. Jan zone eta edan zone ere bai. Zaleen artean, garagardoa bizkarrean zeramaten pertsonak. Beberapid zerbitzua. Bezeroa ez bada garagardoaren bila joaten, garagardoa joaten da bezeroaren bila. Herritarrek hartu dituzte kaleak. Autorik ez. Futbola salbuespen, beste behin. Semaforoak martxan, alferrik. Ume asko. Ume aulkiak ere bai.
Peiremans gogoan
Arratsaldeko lehen orduan ez da jende asko bildu Alderdi Ederren. Partidaren ordua hurbildu ahala, baina, jendea pilatu da. Gehienak Realeko kamisetak soinean. Azken urteetakoak eta zaharragoak. Gaur egungo jokalarien izenekin eta duela urte batzuetakoekin: Zubimendi, Aranburu, Arkonada... Zale batek Robin le Normandena darama —Le Normandek Atletico Madrilen jokatzen du—. Beste batek jokalariaren jokoak baino gehiago, musika talde batek ezagunagoa egin zuen jokalari batena zeraman: Peiremans.
Kamiseta txuri-urdin berri samarren artean, zahar-zahar bat. Nestor Garciak darama. Urteen eta garbituen poderioz, marra urdinek moreak dirudite, eta berez Realarena zen kamisetak, Valladolid futbol taldearena. «Kariño handia diot», azaldu du Garciak. «Gurasoek oparitu zidaten eta Atotxara ere eramaten nuen, pentsa. Garrantzitsuena ez da kamisetako koloreen bizitasuna, koloreek eragiten duten sentimendua baizik».
Zaleen artean, zale berriak. Lucia Machado eta Jorge Bermudez, Hondurastik Gipuzkoara iritsita. Etorri orduko Realaren familiako kide bihurtuak. «Futbolak, Realak, lagundu digu bertako jendea ezagutzen eta bertako parte sentitzen», nabarmendu du Machadok. «Futbolak ateak zabaltzen ditu mundu guztian».
Realeko kamisetarik edo arroparik ez dutenek bufandak erosteko aukera dute Alderdi Ederren bertan. Bufanda berdina izanda ere, bufanda janzteko moduak zaleak bereizten ditu: batzuek, ohiko moduan, bufanda lepotik zintzilik; beste batzuek, berriz, bufanda lepoan korapilatuta, kaleko bufandak jantzi ohi diren moduan, gaurko testuinguruan gehiegizko elegantziaz.
Gizonen futbolaren ajeak Â
Irribarrea eta ilusioa gehienen aurpegietan. Bada, ordea, horien guztien artean, aurpegi serio samar bat. Mireia Etxabek Realeko kamiseta du soinean, baina irribarrerik ez. «Gizonen futbolak eragiten dituen zarata, hooligan jokabideak eta oihartzun honek guztiak gainditu egiten nau, baina egia da oso zaila dela saihestea», onartu du. Familiarekin joan da Alderdi Ederrera. «Neronek eta gizarteak eskertuko genuke jendetza eta energia hau guztia beharrezko beste aldarrikapen batzuetarako lortzea».
Malko haiei esker, orain itsasoa gara, kantatu du Elorrietak. Realari esker, emozio itsaso bat ere badirela kanta zezakeen. Finala irabazita edo galduta.Â