ERRENDIMENDUAREN ETA OSASUNAREN PARTE

Oraindik «guztiz normalizatuta» ez dagoen arren, kirolarien prestakuntzan gero eta garrantzi handiagoa du arlo psikologikoak, asko baitira goi errendimenduan kudeatu beharrekoak: presioa, espektatibak, lesioak, errendimendua... Amaia Ramirezek eta Alba Teruelek gaia aztertu dute.

JON URBE / FOKU.
ainara arratibel gascon
Lasarte-Oria
2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Alba Teruel txirrindulariak eta Amaia Ramirez kirol psikologoak 2020. urtean ezagutu zuten elkar. Ramirez Movistar taldean zegoen, eta Teruel hartan ari zen korritzen. Teruel bolada zailean zegoen, eta, Ramirezen laguntzaz, erremintak lantzen eta eskuratzen hasi zen goi errendimenduko kirolari baten egunerokoak eragiten dituen egoerak kudeatzeko. Horri esker, orain oso bestelakoa da egoera: «Amaiaren laguntza funtsezkoa izan da nik goi errendimenduko kirolean jarraitzeko», dio Teruelek. Ramirezek ere asko ikasi du Teruelengandik, eta honela definitu ditu beregana jotzen duten kirolariak: «Pertsona zoragarriak dira, oso perfekzionistak, anbizio onak eta balio handiak dituztenak. Eta, batzuetan, oso bakarrik daude. Normalean online egiten dituzte saioak, baina, Teruel Euskal Herrian dela baliatuz, elkartu egin dira.

Kirol munduan, buruko osasunaren gaia tabua da oraindik ere, nahiz eta aurrerapausoak izan diren? Zuen ustez, zergatik da hala?

ALBA TERUEL: Nik uste dut jende gehiena ahalegintzen dela gauza politak, onak, erakusten. Ez bakarrik kirolariak. Uste duzu hori dela jendeak ikusi nahi duena. Gaizki bazaude edo egon bazara, ez duzu egiten. Iruditzen zaizu horrek ez duela interesik. Baina kontrakoa da. Erakutsita, zure egoera berean dagoen jendeari lagundu diezaiokezu. Oso garrantzitsua da buruko osasuna ikusgarri egitea. Taldean, gero eta gehiago hitz egiten dugu gai horretaz, naturaltasun handiagoz, gainera. Izan ere, denek ditugu arazoak.

AMAIA RAMIREZ: Nik ez nuke esango tabua denik, egunero lan egiten baitugu horren inguruan kirolariekin. Baina ez, ez dago guztiz normalizatua. Kirolari bat etortzen zaizunean, harekin lanean hasten zarenean, zama bikoitza du. Batetik, gaizki dago, bolada txarra pasatzen ari da; eta, bestetik, badaki horrek eragina duela bere errendimenduan, eta, horrenbestez, bere kontratuan, titular izatean... Normalizatu egin beharra dago, batez ere goi errendimenduko kirolean.

Emakume kirolariek naturaltasun handiagoz hitz egiten dute gai horri buruz?

RAMIREZ: Ez nuke jakingo esaten. Argi dago profesionalizazioak eragina duela. Izan ere, baldintza onak baldin badituzu, lasaiago egoten zara. Eta ez duzu hainbesteko arriskua buruko osasuneko arazoak izateko.

Nola hasi zineten elkarrekin lanean? Nola gogoratzen duzue lehen saioa?

TERUEL: 2020an, Movistar taldean nenbilen, eta Amaia taldean sartu zen, kirol psikologo moduan. Taldean aukera eman ziguten harekin lan egiteko. Ni bolada zaila pasatzen ari nintzen. Lehenengo saioan, bosgarren minuturako, negarrez nengoen, eta hala atera nintzen handik. Baina neure buruari esan nion: «Beste aukera bat eman beharko diot»[barrez]. Hiru urteren ondoren, hemen nago oraindik ere, eta esan dezaket haren laguntza funtsezkoa izan dela nik goi errendimenduko kirolean segitu ahal izateko.

