Ertzak leundu beharrean

Osasuna erregularrago aritu nahi du Vila-realen zelaian, eta, hala, garaipen lasaigarria lortu. Budimirren bolada ona baliatu behar du: aurrelariak zazpi gol daramatza, eta Kroazia Eurokopan sartu berri du

Mojica
Osasunako Mojica baloiarekin, Las Palmasen aurkako partidan. JESUS DIGES / EFE
enaut agirrebengoa
2023ko azaroaren 26a
05:10
Entzun

Osasuna, orain arte, ez da izan iragan sasoiko talde biribila. Desitxuratu egin da apur bat, eta ertzak agertu zaizkio han eta hemen. Forma ez du guztiz galdu: joko oneko faseak izan ditu hainbat partidatan, eta lau aldiz izan da atea hutsean uzteko gauza. Ez da oinarri txarra. Apain agertu orduko, ordea, trakestu egin dira gorritxoak. Gutxi iraun die lilurak. Piztu bezala itzali dira erasoan, eta golak errazegi egin dizkiete. Jagoba Arrasatek bi aste izan ditu egoera patxadaz aztertu, eta esku hartze egokia egiteko. Bada, gaur ikusiko da arazoak konpondu dituen, Osasunak Vila-realen zelaian jokatuko duen partidan (LaLiga, 14:00).

Nafarrek oraindik ez dute estualdirik izan sailkapenean. Jaisteko postuak urrun antzean ikusi dituzte orain arte. Haatik, gerora larri ez ibiltzeko, iratzarri egin behar dute. Ez dute punturik sobera: hamalau lortu dituzte hamahiru partidatan. Granadaren kontrako garaipena mugarria izan zitekeen, baina ez dute irabazi hurrengo hiru partidetatik bakar bat ere. Galdu egin zuten Betisen eta Gironaren aurka, eta zapore mikatzeko puntua lortu Las Palmasen kontra. Azken berdinketa horri balioa erantsiko liokete gaur irabaziko balute. Vila-realek ere badu premia: hamabi puntu eskas batu ditu orain arte, eta dagoeneko bi aldiz aldatu du teknikaria. Marcelino Garcia Toral aurrenekoz eseriko da gaur Zeramikaren estadioko aulkian, asteazkenean Kopan debuta egin ondoren.

Makal dabilen arren, Vila-realek joa eta kalitatea du aurrean. Gerard Moreno golegilerik onenen pare dabil: zortzi gol sartu ditu orain arte, Griezmannek adina, eta Bellinghamek baino bi gutxiago. Sorlothek sei daramatza, baina norvegiarra min hartuta dago, Yeremi Pino bezala. Halere, Osasunak belarriak tente izan beharko ditu. Atzean erraztasunak ematen jarraitzen badu, oso zaila izango da Vila-real mendean hartzea. Gutxirekin asko egiten diete aurkariek gorritxoei. Erdiraketak defendatu ezinik dabiltza. Zuloa dute arean, baita atean ere: zazpi jaurtiketa egin dizkiete atera azken hiru partidetan, eta denetan baloiak sare barruan bukatu du. Lau partida irabazi dituzte orain arte, eta horietatik hirutan ez diete golik sartu. Horrek izan behar du oinarria.

Vila-real ere makal dabil defentsan. 24 gol dizkiote sartuak, Osasunak baino hiru gehiago. Beste inori baino jaurtiketa gehiago egiten diote: hamasei partidako. Zaurian gatza botatzen saiatuko dira gorritxoak. Ikusteko dago Arrasatek zer plan darabilen aurkariari min egiteko, azken bi partidetan hamaikako berbera erabili eta gero. Mojica atzelari aritu da, eta Ruben Peñak aurrerago jokatu du, eskuinean zein ezkerrean. Biak Vila-realen arituak dira, Moi Gomezen gisara. Erdilariak hasieratik jokatu ditu azken lau neurketak, baina ezin da baztertu haren tokian gaur Moncayolak jokatzea.

Baloiak Budimirri

Aurrean, berriz, zalantza gutxi dago. Izan ere, azkenaldian Budimirrek harreman idilikoa du golekin: zazpi sartu ditu dagoeneko Ligan, eta Kroazia Eurokopan sartu zuen asteartean, Armeniaren aurka partidako gol bakarra eginda. Erdiraketa asko egin ohi du Osasunak, eta, Budimir horren bolada onean egonda, indartu egin behar du joera hori. Ukitzen duen oro urre bihurtzen du kroaziarrak, eta ez area barruan bakarrik; jokaldien eraikuntzan ere ekarpen handia ari da egiten. Osasunaren mehatxu nagusia da.

Vila-realek, berriz, Marcelino du berme. Harekin sendotzera egingo du, ondobidean. Gainera, Athleticeko entrenatzaile ohiak neurria hartua dio Osasunari: iruindarren kontra zuzendu dituen azken sei partidetatik bat bera ere ez du galdu. Gorritxoek lau aldiz irabazi dute bakarrik Vila-realen zelaian, baina azkenaldian ez dira makal aritu: iaz 2-0 galdu arren, 1-2 gailendu ziren aurreko bi aldietan.

VILA-REAL-OSASUNA

Vila-real. Jorgensen; Foyth, Albiol, Cuenca, Pedraza; Akhomach, Parejo, Capoue, Baena; Morales eta Gerard Moreno.

Osasuna. Sergio Herrera; Areso, Catena, David Garcia, Ruben Peña; Torro, Aimar, Moncayola; Chimy Avila, Budimir eta Mojica.

Epailea. De Burgos Bengoetxea.

Lekua. Zeramikaren estadioa (22.000 ikusle).

Ordua. 14:00 (LaLiga).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.