Golak: 0-1: Llorentek (20. min.). 1-1: Raulek (22. min.). 2-1: Raulek (60. min.). 2-2: Llorentek (73. min.). 2-3: De Marcosek (81. min.). 2-4: Muniainek (93. min.). Epailea: Pedro Proença. Txartel horiak: Schalkeko Hoeger, Huchida eta Huntelaarri; Athleticeko Iturraspe, Amorebieta eta Iñigo Perezi. Bestelakoak: 50.000 ikusle Veltins Arenan, tartean Athleticeko mila bat zale.
Gozagarria, gustagarria eta sinatzeko modukoa. Halakoxea izan zen Athleticek atzo Alemanian lortu zuen emaitza, Europako Ligako final-laurdenetako joanekoan. Txukun hasi zuten neurketa zuri-gorriek, oker jarraitu zuten, baina amaitu, ezin hobeto amaitu zuten Schalkeren aurka. Egin zuten jokoak apenas izan zuen distirarik, Manchester Uniteden aurkako jokaldiak tokitan geratu ziren, baina garrantzitsuena emaitza da. Eta emaitza, zoragarria izan zen (2-4). Finalerdietako bidea San Mamesen errematatzea falta bada ere, kanporaketa oso dago bideratuta. Eskatzen hasita, ezin da gehiago eskatu.
Kontuak, dena den, ez ziren ongi hasi. Nahia eta ezina. Halaxe defini daiteke Athleticen lehenengo zatia. Zuri-gorriak aurkariaren lerroak hautsi ezinik aritu ziren, eta sufritu egin zuten. Aspaldi honetan ohituta daude hamar pase jarraian egitera, baina atzo hiru egitea ere kosta egin zitzaien. Egiari zor, zelaiaren egoera tamalgarria zen. Lehenengo minututik igarri zen Athletic ez zegoela bere onenean, eta Schalkek ongi baliatu zuen hori. Berea izan zuen baloia, eta aurreko jokalarien mugikortasunari esker min egin zuen. Huntelaar ez zen geratu ere egin korrika alde batetik bestera, eta Javi Martinezek izan zuen nahikoa lan hari segitzen.
Lehen ordu erdia igarota, apur bat hobera egin zuen Bielsaren taldearen jokoak, eta ezin lasterrago jaso zuen fruitua. Gehien behar zuenean hortxe azaldu zen Llorente, taldekideek eginiko jokaldi eder bati amaiera paregabea emateko. Iraolak De Marcosi, hark Susaetari, eibartarrak Llorenterik eta honek barrura. Ederra. Hori bai, aurkarien atezainaren laguntza politarekin.
Bazirudien kontuak aldatzen hasiko zirela, eta Athletic agintzen hasiko zela, baina bai zera. Gauzak oker doazenean, mirari batekin ere ez dira hobetzen. Minutu bat pasatzerako hortxe azaldu zen futbolak daukan azeririk zaharrena: Raul. Akaso ez da garai batekoa, baina ez zaio ahaztu nola hartu behar zaion aurrea defentsari. Behar zuen momentuan eta tokian hortxe agertu zen, eta eskuin aldetik jasotako erdiraketa bat sareetara bidali zuen. Kontuak hobeto zeudela zirudienean eman zuen kolpea Schalkek, gol psikologikoa eginda.
Atsedenaldira bitarte sufritu egin zuen Athleticek. Asko gainera. Halere, eduki zuen aukera ederra Llorentek bigarrena egiteko, kontraeraso batean. Ordea, nekeak eta azken aldiko lesioek metro bat aurrerago egotea eragotzi zioten. Pena izan zen, baina lortutako emaitzarekin ziur gustura hartu zutela aldageletarako bidea bilbotarrek.
Atsedenalditik bueltan, beltzetik zurira igaro ziren zuri-gorriak. Bielsak Ibai Gomez zelairatzea erabaki zuen Ander Herreraren ordez, eta zalantzarik gabe, asmatu zuen. Beste freskotasun batekin jokatu zituzten hamar minutuak. Hamar minutu, bai. Ez baitzuen gehiago iraun Athleticen distirak. Berriz ere Llorentek eta Susaetak aukera apartak huts egin zituzten, eta larrutik ordaindu zuten gero. Europako Ligan garesti ateratzen dira akatsak. Schalkek baloia berreskuratu zuen, eta lehen zatiko minutuak ekarri zituen gogora.
Jurado sartu zen zelaian, eta bere hanketatik joko polita sortuz, Alemaniako aurrelariek arrisku handia sortu zuten. Ikusten zen lehenago edo beranduago helduko zela etxekoen gola, eta halaxe izan zen. Nola ez, Raulek bigarrena egin zuen, ezker boleaz. Jokalari gutxiren eskutan dagoen gola lortu zuen madrildarrak.
Talde handiak, baina, ur handietan ez itotzen dakitenak dira, eta gehitxo esatea litzateke Athletic horien artean dagoela, baina ongi egin zuen igeri olatu handietan. Itsas hondoan egotetik, olatu aparretan gozatzera igaro zen. Konturatu gabe, gainera. Geldikako jokoa beti izan da Athleticen indar gunea, eta korner batean heldu zen kanpokoen berdinketa. Berriz ere Llorentek, bikain sareratu zuen baloia buruz.
Emaitzak ona zirudien (2-2). Ziur Athleticeko zale batek baino gehiagok bi aldiz pentsatu gabe sinatuko zuela. Inor gutxik espero zuenean, baina, aspaldi bat baino gehiago maitemindu duen jokoa atera zuten zuri-gorriek, eta ez zuten barkatu. Schalkek bere aukerak izan bazituen ere, asmatu zuena Athletic izan zen. Nola gainera. Hirugarren gola De Marcosen egin zuen, aldaratze batean. Eta laugarrena, berriz, Muniainek, Susaetaren pase bikain bat baliatuta. Sinestezina zirudien, baina egia. Bielsarenek bi goleko aldearekin irabazi zuten, eta gauzak oso oker egin beharko dituzte Bilbon ez sailkatzeko.
Datorren ostegunean jokatuko da itzulikoa, berriz ere 21:05ean. Iturrasperi txartel horia atera zion epaileak atzo, eta ezin izango du jokatu. Ibai Gomezek, dena den, lan ederra egin zuen, eta ziurrenik berak ordezkatuko du.
Futbola. Europako Ligako final-laurdenak. SCHALKE 04 2. ATHLETIC 4
Eskatzen hasita, gehiago ezin
Athleticek ez du ongi jokatu, baina bigarren zati amaieran egindako joko onari esker, erabat bideratuta utzi du kanporaketaLlorentek bi gol sartu ditu, eta De Marcosek eta Muniainek egin dituzte beste biak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu