Igaro da jada denboraldi erdia Euskotren ligako ontzientzat. Lasaitua hartuko dute arin aritu direnek; presa sartuko zaie helburuak bete gabe dituztenei. Galiziako estropadak, Zarauzko bi jardunaldiak, eta Ondarroa eta Getariako estropadak geratzen zaizkie, kanporaketak alde batera utzita.
Lehia estu dago, azken bost urteetan baino estuago. Iaz, garaitsu honetan, hamasei punturen aldea zegoen lehenengo sailkatuaren —Arraun Lagunak— eta bigarren sailkatuen artean —Tolosaldea eta Orio berdinduta zeuden—. 2023ko udan, berriz, bi punturen aldea besterik ez zegoen donostiarren eta oriotarren artean, baina denboraldia bederatzi punturen aldearekin amaitu zuten. Azkeneko aldiz, 2021. urtean amaitu zen Euskotren liga estu: Arraun Lagunak-ek eta Oriok puntu kopuru berarekin amaitu zuten liga. Hori bai, donostiarrek zazpi bandera eskuratu zituzten; oriotarrek, bost.
«Esango nuke oraintxe interesgarriagoa dela emakumezkoen liga gizonezkoena baino
»
ITZIAR OLASAGASTI Orioko arraunlari ohia
Aurtengo lehia onuragarria dela uste dute Itziar Olasagasti eta Eli Pescador arraunlari ohiek; Orion aritua da Olasagasti, eta eta Arraun Lagunak-en Pescador. «Arraunlari guztioi gustatuko litzaiguke bizitzan behin denboraldi batean dena irabaztea; esango nuke denen ametsa dela. Eta bat izan beharrean bi, hiru edo lau izango balira, hobeto», esan du Pescadorrek. Antzeko iritzia du Olasagastik ere.
Hori bai, Pescadorrek ulertzen du lehiari dagokionez «politagoa» dela talde gehiagoren artean jokatzea: «Ikusleak ere gehiago harrapatzen ditu, eta, agian, kirolaren osasunerako ere hobea da». Are gehiago esan du Olasagastik: «Esango nuke oraintxe interesgarriagoa dela emakumezkoen liga gizonezkoena baino; gizonezkoenean puntuen arteko aldea handiagoa da». Pescadorrek azaldu duenez, «aurten hiru taldek irabazi dituzte banderak; eta sailkapenean ere, puntuen tartea txikiagoa da».
«
Beste urteetan geratu izan da talderen bat nabarmen atzean, baina aurten dena dago erabakitzeko
»
ELI PESCADOR Arraun Lagunak-eko arraunlari ohia
Aurreikuspenak egitera ausartu dira: «Arraun Lagunak-ek goian mantentzeko gaitasuna du, eta horrela gertatuko da», adierazi du ziur bertako arraunlari izandakoak. Orioko estropadan egindako bosgarren postuari buelta emango diotela uste du: «Joan den asteburuko estropadak itzelak izan dira horretarako».
Olasagasti ere jakitun dago abantaila dutela donostiarrek, baina aurten gorabeheratsuago ikusten ditu. «Iaz, Arraun Lagunak-ek estropada oso on bat egin edo on bat egin, berdin irabazten zuen; aurten, dena ondo egin behar dute guztiek». Orioren larunbateko estropada jarri du horren adibide, baita donostiarren Orioko estropada ere.
Larunbateko estropadaren ondoren, horiek zuri-urdinek baino lau puntu gutxiago dituzte. Olasagastik zaila ikusten du liga irabaztea: «Oriori kostako zaio larunbatean galdutako puntuak errekuperatzea, baina jokatzeko dituzten eremuak ikusita, iruditzen zait aukera badaukatela». Itsasoan arituko direla eta, bi arraunlari ohiek posible ikusten dute Tolosaldeak Euskotren ligako beste bandera bat irabaztea.
Beheko dantza
Sailkapeneko beheko postuetan ere parekatuta daude. Olasagastik horixe nabarmendu du: «Goialdera begiratu ohi dugu, baina behealdean ere izugarrizko saltsa dago». Ados daude bi arraunlari ohiak: «Bost ontziren artean dantza handia dago: ia denek egin dute laugarrenak edo azkenak». Honakoa erantsi du Pescadorrek: «Beste urteetan jada hasieratik geratu izan da talderen bat nabarmen atzean, baina aurten dena dago erabakitzeko».
Sei estropada geratzen dira oraindik; horietako bi Galizian izango dira, eta beste bi, Zarautzen. Oroitu dute Galiziako estropadetara joateko egin beharreko bidaia luzea taldean egoteko aukera paregabea dela, baina gogorra ere badela.
Pescadorrek nabarmendu du hori kontuan hartu behar dutela prestatzaileek: «Ondo neurtu behar dute entrenamendu bakoitza noiz egin, noiz deskantsatu, gero estropadan kalterik eragin ez dezan». Olasagastiri gustatuko litzaioke liga erabaki gabe itzultzea Galiziatik, hau da, puntu tarte txikiarekin itzultzea, bai goialdean eta baita behealdean ere.
Aurten Euskotren liga ez da Zarauzko estropadarekin amaituko. Begiz jota edukitzen dute estropada hori arraunlari askok: «Azken urteetan hori irabazi duenak irabazi du gero ligako koroa. Aurten ez da horrela izango». Bota du apustua Olasagastik.