Erdialdekoak jomugan

Etxetik kanpo partida bakar bat ere ez du irabazi Osasunak sasoi honetan, baina aukera polita dauka gaur

Iruñea
2009ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
2008ko apirilaz geroztik etxetik kanpo partidarik irabazi gabe dago Osasuna, eta bolada negargarri horri amaiera emateko aukera dute nafarrek gaur, Santanderren (Espainia). Sardineroko lehia une gozoan iritsiko zaie, gainera. Bigarren itzulia hasiz geroztik Real Madrilek soilik batu ditu Osasunak baino puntu gehiago, eta azken bost partidetan hiru irabazi eta bi berdindu dituzte Jose Antonio Camachok entrenatzen dituen jokalariek. Racingek, berriz, arazoak izan ditu azken boladan bere zelaian. Azaroaren 28az geroztik ez dute Ligako norgehiagokarik irabazi etxean. Gainera, Nikola Zigic eta Ezequiel Garay Racing taldeko izarrak zigortuta daude, eta dena Osasunaren alde dagoela dirudi.

Behingoz etxetik kanpo irabaztea lortuz gero, sailkapenaren erdiko taldeak gertu ikusiko dituzte gorritxoek, eta Racing bera ere urduri utziko lukete: Santanderkoak sailkapeneko hamaikagarren postuan daude orain, baina Osasunak baino bost puntu gehiago besterik ez dute. Gaurkoa, beraz, zalantzarik gabe, oso partida garrantzitsua da Osasunarentzat. Bolada onean jarraitu nahi dute nafarrek.

Sailkapenean Getafe, Almeria, Sporting, Betis eta Recreativo daude Racing eta Osasunaren tartean. Sardineron irabaziz gero, Betisi, Recreativori eta Sportingi sailkapenean aurre hartzeko modua izan dezakete gorritxoek. Getafe eta Almeria ere gertu geratuko dira, lortzen duten emaitza lortzen dutela ere, eta Racing bera bi puntura utziko luke Osasunak. Zalantzarik gabe, aurrerapauso itzela litzateke gaur irabaztea, eta argi daukate jokalariek: «Orain bi aste UEFA Kopaz hitz egiten ari ziren Santanderren, baina horrelakoa da futbola. Gure aurka galtzen badute, gurekin lehian sartuko dira, bi puntura soilik izango baititugu», esan zuen asteazkenean Cesar Azpilikuetak. Orain gutxi arte Numantzia, Osasuna, Mallorca eta Espanyolen arteko lehia zirudien jaitsiera saihesteko borrokak, baina sailkapena asko estutu da azken jardunaldietan, eta ia mailari eutsita zeudela uste zuten talde batzuk postu arriskutsuetara gertura daitezke. Talde horiei guztiei eraso egitea da Osasunaren asmoa. Erasoa balekoa izateko aukera bakarra dagok: irabaztea. Gainera, ezin da ahaztu datorren astean Sporting etorriko dela Nafarroako Erresumara.

Asmoa irabaztea da, noski. Baina lehiaren zailtasuna azpimarratu zuen atzo Camachok: «Oso ona izango litzateke irabaztea, baina Racing ondo landutako taldea da, eta ez da partida erraza izango». Entrenatzaileak gogorarazi zuen «denbora asko» daramatela etxean irabazi gabe. «Eta Zigic eta Garay zigortuta egotea ez da albiste ona eurentzat. Baina etxean jokatzen dute». Camachok esan zuenez, egoera «erraz eta erosoan» zegoen Racing orain gutxi arte. «Baina badakite galduz gero larri ibil daitezkeela, eta estu hartuko gaituzte, seguru».

Aldaketarik ez hamaikakoan

Iragan asteburuan Numantziaren aurka hasieratik aritu ziren hamaika jokalarien aldeko apustua egingo du Camachok gaur arratsaldean ere. Sergio osatu da, eta deialdian sartu zuen atzo Camachok. Baina espainiarrak ordezkoen aulkian hasiko du norgehiagoka, Krutxagak bikain jokatu baitu azken bi norgehiagoketan. Etxaide utzi du deialditik kanpo, eta aukeratutako jokalari zerrendan berritasun bakarra dago: Portillo eseriko da gaur ordezkoen aulkian Dadyren ordez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.