Christopher Froomek (Sky) nahi erara ari da joaten aurtengo Frantziako Tourra. Edo, hobeto esanda, Sky taldeak nahi erara. Atzo, behintzat, bistan geratu zen hori, hamazazpigarren etapan, Pirinioetako bigarrenean. Zalantzarik gabe, britainiarra izan zen indartsuena aldapetan gora, baina beti besteei begira eman zituen pedal kolpeak. Batez ere, Bradley Wiggins (Sky) taldekideari eta liderrari begira. Ihes eginda Alejandro Valverde (Movistar) ibili zen, eta espainiarra harrapatzea eskura izan zuen Froomek. Nahi izanez gero, aurrera egin eta helmugan bertan ere bi besoak altxatuko zituen. Skyko zuzendariak, ordea, ez zion utzi, Wiggins gurpilean eramateko agindu ziolako, eta saririk gabe geratu zen Froome. Gehiago esanda, sariak hark eman zituen: Valverderi etapa, eta Wigginsi Tourra.
Lehia hasi aurretik, jakina zen Wiggins zela Skyren apustu garbiena, eta harentzat ari dira lanean gainontzekoak. Froomek ere ez du beste erremediorik izan egunotan. Urrutira joan gabe, atzo bertan ezin izan zuen eman zeukan guztia, liderraren alboan joan behar izan zuelako. Sailkapen nagusiko bigarren postuarekin konformatu beharko du, ezinbestean. Dena den, Wiggins bera ere ez da gustura egoteko moduan izango. Keinuak eta antzekoak erabiliz, Froomek ez zuen batere dotore jokatu atzo. Taldekidea baino askoz gehiago zela argitara eman zuen une oro, eta erakutsi nahi izan zuen nahiz izanez gero ez daukala aurkaririk. Beraz, Skyren aginduak jarraitu bai, jarraitu zituen, baina ez oso dotore. Wiggins ez zuen toki onean utzi.
Hori bai, Tourraren garaileen zerrendan Wigginsen izena agertuko da historian, eta, azken finean, horrek balio du. Froomen keinuak eta halakoak ez ditu inork gogoratuko, baina bai Wiggins podiumaren gorenera igo zela 2012. urtean. Eta nork daki, akaso Froomek ez du sekula Tourra irabazteko aukerarik izango. Aurten bigarren egingo du, taldekidearen ondoren, eta hirugarren postua Vincenzo Nibalirentzat (Liquigas)izango da. Atzo dezente sufritu zuen, eta onenengandik aparte helmugaratu zen, baina ziurtatuta dauka podiuma. Dena den, ez zuen biribildu taldeak etapan zehar egindako lana —Liquigas tiraka aritu zen—.
Txirrindulari indartsuenekin batera Thibaut Pinot (FDJ) eta Pierre Rolland (Europcar) ibili ziren. Indar eta jarrera erakustaldia eman zuten, ezustean. Jurgen Van den Broeck ere (Lotto) Tour aparta egiten ari da. Txanponaren beste aldean geratu zen Haimar Zubeldia (RadioShack). Eguneko lehen mendatean, Col de Menten, txakalaldia izan zuen, baina ondoren errekuperatu zen. Peyragudesen gora, baina, ez zion gorputzari buelta eman, eta 3.17 minutu galdu zituen helmugan. Sailkapen nagusian bi postu egin zuen atzera, eta zazpigarrena da orain. Cadel Evansek (BMC) ere ez zuen egunik onena izan.
Euskaltel, bikain berriz ere
Egun ona ez, bikaina izan zuena Valverde izan zen. Aspalditik zeukan begiz jota atzoko etapa, eta ez zuen aukera alferrik galdu. Lehen mendatean behera ihes egin zuen beste hainbat txirrindularirekin batera, eta hura izan zen indartsuena. Apurka-apurka murrizten joan zen aurrean zihoazen ziklisten kopurua, eta espainiarrak Port de Balesen erasoa jo zuenean ez zion inork jarraitu. Aurtengo Tourrean ez du zorte handirik izan, baina ederki atera zuen arantza. Azken kilometroetan latz sufritu zuen, Peyragudesen gora batez ere, baina, azkenean, hogei segundoren aldearekin helmugaratu zen. Hori bai, Froomeri eskerrak emateko moduan da, edo Skyri. Izan ere, hark oparitu zion garaipena.
Ihesaldi horretan parte hartu zuen, beste egun batez, Euskaltel-Euskadik. Bezperako nekeak ahaztuta, hiru txirrindulari sartu zituen: Egoi Martinez, Jorge Azanza eta Gorka Izagirre. Azken bi horiek denbora dezente egin zuten aurrean bakarrik, baina aldapak zegokien lekuan jarri zituen. Ezin izan zien jarraitu Valverderen erritmoari. Egoi Martinezek bai, eutsi zion ahal izan zuen bitartean, baina etsi beste erremediorik ez zuen izan. Bigarren joan zen denbora askoan, baina amaieran tropelak irentsi zuen. Dena den, jarrera bikaina erakutsi du talde laranjak Tourrean.
Pirinioak amaituta, etapa lasaia izango du gaur tropelak. 222.5 kilometro osatuko dituzte Blagnac eta Brive la Gaillarde artean. Ihesaldiren batek edo esprintak erabakiko du lehia.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Esanekoa bai, baina...
Froomek eskura eduki du etapa garaipena, baina Wigginsi laguntzen geratu da, eta Valverde gailendu da Peyragudes gaineanHaimar Zubeldiak 3.17 minutu galdu ditu, eta bi postu egin du atzera; zazpigarren dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu