60.000 lagun batu dira Vancouverko BC Place kiroldegi handian, Neguko Olinpiar Jokoen inaugurazio ekitaldian, eta saio ikusgarriaren lekuko izan dira: izarrez betetako ortzea, poloko hartzak, indigenen tradizioak... guztiak irudikatu dituzte dantza, musika eta ikusgarrien bidez. Hainbat arlotako kanadiar ezagunek parte hartu dute, hala nola, Donald Sutherland aktoreak edo Bryan Adams musikariak. Halaber, Leonard Cohen kanadiarraren Hallelujah izan da entzun den kantuetako bat.
Eta hori guztia, amaieran, olinpiar sua pizteko, eta horrekin batera, Neguko Jokoak abiatzeko. Hain zuzen ere, une horretan gertatu da hasiera ekitaldiko akats bakanetakoa, lau izotz kandela erraldoik eusten baitiote suaren ontziari, eta lauretatik bakarra atera baita lurpetik aurreikusi bezala.
Hori ekitaldiko akatsa izan da, baina berez ospakizunak zuen kolorea beste gertakari batek apaldu du: Nudar Kumaritashvili kirolari georgiarraren heriotzak. Izan ere, 21 urteko gaztea hil egin zen atzo, lugean (buru gorako lera) leihatzeko prestatzen entrenamenduan ari zela. Azken bihurgunean pistatik atera zen 140 kilometroko abiaduran.
Kumaritashvili gogoan, Georgiako taldekoak soinean xingola beltza dutela atera dira desfilean, eta ikusleek txalo zarta handiekin eta hunkidura bereziz hartu dituzte. Gainera, olinpiar bandera eta Kanadakoa masta erdira jarri dituzte.
Gainerakoan, gaur hasiko dira lehendabiziko probak, besteak beste, eski jauziko banakako lehiaketa eta eski alpinoko jaitsiera jokatuko dira. Bigarren proba horretan Pau de la Cuesta donostiarrak parte hartuko du, eta, horrenbestez, estreinaldia egingo du Olinpiar Jokoetan.
Neguko Olinpiar Jokoak
Entrenamenduan hildako Kumaritashvili gogoan hartuta hasi dira Vancouverko Jokoak
Hain zuzen ere, heriotza horrek ilundu du inaugurazio ekitaldi koloretsua. Paul de la Cuesta donostiarrak gaur izango du Olinpiar Jokoetako estreinaldia, eski alpinoko jaitsiera proban.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu