Alaves 1-2 Real Madril

Esku hutsik gelditu da

Bigarren zatian egindako akatsak garesti ordaindu ditu Asier Garitanok zuzentzen duen taldeak. Sergio Ramosen eta Carvajalen golek eman diote garaipena Real Madrili.

Alavesko Wakaso eta Duarte Real Madrilgo Benzemari baloia kendu nahian, gaur, Mendizorrotzan. JUANAN RUZ / FOKU
enaut agirrebengoa
2019ko azaroaren 30a
19:01
Entzun

Alavesek denboraldiko bigarren partida galdu du etxean, Real Madrilen kontra. Arabarrek itxura lehiakorra eman dute, baina ez zaie aski izan gutxienez puntu bat urratzeko. