Real Madril 4. Tottenham 0

Erraztasun gehiegi

Real Madrilek laugarren minuturako sartu du lehen gola, eta hamar jokalariren kontra aritu da 14. minututik

enekoitz telleria sarriegi
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Real Madril. Casillas, Sergio Ramos, Pepe, Carvalho, Marcelo, Khedira (Lass, 60. min.), Xabi Alonso, Di Maria (Kaka, 76. min.), Oezil, Cristiano Ronaldo eta Adebayor (Higuain, 74. min.).

Tottenham. Gomes, Corluka (Bassong, 79. min.), Gallas, Dawson, Ekotto, Sandro, Modric, Jenas, Bale, Van den Vaart (De Foe, 46. min.) eta Crouch.

Golak. 1-0. Adebayorrek (4. min.). 2-0. Adebayorrek (56. min.). 3-0. Di Mariak (71. min.). 4-0. Cristiano Ronaldok (

Epailea. Felix Brych (Alemania). Txartel horiak Real Madrileko Adebayorri eta Peperi, Tottenhameko Van den Vaarti eta De Foeri. Txartel gorria Totthenhameko Crouchi (bi txartel hori).

Bestelakoak. Txapeldunen Ligako final-laurdenetako joaneko partida. Betekada Madrilgo Santiago Bernabeu futbol zelaian.

Real Madril Txapeldunen Ligako finalerdietan izango da. Zazpi urte zeramatzan final-laurdenik jokatu gabe eta jokatu dituen egunean finalerdietarako urratsa egin du ia. Jokoz kontrarioa baino gehiago izan zelako atzo, baina kontrarioak espero zenik eman ez zuelako ere bai atzo. Zalantzak sortzerako kitatu zituen Real Madrilek, sortu zitzaizkionetan kontrarioak erakutsi ziolako bidea.

Aldez aurreko guztietan zegoen esana: Real Madrilek oso bizi hasten dituela partidak eta Tottenhamek lehen 20 minutuetan jasotzen dituela gol gehien. Zerbaitengatik zegoen aldez aurreko guztietan hori esanda, horixe gertatu baitzen. Tottenham iratzarri zenerako gola sartuta zeukan Real Madrilek eta jokalari bat gutxiagorekin ari zen. 15 minutuan gertatu zen dena. Adebayorren gola lehenengo: buruz, korner jaurtiketa batean. Peter Crouchen burugabekeria ondoren: sarrera gogor antzeko bat Sergio Ramosi, jada txartel bat zeukala jakinda. Bigarren txartela merezi zuen edo ez, epaileak txartel horiak ateratzeko erraztasun gehitxo izan ote zuen edo, beste eztabaida baterako gaiak dira. Kontuak kontu, konturatzerako jarri zitzaion partida aldats gora Tottenhami.

Atzean sartuta ari ziren erabat ingelesak ordurako. Balek sortzen zuen arrisku zipriztinen bat uneka, baina kontrarioa estutzeko modukorik inoiz ez. Partida alde zuen unean hasi zen, ordea, Real Madril asmatu ezinda. Kanporaketa erabakita utzi beharraren utzi beharraz galdu egin zuen freskotasuna. Ez zen jada horren erasokor eta ongi ari, eta mamuren bat edo beste hasi zen agertzen Santiago Bernabeu zelaian, partida nola zegoen ikusita emaitza kaskarra iruditzen zitzaielako hura gehienei. Eta sentsazio horrekin joan ziren madrildarrak aldageletara eta sentsazio horrekin bueltatu ziren aldageletatik, Adebayorrek bigarren gola sartu zuen arte. Han apurtu zen dena. Real Madril lotuta zeukan soka bai, eta Tottenhamen itxaropen apurra ere bai.

Talde bakarra aritu zen hortik aurrera jokoan. Aukera bata bestearekin atzetik, eta Tottenham erauntsiari eutsi nahian, nola edo hala. Di Mariaren gol ikusgarriak eta Cristiano Ronaldok azken unean sartutakoak utzi zuten dena erabakita (4-0).

Schalkek irabazi Interri (2-5)

Atzo jokatutako beste kanporaketan ere izan ziren golak, baina partida erabat ezberdina izan zen hura. Nahasia eta gorabehera askokoa. Berdinduta bukatu zen lehen zatia (2-2). Ordurako bazen ezustekoa Schalkek etxetik kanpora eta egungo txapeldunaren kontra bi gol sartu izana, baina bigarren zatian eman zuen oraindik ezusteko handiagoa beste hiru gol sartuta. Matip, Edu eta Raul izan ziren Schalkeko golegileak, eta Stankovicek eta Militok sartu zituzten Interrenak.

Final-laurdenetako joaneko beste bi partidak gaur jokatuko dira (20:45). Bartzelonak Xakhtar Donetsken kontra jokatuko du, eta Chelseak Mancheste Uniteden kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.