Alaves 1-2 Real Madril

Erraztasun gehiegi

Alavesek itxura lehiakorra eman du Real Madrilen aurka, baina esku hutsik gelditu da. Oinarrizko okerrak egin ditu bigarren zatian

Real Madrilgo Casemiro, Alaveseko Burkeri baloia kentzen, atzo, Mendizorrotzan. JUANAN RUIZ / EFE.
enaut agirrebengoa
Gasteiz
2019ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 1-0 Ramosek (51. min). 1-1 Lucasek, penaltiz (64. min). 1-2 Carvajalek (69. min). Epailea. Cuadra Fernandez. Txartel horiak Alaveseko Vidali, Pinari, Lucasi eta Duarteri; eta Real Madrileko Modrici, Ramosi eta Militaori. Bestelakoak. 19.153 ikusle Mendizorrotzan.

Oraintxe, gauza asko egin behar dira Real Madrilen aurka saria lortzeko. Zidaneren taldea indarberritu egin da azken lehietan, eta hezur oso gogorra bihurtu. Perfekziotik gertu jardutera behartzen ditu aurkariak; akatsen bat eginez gero, akabo. Bada, horixe gertatu zitzaion atzo Alavesi, Mendizorrotzan jokatu zen norgehiagokan. Oro har, ondo lehiatu zen, diziplina eta kemena uztarturik, baina sendotasuna falta izan zitzaion une jakin batzuetan. Erdiraketak defendatzen maisuak izanagatik, arabarrei goikako jokaldietan sartu zizkieten bi golak. Hots, erraztasun gehiegi eman zituzten gauza onerako.

Asier Garitanok 4-4-2ko sistema berrezarri zuen, Ipuruan bestelako aukerak jorratu ondoren. Oreka lortzea zen helburua, betiere eraiste lanak lehenetsita. Alaves ohiko talde borrokalari eta deserosoa izan zen, bere zelaian harresia eraikita. Jokaldi batzuetan sei jokalari aritu ziren atzeko lerroan, eta beste lau haien aurretik. Hasierako plana ahalik eta gehien eustea zen, Real Madrilen pazientzia amaitu eta halako batean espainiarrak ezustean harrapatzeko zain. Estrategia hori behar bezala garatu zuten iragan sasoiko garaipen historikoan, baina atzo, ez. Izan ere, lehen zatian tinko eutsi arren, bigarrengoan hauskorregiak izan ziren.

Gasteiztarrek unerik txarrenetan egin zuten kale. Lehen gola atsedenetik itzuli eta bost minutu eskasera sartu zieten, Kroosek eskuin hegaletik ateratako falta batean. Ramosek aurrea hartu zion Ximori, eta Pachecok ezin izan zuen ezer egin atzelariaren burukada gelditzeko. Gero, Ramosek berak penalti inozoa egin zuen, besoarekin Joselu jota. Lucas Perezek ez zuen hutsik egin Areolaren aurrean, 66. minutuan. Neurketa berdinduta, zailena egina zuen Alavesek; haatik, banakoa sartu eta hiru minutura, beste hanka sartze bat egin zuen defentsan; orduan ere, aurkariaren erdiraketa bat tarteko. Isco Martini gailendu zitzaion area txikian, eta haren errematea Pachecok gelditu arren, aldaratzea Carvajalek jaso zuen, ateko zuloan, eta1-2koa egin. Alavesek deuseztatu egin zuen Real Madrilen barruko jokoa, baina hobekien dakiena egitea ahaztu zitzaion.

Azken orduko erauntsia

Edonola ere, harro egoteko moduko lehia jokatu zuten Asier Garitanoren jokalariek. Golak modu mingarrian jaso zituzten, baina, hala eta guztiz ere, ez zuten amore eman. 0-1ekoaren ostean, berehalakoa izan zen erantzuna, eta kanpokoen arean egindako bonbardaketak saria ekarri zien azkenean. Goraipatzekoa izan zen arabarrek gidoiz aldatzeko izan zuten gaitasuna, ordura arte beren zelaian gotortuta egon baitziren. Hori bai, banakoa egin eta gero, ez zuten beste martxa bat sartzeko aukerarik izan, berehala iritsi baitzen Carvajalen gola. Kolpe horretatik ere altxatu zen, baina gehiago kostatu zitzaion. Real Madril jabetza luzeagoak izaten hasi zen, eta hoztu egin zen neurketa. Eguraldiak ere eragina izan zuen, euria goian-behean egin baitzuen bigarren zati osoan.

Bada, arauzko denbora betetzear zela, erauntsia izan zen Real Madrilen arean, baina orduan euria ez, baloiak erori ziren zerutik. Izan ere, Alavesek bost korner izan zituen elkarren segidan. Hirugarrengoan, erremate indartsua egin zuen Lucasek, baina oztopatu egin zion Marcelok; eta azkenekoan, binakoa egitear izan zen Manu Garcia, buruz. Askori iazko irudiak berrituko zizkion une horrek, baina Areolak eldarniotik atera zituen zaleak. Azken hatsera arte saiatu zen Alaves; alferrik, ordea. Ahalegin aldetik, ezin dakioke ezer leporatu; aitzitik, garesti ordaindu zituen defentsan egindako akats larriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.