ERRUGBIA. Eskarmentua baliatu behar du

Miarritzek Frantziako Maila Nagusiko finalera sartzeko beharra du, Bourgoin menderatuta, gaur

KOLDO ALDUNTZIN - BAIONA
2005eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Ekainaren 11n ditu jarriak begiak eta asmoak Miarritzek, astebete barru jokatuko baita Frantziako Maila Nagusiko finala, parisen. 2002an lortu zuten miarriztarrek finalean aritzea, eta baita irabazi ere Agenen aurka. 2003an bidean geratu ziren, finalerdia galdu baitzuten Staderen aurka. Iaz ez ziren sailkatu finalerdietarako, eta gaur ukanen dute erronka berriro, Bourgoinen aurka, Tolosako Estadioan (18:00).

Aitzinlarien borroka izugarria espero da gaurko kanporaketan, Bourgoinek jokalari esanguratsuak baititu arlo horretan, besteak beste, Milloud, Peyron, Pape, Raschi eta Bonnaire. Aitzinean, ordea, Frantziako Ligako hiru lerrorik indartsuenak dituen aitzin-multzoa ukanen dute lehia sutsurako prest. Bestalde, Bourgoinek badu dohainik joko osoa egiteko, eta saiatuko da baliatzen. Miarritzek, ordea, jokalari erabakigarriak ditu hiru laurdenetako: Traille, Bidabe, Brusque...Bourgoin ez zen sailkatu Heineken Kopako bigarren faserako eta ligan garaiz lortu zuen txartela. Horregatik, atsedena ukaiteko aukera izan dute jokalariek.Miarritzek, berriz, sasoian zehar egin du jokalarien txandatzea. Beraz, badute antzekotasunik bi taldeek. Horrelako norgehiagoka horietan kalitatea eta zehaztasuna izaten da, eta horietan ondoen asmatzen duenak ditu nagusitzeko aukerak.Garaipenaren gakoetako bat zabaltzaileetan egon daiteke. Miarritzek Yachvili eta Peyrelongue ditu arlo horretarako eta Bourgoinek Mickael Forest eta Boyet. Yachvili sasoian dago, eta taldekideei jokarazteaz gain, zangoko joko zorrotza du, batez ere, jaurtiketetan; hamargarren onena izan da ligan. Bestalde, primerako uztardura lortu du Peyrelonguerekin.

Tolosa, Leicester, Stade eta Wasps dira erreferentzia

Miarritzek aurtengo hiruzpalau partidatan erakutsitako jokoa eginbeharko du Bourgoin menderatzeko: Tolosakoa, 26-25 galdu arren; Leicesterrekoa, 17-21 irabazi zuenekoa edo Miarritzen Staderi irabazi zioenekoa 41-3. Londres-Waspsen aurka ere ongi jokatu zuten miarriztarrek, Aguileran.

Miarritzeko Delmas entrenatzaileak adierazi du ahantzi egin behar dutela Heineken Kopan galdutako finalerdia: «Horrelako une txarrak gainditzen jakin behar dugu eta gaurko finalerdia baliatu une zoragarria bizi ahal izateko».Lagisquetek, berriz, ligako bi partidak ez direla izango benetako erreferentzia nabarmendu du: «Jokalariak aldatu idtugu eta ez da berdina izango. Bestalde, gure seigarren finalerdia da, baina egoera aski desberdina da haiekin alderatuta. Defentsan oinarritu garenean, ez zaigu ongi atera. Beraz, hori baino gehiago egin behar dugu».Laurent Seine da Bourgoineko entrenatzailea, baina heldu den sasoian Castresen ariko da. beraz, zerbait handia eginda utzi nahi du Bourgoin.Harroin internazional ohiak adierazi du taldea orekatua dela lerro guztietan: «Dohain hori oso garrrantzitsua da errugbian. Aintzat hartu behar da kontrarioen jokoa, baina guk gure joko propioa dugu, eta hori baliatu behar dugu Miarritze menderatzeko. Gai gara arriskutsuak izateko kontrarioak espero ez duen leku eta arloetan».Miarritzeren defentsa zorrotza nabarmendu du Seignek, eta kitzikagarria izango dela horren aurka jokatzea. Raschi kapitainak adio esango dio errugbiari, eta finalera helduta utzinahi lukeela esan du. Miarritzeko Guillaume Boussesentzat ere partida berezia izango da, heldu den sasoian Bourgoinen ariko baita, gaurko kontrarioa.Miarritzek 1985ean jokatu zuen azken aldiz Tolosan, ligako bigarren fasea. Final-laurdenetako kanporaketa izan zen, eta lapurrtarrek 13-9 galdu zuten Lourdesen aurka. Lourdesen Berbizierrek jokatu zuen eta Miarritzen Blancok. Bestalde, Miarritzek eta Bourgoinek 1965-1966 sasoian jokatu zuten lehen aldiz, eta jokoan den xapelgoan bezala, nork bere zelaian irabazi egin zuen.

Stade izango da finalean Tolosari 23-18 irabazita

Parisko Stade Françaisek Heineken Kopako ordainekoa eman dio Tolosari, eta Frantziako Maila Nagusiko hirugarren finala jokatuko du erreskadan. Bart jokatu dute finalerdia, eta Stadek 23-18 irabazi dio Tolosari, bi entsegu eginda (Pichot eta De Viliers). Atsedenaldian 10-8 ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.