Erraz itxura eman dio

Lewis Hamiltonek bosgarren aldiz irabazi du Munduko 1 Formula Txapelketa; nagusitasunez gailendu da, denboraldia amaitzeko oraindik bi lasterketa falta direla

Lewis Hamilton, garaipenaren keinua egiten, herenegun, Mexikoko Sari Nagusia amaitu berritan. MIGUEL SIERRA / EFE.
Laurentzi Garmendia
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Juan Manuel Fangioren parean jarri da Lewis Hamilton, bosgarrenez Munduko 1 Formula Txapelketa irabazita. Hala, Sebastian Vettelekin (Ferrari) zeukan berdinketa hautsi, eta egungo gidari arrakastatsuena bilakatu da. Lehendik bazituen errekor batzuk, tartean Ayrton Sennak iaz arte zuen pole kopuruarena, baina bosgarren tituluak balio handiagoa dauka.

Lehenik eta behin, egungo marka asko ezin dira lehengoekin alderatu. Izan ere, 1 Formula sasoiak gero eta lasterketa gehiago ditu: aurtengoak, adibidez, 21, eta lehen txapelketak, 1950ekoak, zazpi bakarrik. Sennak 65 pole lortu zituenenean hamasei proba jokatzen ziren. Puntuaketa sistemak ere aldaketa nabariak izan ditu: lehen, bederatzi puntu balio zuen garaipenak, eta orain, 25. Beraz, lasterketa kopuruarekin zerikusia duten errekor asko modu artifizialean gainditu dira.

Baina tituluek ez dute aitzakiarik. Lehen eta orain beharrezkoa da gizaki-makina erlazioa onenera eramatea gainerakoak gainditzeko. Erlazio hori urte osoan neurtzen da, azken epaia amaieran ematen baita. Horretan berriro lezioa eman dute Mercedesek eta Hamiltonek. Kosta egiten da gogoratzea denboraldia oso bestela hasi zela. Izan ere, Vettelek irabazi zituen lehen bi lasterketak. Oso urrun gelditzen da oroitzapen hori, eta oso present haren azken istripu eta istiluak. Hamiltonen azken ukitua, berriz, bigarren proban izan zen, Bahrainen.

Hamilton heldu egin da azken urteotan. Lehen, kanpo faktoreek eragin egiten zuten haren errendimenduan, eta, horregatik, trakets hasi zuen 2016. urtea. Gerora, egoera irauli bazuen ere, ez zuen lortu Nico Rosbergekiko alde osoa jatea. Ordutik, bestelako sendotasuna erakusten ari da. Turbo garaiko lehen hiru denboraldietan lehia Mercedeseko gidarien artekoa zen soilik, eta ez zegoen gainerako taldeen mailari buruzko kezkarik. Mercedesek markatzen zuen erritmoa, eta haien abantaila hainbestekoa zen, non gorabeherak ez ziren nabaritzen. Azken bi urteetan, ordea, Ferrari agertu da txapelketari emozioa jartzeko, eta Mercedesek behin baino gehiagotan jarraitzaile rola hartu behar izan du, jarraitua izan ordez.

Iaz neurri batean, eta aurten gehiago, Ferrarik urte hasieran zuen maila kontuan hartuta, Mercedes-Hamilton erlazioak bere onena eman behar izan du. Denboraldiaren lehen erdian euren tokia bilatu behar izan dute, eta bigarrenean kolpea eman. Kolpe hori emateko, Hamiltonek ez die uko egin 1 Formulatik at dituen beste afizio eta helburuei. Bere arropa marka propioa atera du, eta hura zabalduz dabil mundu osoan. Bere izar bizitza gustuko du, eta argi erakutsi du ez duela horri muzin egin beharrik 1 Formulan garaitzeko.

Sekulako denboraldia

Erraz irabazi izanaren sentipena zabaldu du Hamiltonek. Max Verstappenen (Red Bull) ikusgarritasunik gabe, baina akatsik gabe gidatuz, sekulako denboraldia osatu du. Mexiko aurreko bederatzi lasterketetan ez zen podiumetik jaitsi, eta gehietan garaile izan da. Ezin da ahaztu, hala ere, Valtteri Bottasek (Mercedes) Errusian garaipena oparitu ziola, urteko orban bakanetakoa dena. Ez zen beharrezkoa, eta zor hori du taldeak finlandiarrarekin. Titulua lortuta, zor hori are handiagoa da. Baina Bottasen kasua ekarrita, ezin da aipatu gabe utzi finlandiarrak ez duela irabazi aurten, eta pole bakarra lortu duela. Hamiltonek bederatzi garaipen eta zortzi pole ditu.

Asko aldatu dira gauzak Fangioren eta Hamiltonen artean. Argentinarrak zazpi urtez hartu zuen parte 1 Formulan, non denboraldi bakoitzak sei edo zazpi lasterketa bakarrik zituen, eta Indianapolisko 500 Miliak txapelketako parte ziren, nahiz eta ez zuten punturik banatzen. Fangiok bost aldiz irabazi zuen titulua, eta beste bi denboralditan bigarren egin zuen. Zaila da haren eraginkortasuna berdintzea, eta batek daki noraino iritsiko ote zen debuta lehenago egin izan balu—ia 40 urte zituela hasi zen—. Oraingoz, tarte baterako badago Hamilton, oraindik jarraitzeko asmoa erakutsi baitu. Galdera, beraz, honakoa da: salbu al daude Michael Schumacherren zazpi tituluak? Bi falta zaizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.