Euskal Herriko Itzulia. IRITZIA

Errezeta onena? Tea eztiarekin

Pello Bilbao.
2016ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Lehenik eta behin, besarkada bero bat bidali nahiko nieke Ion eta Gorka Izagirreri. Joan den larunbatean egon nintzen Ionekin, Lizarran, kontrola pasatzeko gunean, eta berari ere esan nion oso indartsu ikusten nuela. Pena handia izan da hasi aurretik lasterketatik kanpo geratu izana, baina iritsiko dira aukera gehiago ere, eta animo biei. Euren baimenarekin, aste honetan nire sentsazioen berri emango dizuet txoko honetan.

Euria, eguzkia, hotza... Denetik izan dugu bigarren etapan, eta horrelakoetan txirrindulariok izaten ditugun komeriak azaldu nahiko nizkizueke. Leihotik begira bizi gara gu, eta egunean lauzpabost aldiz begiratzen dugu www.eltiempo.es webguneak iragartzen duena, txarra denetan zer edo zer aldatuko den itxaropenarekin. Esnatu, gortina zabaldu, eta lurra bustita dagoen begiratu. Hori izaten da goizeroko lehen lana. Eta, egia esan, Euskal Herriko Itzuliak ez dauka fama onegirik tropelean. Ibilbideari eguraldi txarra gehituta, leher eginda amaitzen dugu denok.

Gosaltzera jaitsi, eta beste ezer ez da entzuten. Eguraldi kontuak beti. Guretzat oso lasterketa berezia da Itzulia, etxekoa delako eta aukera zoragarria delako. Baina beste hainbat probatan, euria ari duenean, autobusetik jaisteko gogorik ere ez da izaten askotan. Eguraldia aukeratzerik ez dago, hala ere, eta besoko luzeak, euritako txalekoak, eskularruak, babes berezia daukaten kaskoak... den-denak behar izan ditugu hotzari eta euriari aurre egiteko. Hori bai, etapa hasiera gogorra zenez, lehen igoeran poltsikoan sartuta eraman dugu euritakoa, egosteko arrisku handia egoten delako bestela. Txirrindulariok asko sufritzen dugu horrelakoetan, eta sarritan ikusten da jendea putz eta putz, hasterako egosita, ezinean.

Hainbeste arroparekin, jateko eta edateko arazoak izaten ditugu askotan, eta txakalaldiak izateko arrisku latza izaten da horrelakoetan. Erremedio ona izaten dugu, hala ere, eskura: ur bidoien ordez, tea ezti pila batekin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.