Gipuzkoako Acabe elkarteko koordinatzaile teknikoa da Yolanda Iglesias psikologoa; laguntza ematen diete anorexia, bulimia eta bestelako elikadura nahasmenduak dituztenei eta haien senideei. Eta argi esan du: «Kirolean zailagoa da elikadura nahasmendua identifikatzea, portaera batzuk diziplina moduan normalizatzen baitira askotan». Gaiaren inguruan hausnartu du.
Zer harreman dago kirolaren eta elikadura nahasmenduen artean? Zein dira datuak?
Kirola egitea osasuntsua da, hori argi utzi nahi dut. Baina errendimenduarekin obsesionatzea eta itxuraren inguruko presioa gatazkatsuak eta arriskutsuak bihurtu daitezke, eragina izan dezaketelako zure gorputzarekin duzun harremanean, eta elikadura nahasmendua sor daitekeelako. Ikerketen arabera, bost atletetatik batek ditu arrisku portaerak, hau da, %15ek-20k. Bizpahiru aldiz arrisku handiagoa dute. Gainera, kirol mota batzuetan prebalentzia handiagoa da: kirol estetikoetan, adibidez. Buru osasunari garrantzia eman behar zaio.
Kirolean, sarri, errendimenduan soilik jartzen da fokua. Zer eragin du horrek?
Bikaintasun atletikoaren tranpa dago hor, eta zenbait kontu normalizatzen dira. Normalizatuta dago muturreraino exijitzea, perfekzionismoa bilatzea. Eta kanpo presioak ere jokabide patologikoak normalizatzen ditu batzuetan. Simone Biles gimnasta estatubatuarrak esan zuen errendimenduak zentzua galtzen duela osasuna sakrifikatzen denean, eta hala da. Kirola ona da, baina errendimenduak eta osasunak eskutik joan behar dute.
Zer sintoma edo portaera eragiten dituzte elikadura nahasmenduek?
Elikadura nahasmenduak ez dira bat-batean garatzen, prozesu baten ondorio dira. Zenbait portaera normalizatzea arriskutsua da: modu desordenatuan jatea, otorduak saltatzea... baita ariketa fisikoa modu konpultsiboan egitea ere, adibidez, edota adierazitakoa baino gehiago entrenatzea min hartuta edo nekatuta egonda ere, atseden hartzeko zailtasunak izatea... Bestetik, pisuarekin eta baskularekin obsesionatuta egotea... Halakoetan garrantzitsua da behatzea. Gainera, kirolean zailagoa da elikadura nahasmendua identifikatzea, portaera batzuk diziplina moduan normalizatzen baitira askotan. Kirolean tolerantzia handia dago muturreko exijentziarekiko. Ondorio larriak ditu, baina ezkutatuta dago.
Inguruak eta presio sozialak pisu handia dute?
Hainbat dira arriskua areagotzen duten faktoreak. Adibidez, halako mezuak: ‘Irabazteko sufritu egin behar da’, ‘ez entzun zeure buruari, segi apur bat gehiago’, ‘mina prozesuaren parte da’. Halako mezuak motibaziotzat jotzen dira, eta errua eta kontrola areagotu ditzakete. Kirolean esfortzua eta diziplina funtsezko balioak dira, baina sarri errendimendua ongizatearen gainetik jartzen da. Lehen argaltasuna edertasunarekin bakarrik lotzen zen, eta orain, baita osasunarekin ere. Eta hori ez da horrela. Kirolean askotariko gorputzek izan behar dute lekua. Ezaguna egin zen Paula Leiton waterpoloko jokalariaren kasua. Urrezko domina lortu zuen Parisko Olinpiar Jokoetan, eta jende ugarik kritikatu zuen gorpuzkeragatik. Bestalde, sare sozialetan eta taldekideen artean alderaketak egin ohi dituzte etengabe, eta horrek ere kalte egiten du. Horrez gain, arrisku faktore indibidualak ere badaude.
Adibidez, zeintzuk?