RAMIREZ: Alba, agian, ez da gogoratuko. Bakoitzaren oroitzapenak diferenteak izaten dira eta. Baina nik haren hanka dut gogoan batez ere. Sasoiaurrea zen, eta min handia zeukan. Ezin zion egoera hari bueltan eman. Baina min hura entrenamenduetan integratuz lan egin genuen, eta ikusi genuen buru osasuneko arazo baten abisua izan zitekeela. Beraz, jasangarriak ziren min mailez hitz egiten hasi ginen, horiek lantzen, modu osasungarrian entrenatu ahal izateko.

Zer deritzozue hiru urte hauetan egindakoari? Zer ikasi duzue lan horretatik?

TERUEL: Nik esan dezaket egoera zail eta estresagarri bat gainditu nuela horri esker. Hurrengo sasoirako ez nuen kontraturik. Azkenean, Bizkaia Durangok fitxatu ninduen. Psikologikoki, oso urte gogorra izan zen, aldaketa handia baitzen. Munduko lasterketarik onenetan lehiatzeari utzi, eta beste egoera batera pasatzen zara.Horretara egokitu behar duzu, eta ez dakizu ondo nola kudeatu. Iaz Laboral Kutxak fitxatu ninduen, eta uste dut nuen maila berreskuratu dezakedala. Bi urterako kontratua dut orain, eta motibazioa beste bat da.

RAMIREZ: Nik beti esaten dut lanean ezagutzen ditudan kirolariek asko erakusten didatela. Asko ikasten dut haiengandik. Albak, adibidez, lanean sinesten erakutsi dit. Bolada zailak egon dira, baina beti izan dugu buruan nahi genuen helburu hori. Beraz, pasatu ditugun ataka zail horiek, sufrimendu horrek, balioa izatea lortu dugu. Ez dugu sufrimendu hori areagotu, aurrera begirako ikuspegi hori izan dugulako. Azken batean, merezi zuen helburu bat geneukan, lortu nahi genuena.

Txirrindulariak hara eta hona ibiltzen zaretela kontuan hartuta, nola egin dituzue saioak?

TERUEL: Movistar utzi nuenetik, online egin ditugu ia gehienak, bideo deien bidez. Egia esan, oso ondo moldatu gara, nahiz eta egia den aurrez aurrekoak ere beti ematen dizula beste zerbait. Tarteka saiatzen gara halakoak egiten.

RAMIREZ: Ni aspalditik nago ohituta bideo deien bidez lan egitera, kirolariak beti dabiltzalako hara eta hona. Baina, ahal den guztietan, beti da polita eta komenigarria aurrez aurreko saioak egitea. Alde horretatik, pandemiak ez du aldaketa handirik ekarri, psikologia klinikoan gertatu den moduan.

Laboral Kutxan baduzue psikologo propiorik?

TERUEL: Integratzeko asmoa dute, baina, oraingoz, ez dago halakorik. Geure kabuz lantzen dugu arlo hori. Ni 2020a baino lehen ere ari nintzen prestakuntza psikologikoa lantzen. Baina, Amaiarekin hasi nintzenetik, gehiago. Izugarri gustatzen zait haren metodologia. Bolada txarrak eta onak daude, baina horiek kudeatzeko erremintak eskuratzen ari naiz, eta hori da garrantzitsuena.

Gero eta klub gehiagok dute kirol psikologoa, baina, aldi berean, kirolariek beren kabuz ere lantzen dute arlo hori, psikologo propioaren bidez. Erraza da hori integratzea, Amaia?

RAMIREZ: Nik uste dut integra daitezkeela bi gauzak, baina kirol arloan aurrerapauso bat eman beharra daukagu psikologoaren figuraren iragazkortasunean. Izan ere, egon daiteke psikologo bat entrenatzaile multzoarekin lanean, eta hori beharrezkoa da. Haren lana izango da talde horretan dauden kirolariek izan behar dituzten estres eta psikologia kargak diseinatzea eta gainbegiratzea, lehiarako trebeziak garatu ditzaten. Entrenatzaileentzat funtsezkoa izango da hori, oso lagungarria, karga horiek ondo kudea ditzaten. Baina, bestalde, kirolariarekin propio lan egiten duen psikologo bat ere egon daiteke, bakoitzaren beharretara egokitzeko. Pixkanaka, integrazioa gertatzen ari da bien artean.

