Mendi lasterketak

Erronkarako prest 1.189 mendi lasterkari

Asteburu honetan izango da Ehunmiliak proba. Hiru egunetan hiru lasterketa abiatuko dira Beasaindik: Ehunmiliak ultra-traila, Goierriko Bi Handiak eta Marimurumendi maratoia.

Ostiral arratsaldean abiatuko da Ehumilak ultra-traila. IñAKI GURRUTXAGA, GOIERRIKO HITZA
2017ko uztailaren 5a
17:48
Entzun

Zortzigarrena izango da aurtengo Beasaingo Ehunmiliak lasterketa. Mikel Valdivielso Ehunmilietako zuzendari teknikoak BERRIAri esan bezala "kirola baino gehiago da Ehunmiliak proba". Sekula baino parte hartzaile gehiago izango dira aurtengo lasterketan: hain zuzen ere, 1.189. Urterik urte geroz eta sona handiagoa hartzen ari da lasterketa, eta marka guztiak hautsi ditu aurtengoan. Hamasei herrialdetako korrikalariek hartuko dute parte, eta hainbat herrialdetako kazetariak ere izango dira Beasainen. Guztira, 1.500 boluntario ibiliko dira lanean hiru lasterketak egin ahal izateko. 

Ostiralean, arratsaldeko seietan, hasiko da Ehunmiliak ultratraila. 409 lasterkari abiatuko dira Beasaingo Loinazko San Martin plazatik Usurbe mendian gora. Guztira, 168 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik, eta 48 ordu izango dituzte helmugara iristeko.

Gaueko hamaiketan, berriz, Goierriko Bi Handiak (G2H) lasterketa abiatuko da. Asteburuko momenturik berezienetako bat izaten da G2H lasterketaren irteera. Argi guztiak itzalita daudelarik, txalaparta eta dantzarien agurraren ondoren, musikaz lagundurik 515 mendi lasterkari abiatuko baitira kale nagusian behera. 88 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute helmugara iritsi aurretik. 

Igandean, berriz, Marimurumendi mendi maratoiaren txanda izango da. Hiru lasterketetan berriena da, hirugarrengoz egingo baitute aurten. Guztira, 265 parte hartzaile izango dira, eta, asteburua borobiltzeko, 42 kilometroko ibilbidea izango dute aurretik. Hiru probetan laburrena bada ere, intentsitate oso handiko lasterketa da igandekoa.   

Faboritoak

Ehunmiliak lasterketaren kasuan iazko bi irabazleak dira aurten ere faboritoak, Javi Dominguez, hiru aldiz garaile izandakoa, eta Silvia Trigueros. Horrek ez du esan nahi, ordea, jada lasterketa irabazia dutenik, lehiakide paregabeak izango baitituzte aurrean. Besteak beste, Jon Aizpuru, Ion Azpiroz, Elena Calvillo eta Jone Urkizu. 

Faboritoetan aldaketak izan dira G2H proban. Gizonezkoen kasuan, Daniel Agirre iazko irabazleak aukera handia du berriro irabazteko, nahiz eta Mikel Etxeberria, Adur Mendizabal eta Iker Zurutuza ere faboritoen zerrendan dauden. Emakumezkoetan, berriz, iazko podiumekoetatik Aitziber Osinalde soilik arituko da.

Igandeko lasterketan, Iñaki Uribe-Etxebarria, Alex Bautista, Andrea Garai eta Laida Elizegi daude faboritoenen artean. Hala ere, horrelako distantzian, sorpresak izateko aukera are handiagoa da.

FITXA TEKNIKOAK

Ehunmiliak

Distantzia: 168 km.

Desnibel positiboa: 11.000 m.

Partaideak: Gizonezkoak 389. Emakumezkoak 20.

Lasterketa ikusteko leku interesgarriak: Beasain, Mandubia (Beasain), Urretxu-Zumarraga, Azpeitia, Larraitz, Lizarrausti, Etzegarate, San Adrian kobazuloa, Mutilo.

Goierriko Bi Handiak

Distantzia: 88 km.

Desnibel positiboa: 6.500 m.

Partaideak: Gizonezkoak 478. Emakumezkoak 37.

Lasterketa ikusteko leku interesgarriak: Beasain, Oiangu (Ordizia), Zaldibia, Larraitz, Lizarrausti, Etzegarate, San Adrian kobazuloa, Mutilo.

Marimurumendi

Distantzia: 42 km.

Desnibel positiboa: 2.300 m.

Partaideak: Gizonezkoak 208. Emakumezkoak 57.

Lasterketa ikusteko leku interesgarriak: Beasain, Agorta (Usurbe mendia, Beasain), Kizkitza (Itsaso), Atxurtza, Arriaran (Beasain).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.