Lagun Arok taldea osatzen segitzen du, eta, baieztapen ofizialaren faltan, eskarmentuaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Manolis Papamakarios eskolta fitxatu du. Grezian jaiotakoa da, eta jokalari zaildua, 31 urte eta denboraldi askok emandako jakituria baititu alde. Papamakarios lehen aldiz irtengo da Greziatik, baina herrialde hartan aintzat hartzeko moduko kirol ibilbidea egin du. Peristeri, Makedonicos, Olympiakos handia eta Panellinios apalagoan azken hiru sasoiak.
Peristerin, gaztetan, bitan jokatu zuen Euroliga, eta Makedonicosekin Eurocup txapelketa. Lan txukuna egin zuen han, eta horrek Olympiakos handiaren ateak ireki zizkion. Jokalari garrantzitsua izan zen Pireoko taldean. 2006ko Euroligako azken laurdenetan 35 minutu jokatu zituen Bartzelonaren aurka, eta Olympiakosen egin zituen hiru denboralditan, ligako hiru finalak jokatu. 2008an Pannelliniosek fitxatu zuen, eta haren lorpenik handiena iaz Gasteizen jokatu zen Eurocupeko Lauko Finala izan da.
Papamakarios ez da izarra, langilea baizik. Haren batez bestekoak ez dira suziriak botatzeko modukoak, baina bai interesgarriak. Ia bederatzi puntu lortu zituen batez beste ligan. Defentsa lanean ere nahiko ondo moldatzen da, eta hori erabakigarria izan da haren aldeko hautua egiteko. Izan ere, jakina da Jimmy Baronek zer hobetu franko duela defentsa lanean oraindik, eta Lander Lasak ere zer ikasi asko, gaztea delako.
Papamakarios lotuta, osatuta geratu da Lagun Aroren kanpoko lerroa. Salgadoren ordezko lanak egingo dituen joko antolatzailea falta da, baina izena badu: Raulzinho Neto. Brasildarrak hitzarmena sinatua bueltatzea falta da, baina ahozko adostasuna lortua dute bi aldeek.
Pibot bat edo bi faltako lituzke Lagun Arok taldea osatzeko, eta horietako bat Peter Lorant izango da ziurrenik. 2,06 metro luze den hegal-pibot hungariarrak azken sasoian Urrezko LEB Ligako Burgos taldean jokatu zuen. Maila onean aritu zen, partidako 11 puntu sartu eta ia sei errebote hartuz. Fisikoki jokalari oso indartsua da.
Nick Calathes eta Satoransky
Gasteizen Donostian baino okerrago daude, oraindik talde erdia falta zaielako, eta egun Baskoniako jokalari diren batzuk ez dutelako agian taldean jarraituko. David Loganen kasua da. Panathinaikosen eskaintza du, baina Baskoniak dirua nahi du libre uztearen truke. Panathinaikosek, ordea, ez du dirurik emango, eta Baskoniak jokalari trukaketa proposatu omen dio. Logan Nick Calathes joko antolatzailearen truke. Irtenbide zaila duen negozioa da, Calathesek beste urtebeteko kontratua duelako eta Panathinaikosek Pat anaia fitxatu duelako. Saskibaloi atari batzuek diotenez, Baskonia Tomas Satoranskyren zelatan ere badabil. Sevillan jokatzen ari da txekiarra, eta nabarmen hobetu zuen jokoa joan den sasoian.
Bilbo Basketi dagokionez, Tomas Hampl txekiarrak taldean jarraitzea erabaki dute teknikariek. Hamplek, dena den, Euroligan bakarrik jokatu ahal izango du, ACB ligan atzerritar postua betetzen baitu.
Eskarmentua, Greziatik
Lagun Arok Manolis Papamakarios eskolta fitxatu du, eta aurki irits daiteke Peter Lorant hegal-pibota
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu