Ineos taldeko txirrindularia

Oscar Rodriguez: «Eroriko bakoitzak geroz eta zaharragoa zarela erakusten dizu»

Urtezahar egunean eroriko larria izan zuen Rodriguezek, eta erabat zapuztu zitzaizkion sasoi honetarako zituen asmoak. Azkar osatu da, baina gogorra izan da bidea: «Komunera joate hutsa odisea bat zen». Datorren astean itzuliko da lehiara.

Oscar Rodriguez. IDOIA ZABALETA / FOKU
Oscar Rodriguez. IDOIA ZABALETA / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko apirilaren 24a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hizkera alaiz bada ere, azken hilabeteetan sufrikarioa bizi izan duela kontatu du Oscar Rodriguezek (Burlata, Nafarroa, 1995). Iazko abenduaren 31n bizikletatik erori, eta ospitaleratu egin behar izan zuten; hautsiak zituen aldaka eta izterrezurraren burua. Ezbeharrak «ziurgabetasun handia» sortu dio, hurrengo denboraldiari begira batik bat. Izan ere, amaitzear da Ineosekin duen kontratua, eta, lesioen ondorioz, lau hilabete eman ditu lehiatu gabe. Ezbeharrak, dena den, ez omen dio arrastorik utzi. «Izua barruraino sartzen bazaizu, akabo».

Ospitalean hasi zenuen urtea, aldaka eta femurraren burua apurtuta. Nola gertatu zen istripua?

2025eko azken entrenamendua egitera atera nintzen, beste edozein egun bezalakoa izango zelakoan. Urtezahar gaueko afarian ari nintzen pentsatzen. Bada, biribilgune batean hartxintxar asko zegoen, eta erori egin nintzen. Ez nindoan bereziki azkar: konputagailuan orduko 36 kilometro jartzen zuen. Baina errepideko bizikletan zoazenean, hartxintxarra izotzaren parekoa da. Lurrera zoaz, eta ez dago beste aukerarik.

Momentuan bertan jabetu zinen lesioen larritasunaz?

Ez neukan min handirik, baina ezin nintzen mugitu, eta horrek larritu egin ninduen. Gainera, hanka okertuta neukan. Mugitzen saiatu nintzen, eta orduan bai, sekulako oinazea sentitu nuen. Urko Berraderekin nengoenez [Kern Pharma taldeko txirrindularia], hura arduratu zen anbulantzia deitzeaz. Biharamunean ebakuntza egin zidaten; beraz, urte berria ebakuntza gelan hasi nuen.

Nola zaude orain?

Ongi nago. Entrenatzen hasia naiz, eta gogorrena orain dator: sasoia berreskuratzea. Azkenean, denbora asko igaro dut mugitu ezinda, soilik besoak landuz. Oraindik mina sentitzen dut, eta herren egiten dut batzuetan, baina uste dut hilabeteen joanean nire onera itzuliko naizela. Traumatologoak esan dit normala dela oraindik mina izatea.

Hasieran guztiz geldi egon zinela esan duzu. Zenbat denbora igaro zenuen horrela? Eta zer izan da gogorrena hilabete hauetan?

Erabat geldi, hilabete eta erdi inguru pasatu nuen. Gero arrabolean hasi nintzen, gorputza mugitzen hasteko intentzioz. Eta kalera hiru asteren ondoren irten nintzen. Buruz sufritu dut gehien. Gorputza minduta daukat oraindik, baina min fisikoa jasangarriagoa da. Ziurgabetasun handia sortu dit egoera honek. Eta, era berean, gogorra izan da ezertarako gai ez nintzela sentitzea. Komunera joate hutsa odisea bat zen.

Mentalki, nola egin diozu aurre egoerari?

Arreta beste gauza batzuetan jarrita. Eta ingurukoen babesa ere funtsezkoa izan da. Lehen asteetan bisita ugari izan nuen. Sinestezina izan zen. Gogoan dut egun batean ospitaleko gela jendez gainezka zegoela, eta erizainek ez zutela mugitzeko ia tokirik. Gehiegizkoa eta guzti iruditu zitzaidan. Halako tropel baten babesarekin, errazagoa da dena.

«Buruz sufritu dut gehien. Gorputza minduta daukat oraindik, baina min fisikoa jasangarriagoa da»

Frankfurteko Klasikoan hasiko duzu denboraldia, maiatzaren lehenean. Azkar osatu zara, prozesuaren hasieran finkatutako epeak aintzat hartu ezkero?

Bai. Medikuak esan didanez, pertsona arrunt batek baja askoz ere luzeagoa izango luke nik izan ditudan lesioekin. Baina nire taldean, adibidez, mirariak ikusi izan ditut; adibidez, sinestezina da Egan Bernal punta-puntan ibiltzea, izandako istripuaren ondoren. Eliteko kirolaria izanik, uste dut epe normalen barruan nagoela. Areago, Alpeetako Itzulian edo Romandian itzultzeko itxaropena eduki nuen hasieran. Antza denez, baikorregia nintzen.

2023an kontusio larria izan zenuen giltzurrun batean, Italiako Giroan erorita. Ezbehar hura oraingoa baino are okerragoa izan zen, ezta?

Bai, giltzurruna galtzeko arriskuan izan bainintzen. Gernuan odola isurtzen nuen. Oso egoera larria zen. Bi astez egon nintzen ospitalean Italian, eta egunean 45 minutuko bi bisita izan nitzakeen. Beraz, izututa eta bakarrik nengoen.

Bada, hiru hilabete geroago dortsala jarrita zenbiltzan berriro.

Hala da: Limousingo Itzulian bueltatu nintzen, eta bigarren postua lortu nuen etapa nagusian. Txirrindulariak beste kasta batekoak ote garen? Auskalo. Azkenean, hiru hilabetez egon nintzen geldi, eta abantaila da abuztura fresko iristea. Gainera, nire kasa altuerako egonaldi bat egin nuen lehiara itzuli aurretik. Azkar eta ongi osatu nintzen.

Ikasgairik ekarri dizute erorikoek?

Ezin daiteke askorik ikasi erorikoetatik. Hori bai, eroriko bakoitzak geroz eta zaharragoa zarela erakusten dizu, urteek aurrera egin ahala min handiagoa hartzen baituzu. Beraz, ikasgaia zera izan daiteke: bizikleta gainean ezin dezakedala jada txorakeriarik egin. Profesional izan arte, nire taldeetan inork ez zuen sekula hausturarik eduki. Haatik, gauzak bestelakoak dira orain. Atzean geratu dira malabarismoak egiteko garaiak.

Eta buruan arrastoa utzi dizute erorikoek? Hau da, beldurra sentitzen duzu egoera jakin batzuetan?

Hasieran bakarrik; gero, ahaztu egiten zara beldurraz. Behar bezala lehiatzen jarraitu nahi baduzu, ez dago beste aukerarik. Izua barruraino sartzen bazaizu, akabo.

Zazpi urte daramatzazu World Tour mailan. Pozik zaude orain arte osatu duzun ibilbidearekin?

Bai, pozik eta harro sentitzen naiz. Txirrindulari gutxik esan dezakete Astana, Movistar eta Ineos bezalako goi mailako taldeetan aritu direla. Ineosen oso ongi aritu nintzen lehen urtean, 2024an. Ordea, maila hori ezin izan dut berreskuratu. Aurten nire onera itzultzeko helburua neukan, eta abenduan oso indartsu sentitzen nintzen, harik eta erorikoa izan nuen arte.

«Erori berritan zalantzak izan nituen, baina nire ibilbide profesionala beste zenbait urtez luzatu nahiko nuke»

Zure inguruan espektatiba handiak sortu ziren 2018ko Vueltan lortu zenuen etapa garaipenaren ondorioz. Gerora, motz geratu zara?

Espektatibak ez dira bete, hori horrela da. Dena den, txirrindularitza bestelakoa zen orduan. Pandemiaren ondoren iraultza izan zen alor askotan, eta lasterketak askoz ere azkarragoak dira orain. Horrek kalte egin digu argalak eta arinak garen txirrindularioi. Emaitza onak lortu ditut, baina ezin izan dut beste garaipenik lortu.

Ineosekin duzun kontratua denboraldi bukaeran amaituko zaizu. Asko zaildu zaizkizu gauzak erorikoaren ondorioz?

Bai, oztopo handia da. Funtsezkoa zen aurten indar betean aritzea, eta lehen hilabeteetarako oso plan polita neukan; besteak beste, Kataluniako Voltan eta Euskal Herriko Itzulian lehiatu behar nuen. Dena aldrebestu egin zait, ordea. Zaila izango da Ineosen tokia egitea, taldea punta-puntan baitabil aurten.

31 urte beteko dituzu laster. Zure ibilbidea zer fasetan dago? Eta zer urrats egin nahiko zenuke hurrena?

Ez dakit zehazki zer fasetan nagoen, baina jakitun nago taldeko txirrindularirik zaharrenetako bat naizela. Lauzpabost besterik ez daude ni baino zaharragoak direnak. Gaur egungo ziklismoaren isla da. Mendian laguntzaile baliagarria izan naiteke, eta aurrera begira, hor dago nire tokia. Erori berritan zalantzak izan nituen, baina nire ibilbide profesionala beste zenbait urtez luzatu nahiko nuke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA