Duela lau urteko txapelketa irabazita, tituluari eusteko ahalegina egingo du Alemaniak aurtengo Munduko Kopan. Ordea, aurkari gogorrak izango ditu. Faboritoen artean daude, besteak beste, Frantzia, Argentina, Brasil eta Espainia. Azken horrek zeresana eman du egunotan; izan ere, lehiaketa hasi bezperan Julen Lopetegi hautatzailea kargugabetu dute, hark Real Madrileko entrenatzaile kargua hartuko duela jakinarazi ostean.
Alemaniak aurreikuspenak bete eta bigarren txapelketa jarraian irabaziko balu, berriz, halakorik lortzen duen bigarren selekzioa izango litzateke, Brasilekin batera —1958 eta 1962koa irabazi zituen hark—.
Euskal ordezkaritzarik ere izango da Errusiako Munduko Kopan, lau jokalari eta hautatzaile bat zehazki: Espainiako selekzioarekin, Kepa Arrizabalaga ondarroarrra, Alvaro Odriozola donostiarra, eta Natxo Monreal eta Cesar Azpilikueta jokalari iruindarrak; eta Frantziako selekzioarekin, Didier Deschamps teknikari baionarra.
Teknologia berriak
VAR edo bideo epaile laguntzailea erabiliko dute lehen aldiz halako txapelketa batean. Epaileek egin ditzaketen oker larriak zuzentzea du helburu. Ordea, zenbaitek kritikatu dute partidak moteldu ditzakeelako.