Besteak beste, oso perfekzionista eta autoexijentea izatea. Perfekzionista izatea ez da txarra, baina, ez badituzu akatsak onartzen, errazagoa da konpentsatzeko portaerak izatea. Batzuek, berriz, emozioak identifikatzeko eta adierazteko zailtasunak dituzte, eta, beraz, gorputzaren bidez kanporatzen dituzte. Autoestimua errendimenduan osoki oinarritzea ere arriskutsua da. Edo joera obsesiboak izatea. Badaude zera uste duten kirolariak, atzera egingo dutela atseden hartzen badute, edo gutxiago janda hobeto arituko direla, edo minak haien konpromisoa islatzen duela. Batzuek uste dute beren balioa beren errendimenduaren araberakoa dela; errendimendua eta norberaren balioa nahasten direnean, arriskua areagotu egiten da.
«Normalizatuta dago muturreraino exijitzea, perfekzionismoa bilatzea. Kanpoko presioak ere jokabide patologikoak normalizatzen ditu batzuetan»
Aipatu duzu arriskua handiagoa dela kirol estetikoetan. Zer kiroletan dago arrisku handien?
Kirol estetikoetan —adibidez, gimnastika, patinajea, dantza eta abar—, pisuak eragina izan dezakeen iraupen eta indar kiroletan —atletismoa, txirrindularitza, arrauna—, eta kategoriak pisuaren arabera banatzen diren kiroletan —boxeoan, esaterako—. Gimnastikak du prebalentzia handiena: %41,5. Besteak beste itxurak eta arropek eragina dute. Gainera, datuek diote emakume gehiagok dituztela elikadura nahasmenduak.
Zergatik?
Presio estetikoa eta perfekzionismoa ohikoagoak direlako emakumezkoetan, gizartean gertatzen den bezala. Hala ere, gizonezkoei maiz ez zaizkie diagnostikatzen elikadura nahasmenduak. Nik ezagutu ditudan kasu larrienak gizonezkoenak dira. Askotan arazo fisikoak edo bestelakoak dituztela uste da, eta ez da ondo artatzen. Gainera, kontsulta gutxiago egiten dira. Elikadura nahasmendua edonork izan dezake.
Zer ondorio ditu horrek?
Ondorio fisikoak eta psikologikoak ditu. Antsietatea eta obsesioa, depresioa eta autoestimu baxua, bakartzea... Askotan azken horren bidez atzeman dira kasuak. Izan ere, elikadura nahasmendua duten guztiek ez dute zertan pisu baxua izan, osasun arazo larriak izan arren. Askotan perfekzionismoa eta autoexijentzia ere areagotu egiten dira, errua sentitzen dute... Kirolarekin izandako harremanak babes izateari uzten dio, eta zama bihurtzen da. Eta arazo fisikoak, zer esanik ez. Muskulu masa murrizten da, eta energia faltak eragina du indarrean eta errekuperazioan; hezur hausturak eta lesioak izaten dituzte, amenorrea eta desoreka hormonalak...
Kirolean elikadura nahasmenduaz ez da asko hitz egiten. Ezkutatu egiten da?
Bai, eta oso garrantzitsua da kirolaren eta elikadura nahasmenduaren inguruan hitz egitea. Kirolariek, berez, higadura fisiko handia izaten dute. Eta elikadura nahasmenduren bat badute, ondorio fisikoak larriagoak dira. Adibidez, arrisku handiagoa dute hezur hausturak izateko, edo amenorrea izateko. Ohikoa da emakume kirolari askok amenorrea izatea, eta ez zaio garrantzi askorik ematen. Hilekoaren gorabeherek ondorioak izaten dituzte luze gabe, baina bizitza osorako kalteak eta hezurretako arazoak ere eragin ditzake. Inportantea da lehenbailehen esku hartzea. Elikadura arazo asko normalizatu egiten dira. Bestalde, geroz eta ohikoagoa da kirola sarriago egitea, baina ez plazeragatik, baizik eta konpentsazio gisa.
Zer erreminta daude elikadura nahasmendua prebenitzeko? Nola egin aurre horri?
Inportantea da errendimenduaz harago behatzea. Ikustea zer harreman duen janariarekin, zer-nolako autoestimua duen, epaitu gabe entzutea, aldaketa fisiko eta emozionalak aztertzea, baita jokaera aldaketak ere. Kirolari profesionalak badira, entrenatzailearen, psikologoaren, nutrizionistaren eta medikuaren artean koordinatuta aritu behar dute, eta modu integralean egin behar dute lan. Entrenatzailearen hitzek eragina dute, eta aintzat hartu behar da hori. Beharrezkoa da kirolariak babesteko giro bat sortzea, eta praktika kaltegarriak normalizatzeari utzi behar zaio.