Baina klubek zer nahi dute horrekin: kirolariaren ongizatea bermatu edo kirol emaitza onak eskuratu?

RAMIREZ: Arlo pribatuan lan egiten dudanean, niregana etortzen diren kirolariak bi arrazoiengatik etortzen dira: errendimendua hobetu nahi dutelako, edo ondoez psikologiko bat dagoelako jada. Txirrindularitza arloan, adibidez, elikadurari lotutako nahasmendu asko izaten dira. Txirrindulariek arrisku handia izaten dute halako nahasmenduak izateko, kirolak dituen ezaugarriengatik. Baina kirolariek, askotan, hori ezkutatu egiten diete klubei. Ez diete hain erraz esaten. Izan ere, orkatilan mina baduzu, zaindu egingo zaituzte. Halako egoera batean zaudela esaten badiezu, ordea, agian ez dizute kontratua berrituko. Beraz, kirol munduan buruko osasunaz hitz egiten dugunean, ikuspegi integral batetik egin behar dugu, eta, horren barruan, klubek eta zuzendaritzek ulertu behar dute kirolarien buruko osasuna zaintzea haien osasun fisikoa zaintzea bezain garrantzitsua dela. Elkar hartuta daude. Izan ere, goi errendimenduko kirolari izateak berak egituraz dakar buru osasuneko arazoak izateko arriskua, etengabe ebaluatuak baitira, etengabe estutzen dituzte. Klubak zenbat eta lehenago konturatu arrisku horretaz, eta zenbat gehiago integratu ikuspegi integral hori, kirolarien ongizatea hobea izango da, eta emaitzak ere bai. Klubek naturaltasunez hitz egin behar dute gaiaz. Izan ere, guregana jotzen duten kirolariak pertsona zoragarriak dira, oso perfekzionistak, anbizio onak eta balio handiak dituztenak. Baina batzuetan oso bakarrik daude.

TERUEL: Txirrindularitzaren inguruan dioena hala da. Erresistentzia kirol bat da, eta halako kiroletan lotura estua egin izan da pisuaren eta errendimenduaren artean. Baina ez da beti horrela, eta arazo bat dago horrekin. Eta bat nator Amaiak estutzeari buruz esandakoarekin. Gainera, kanpotik jasotzen duzun presioa ez ezik, hor dago zeure buruari jartzen diozuna ere. Zure helburua betetzen ez duzunean, gaizki sentitzen zara, eta buruari bueltaka hasten zara arrazoiak topatu nahirik. Hori kudeatzeko erremintak izan behar ditugu. Nik, esan bezala, oso barneratua dut arlo psikologikoa nire prestakuntzaren parte dela, atsedena eta elikadura zaintzea bezainbeste.

Eta integrazioa eta transbertsalitate hori nola lantzen dira kirolariaren prestakuntzaren barruan dauden beste profesionalekin: entrenatzailearekin, fisioterapeutarekin, prestatzaile fisikoarekin, nutrizionistarekin...?

RAMIREZ: Gero eta naturaltasun handiagoarekin. Zorionez, integrazio hori erreala da. Albarekin lanean hasi nintzenean, adibidez, asko hitz egin nuen haren biomekanikariarekin. Harekin batera, Albari estres handiena eragingo zizkioten egoerak aurreikusi, eta horiei nola aurre egin lantzen genuen. Lan transbertsal hori gero eta ohikoagoa da.

TERUEL: Gure inguruan dauden beste profesionalek ere baduteintegrazioaren eta transbertsalitate horren garrantziaren berri, eta ez dago erresistentziarik. Elkarlana erabatekoa da.

Entrenatzaileek asko izan behar dute psikologotik ere, ezta?

TERUEL: Dudarik gabe. Izan ere, batetik, garrantzitsua da zer esaten dizuten, baina, bestetik, baita nola esaten dizuten ere. Eta azken hori garrantzitsuagoa da batzuetan. Nahiz eta, bi kasuetan, zuk nola hartzen duzun den erabakigarriena. Baina entrenatzaile batzuek mesede egiten dute, eta beste batzuek, aldiz, kalte. Halakoetan, zuk erabaki behar duzu harekin jarraitu nahi duzun.

RAMIREZ: Nik, kirolariekin ez ezik, entrenatzaileekin ere lan egiten dut. Eta nik argi daukat talde kiroletan jokalarien ongizatearen eta errendimenduaren portzentaje handi bat haien esku dagoela. Haien erabakiek, jarrerek, mezuek eta komunikatzeko moduek asko baldintzatzen dute kirolariaren jarduna. Funtsezkoa da entrenatzaileek ere psikologoekin lan egitea, hori ondo kudeatzeko. Izan ere, ez dute zertan jakin. Ikasketa prozesu bat da hori ere. Elkarlana funtsezkoa da klubaren, entrenatzailearen eta psikologoaren artean, taldearen helburua oinarri hartuta. Guk bigarren planoan egiten dugu lan, ezer inposatu gabe. Taldearen emaitzetan modu osasungarrian laguntzea, hori da gure helburua.

TERUEL: Dudarik gabe. Eta horri gehitu behar zaio haiek ere presio handia dutela. Izan ere, haiek gu estutzen gaituzten moduan, beste batzuek haiek estutzen dituzte goragotik. Eta guk ulertzen dugu hori ere.

Entrenatzaile batek, psikologikoki, kirolari batek baino presio handiagoa edo txikiagoa du?

RAMIREZ: Handiagoa edo txikiagoa izan, presioa da, eta kudeatzen jakin behar da. Goi mailako kirolean beti izaten da hori.

Eta, gero, kanpotik ere iristen dira presioak eta kritikak. Nola aurre egin horiei?

RAMIREZ: Dudarik gabe. Kirol munduaren barruan, baita hedabideen bidez ere, gero eta gehiago zabaltzen ari da buruko osasuna zaintzearen garrantzia. Mezua aldekoa da. Baina, gero, hor daude sare sozialak. Hortik zabaltzen diren mezuak oso kaltegarriak dira askotan.

TERUEL: Oso erraza da kirolari baten jardunaz hitz egitea, eta sofatik mezu bat idaztea. Baina pertsona hori ez da zure egoeran egon. Ez daki zuk etxean arazoren bat duzun, lesio bat izan eta ezkutatzen ari zaren... Ez daki zenbat lan dagoen zure egunerokoaren atzean. Lasterketetan ikusten gaituzte, baina ez dute ikusten negu osoan zer-nolako lana egiten dugun. Kirolariak pertsonak gara. Niri ez zait gertatu kritika edo mezu gogorrak jasotzea, baina, kirolariren bati gertatzen zaionean, min ematen dit. Sare sozialek ez dute asko laguntzen.

Eta zein da zailagoa eramaten, kirolariak berak bere buruari jartzen dion presioa, edo aipatutako kanpoko hori?

TERUEL: Zalantzarik gabe, lehendabizikoa. Izan ere, kanpotik datorrena erlatibizatu egin dezakezu. Zure esku dago hori, eta ikasi egiten da.

RAMIREZ: Aipatu bezala, goi mailako kirolariak oso perfekzionistak dira, eta hori aldagai bat da presioa eramateko orduan. Perfekzionismoak hobetzen eta borrokan jarraitzen laguntzen badizu, ona da. Baina badago paralizatu, blokeatu egiten zaituen perfekzionismo bat ere. Kasu horretan, egoerei aurre egiteko erabiltzen dituzun estrategiak ez dira mentalki onak, patologikoak dira. Eta arriskua duzu buru osasuneko arazo bat izateko. Adibidez, kirolaria lehiatu nahi ez izatera irits daiteke, horri izkin egitera. Psikologoak perfekzionismo hori eramaten lagundu eta erakutsi behar dio kirolariari: bidelagun izan behar du horretan.

TERUEL: Batzuetan ez da erraza, zuk, perfekzionismo horren barruan, gehiago nahi baituzu, eta psikologoak geratu egiten zaitu. Baina ikasi egin behar duzu, nahiz eta kostatu. Konturatu behar duzu egunero ez duzula nahi duzun xedea lortuko. Mila arrazoi egon daitezke horretarako. Baina ez lortzeagatik ezin zara obsesionatu. Bide horretan, gorputzari entzun behar diozu. Tematzea ez da bidea, okerrago amaituko baituzu.

RAMIREZ: Goi errendimenduan, ez dut kirolari asko ezagutzen min pixka batekin amore ematen duenik. Baina argi izan behar dute 5. edo 6. mailatik gorako minarekin ezin dela lehiatzen jarraitu. Albak dioen moduan, gorputzari entzun behar zaio. Perfekzio edo hobekuntza hori lortzeko bidean ezin da izan gehiegizko entrenamendurik. Nahiz eta gehiegizko entrenamenduak kontrol sentsazioa eman kirolariari. Pixkanaka, aldatzen ari dira gauzak, baina kirol munduan oso errotuta egon da kirolariak dena eman behar duelako ideia, baita no pain no gain eta antzeko esaldiak ere... Askotan, horren gainean eraiki dira entrenamenduak eta lehiako pautak. Zorionez, hori aldatzen ari da.

Alba, aipatu duzu ez dela obsesionatu behar. Zuk ikasi duzu deskonektatzen?

TERUEL: Bai, ikasi dut, eta horretan jarraitzen dut. Kostatu egiten da, baina, bolada txarrak pasatzen dituzunean, ikasi egiten duzu, lehen ikusten ez zenituen gauzez jabetzen baitzara. Ikasi egiten da, eta beharrezkoa da.

Eta aurreikuspen edo espektatibek nola eragiten dute psikologikoki?

TERUEL: Asko. Nik argi dut: zenbat eta arreta handiagoa jarri bidean —eta ez emaitzan—, gauzak hobeto ateratzen dira. Niri, behintzat, hala geratu zait nire kirol ibilbidean.

RAMIREZ: Albak arrazoi du. Prozesuan arreta jartzeak laguntzen du ondo egiten ari zaren gauzei balioa ematen, eta horrek konfiantza handia ematen du. Nahiz eta ez den erraza, azken batean emaitzek baldintzatzen baitute zuk talde batean jarraituko duzun, maila bateko edo besteko kontratua izango duzun... Eta, emakumeen lan baldintzak okerragoak direla kontuan hartuta, eragin handiagoa du horrek. Ezin dugu maila berean hitz egin. Goi errendimenduko emakume kirolariek arrisku handiagoa dute buru osasuneko arazoak izateko, baldintza okerragoak dituzte eta, profesionalizazio falta horrengatik.

TERUEL:Txirrindularitzan hala gertatzen da, eta nabaritzen da. World Tourreko talde batean baldintza batzuk dituzu, eta agian horretaz bizi zaitezke. Baina Kontinental mailan, nahiz eta onenekin lehiatu, ez. Orain ari dira negoziatzen Espainian Kontinental mailako txirrindulariek gutxieneko soldata bat izan dezaten. Eta argi dago horrek presioa sortzen diola kirolariari, beste kezka bat. Izan ere, gainontzean ezingo da horretaz bizi aurrerantzean. Gizonezkoetan, ez dago kezka hori.

Aldarteari dagokionez, nola aurre egin behar dio kirolari batek lesioei?

TERUEL: Ez da erraza, ikusten baituzu ezin zarela lehiatu, baina borrokan jarraitu behar duzula, osatzen eta entrenatzen. Minarekin bizitzen jakin behar duzu batzuetan.

RAMIREZ: Osatzen ari bazara ere oraindik lehengo errendimendua berreskuratu ez duzun aldia, horixe da lesio bat izan ondorengo garairik zailena, estresagarriena. Izan ere, gauzak presaka egin nahi dituzu, eta hor arriskua dago berriz min hartzeko.

TERUEL: Amaiak arrazoi du, horrek dezenteko estresa eragiten du, baina aipatutako arrisku horretaz jabetu beharra dago.

