ELKARRIZKETA PAREA. Patxi Frances. Zumaiako entrenatzailea

«Erronka zailetan hazi egin ohi dira gure arraunlariak; lehiakor gaude»

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
2016ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Esan zuen Patxi Francesek (Donostia, 1958) bere taldea, Zumaia, bizirik zegoela Portugaletek hamar punturen aldea ateratzen zionean ere, San Miguel ligan jarraitzeko lehian. Arrazoi zuen, eta lehia betean sartu da haren taldea.

Zer moduz dago taldea bi astean lehiatu gabe egon eta gero?

Oso motibatuta, baina beti egon da horrela. Hasieratik genekien zein izango zen gure borroka.

Hobera egin al du zure taldeak azken estropadetan?

Bai, baina lehen ere ondo zebilen trainerua, oso denbora onak eginez. Gertatzen zen beste taldeak oso azkar zebiltzala, eta kontu txikiek sekulako kaltea egin zigutela. Saiatu gara kontu txiki horiek hobetzen. Azken hiru denboraldi hauetan, Zumaian nagoenetik, horretan ari gara, egunero hobekuntzak eginez, entrenamendu bakoitzean gora eginez. Lan teknikoa horretara bideratua dugu.

Bost puntu ateratzen dizkizue Portugaletek, eta sei estropada falta dira. Zumaiak San Miguel ligan jarraituko al du?

Estropadaz estropada joan behar dugu. Hasieratik genekien zaila izango zela helburua lortzea, eta, hori ikusita, gure arraunlariak hazi egiten dira. Badakigu oso zail daukagula, eta ezin dugu hutsik egin. Baina estropada guztietan aterako gara borrokatzera.

Lotsagabea izan da Zumaia azken estropadetan; jarrera horrekin jarraituko du?

Bai, bai. Beti esan izan dut gure arraunlariak lotsagabeak eta ausartak direla. Zumaiako estropadan erakutsi genuen hiru luzetan gai garela goikoekin lehiatzeko, eta ea laugarren luzean era eusteko gai garen. Faktura pasatzen digu azkeneko luzeak, eta arrazoia da arraunlari gazte asko ditugula; batzuek bi denboraldi daramatzate maila honetan arraunean. Esperientzia falta da, baina, aldi berean, lehiaketa bera ari zaie ematen esperientzia arraunlariei.

Lau estropada jarraian itsasoan dituzue orain. Mesede egingo dio Zumaiari?

Ez dut uste. Erakutsi genuen Pasaian, bost ziabogako estropadan, gai garela ondo ibiltzeko ibaian ere. Ez zen gure ezaugarrientzako estropada onena, indarra eta potentzia ez delako gure bereizgarri onena, baina lan bikaina egin zuen taldeak.

Azken bi estropadak Portugaleten dira, eremu bihurrian.

Ni arraunlari nintzenean, bi egunetara jokatzen zen han, eta egun batean kale onetik eta bestean txarretik joaten ginen, nolabaiteko berdintasuna bermatzeko. Guri, aurten, Portugaletek bi zartako handi eman dizkigu, eta biak itsasoan. Donostian eta Getxon, gu kale txarrenetik joan ginen, eta Portugalete eremuko beste muturretik. Pentsatzen dugu eremu jatorragoetan aldeak ez direla ibaietako eremuan bezain handiak izango, eta, gero, begira zer gertatzen den. Portugaleten, ezin zara kaletik kalera nahi bezala ibili, ez dagoelako lekurik, baina ona dauka bide galtzeak txikiagoak direla. Guk Donostian eta Getxon gure kale txarrari ihes egiteko sekulako metro pila egin genituen, eta hor jo zigun kolpea Portugaletek. Hau arrauna da, eta badakigu horrela dela. Ez nau kezkatzen.

Nolako Portugalete azalduko da asteburu honetan?

Landuko zituen gauzak bi aste hauetan. Hanka sartuko dugu aurkari erraza dela pentsatzen badugu. Gure lana ondo eginez irabazi beharko diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.