Zer da zailagoa kudeatzen, garaipena edo porrota?

TERUEL: Biei neurria hartu behar zaie, eta oreka eduki. Inguruak asko laguntzen du horretan; bai bolada onetan eta bai zailetan, oinak lurrean izaten laguntzen dizute.

RAMIREZ: Duela gutxi Albarekin landu dut hori, garaipenak eta porrotak ondo, modu orekatuan, kudeatzen jakitea kirolari baten buru osasuna ondo dagoen seinale baita. Kirolariaren egunerokoaren parte dira garaipenak eta porrotak, eta biekin bizitzen ikasi behar du.

Baina kirolariak badu horretarako denborarik? Izan ere, etengabeko zurrunbiloan bizi da. Hori ez al da arazoaren parte bat?

TERUEL: Nik uste dut momentua bizitzen ikasi behar dugula, eta, batez ere, normal eramaten. Betiere jakinda hurrengo egunean beste erronka bat izango duzula. Eta funtsezkoa da deskonektatzen jakitea ere.

RAMIREZ: Uste dut kirolaren parte hori ez dela arazo bat. Lehiak duen errealitate bat da, eta horren jakitun izatea da garrantzitsuena, eta natural bizitzea. Txirrindularitzaren kasuan, itzuli baten balantzea ezin duzu lehen egunean egin baldin eta lau egunekoa bada. Bestalde, funtsezkoa da helburuak izatea, errutinak. Horrek izan behar du lanaren oinarria. Zer datorren jakiteak psikologikoki, mentalki, zentratzen laguntzen dizu, eta estres egoeretan pentsamenduak zurrunbilo ez bilakatzen. Kirolariekin, errutina horien arabera lan egiten dugu. Lehia aurrekoak, bitartekoak eta ondorengoak izaten dira. Horrek arreta jartzen laguntzen die kirolariei.

Harrobian ere hasi behar da buruko osasuna zaintzen?

TERUEL: Dudarik gabe. Niri ez zitzaidan tokatu. Ni neure kabuz hasi nintzen txirrindularitzan, gustuko nuelako. Inork ez zidan inposatu, eta ez zizkidaten emaitzak eskatu. Baina inguruan ezagutu ditut kontrako kasuak, eta oso gogorra da txikitatik presio horrekin bizitzea. Profesional aurreko urteetan presioa handia izaten da.

RAMIREZ: Argi dago haur edo nerabe baten nortasuna eta egunerokoa ezin direla eraiki baloi baten atzetik edo bizikleta baten gainean. Ez, behintzat, horren gainean bakarrik. Umea, nerabea, pertsona da, eta hor du bere benetako balioa. Balioa ez dio kirolari izateak ematen. Horretan, garrantzi handia daukate gurasoek eta entrenatzaileek. Haien jarrerak eta espektatibek. Harrobiko teknikariek argi izan behar dute haien funtziorik garrantzitsuena heztea dela, eta hezteak esan nahi du ume horren garapen orokorrari begiratzea. Hau da, aipatu bezala, haren nortasunaren garapenak kirolari izatetik harago joan behar du. Klubek, gurasoek eta entrenatzaileek elkarrekin aritu behar dute bide horretan. Nik beti defendatu dut klubetan guraso eskolak egotea, asko lagunduko bailuke haurren garapen integral horretan, eta elkarlanean.

Amaia, diferente egiten duzue lan kirola bakarkakoa izan edo taldekoa izan?

RAMIREZ: Kirol batzuetan arriskua handiagoa da, batez ere, aipatu bezala, pisuarekin zerikusia dutenetan, elikadura nahasmenduak sortzen baitira. Igeriketa ere oso gogorra da. Bakarrik entrenatzen dira, marra bat dutela gidari, erlojuaren presioa dute... Etengabe ebaluatuak diren kirolariak zaurgarriagoak dira. Bi helburu ditugu guk: kirolariari errendimendua hobetzen laguntzea, mentalki osasungarria den modu batean. Buruko osasuneko arazoak izateko arriskua txikitzen du horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.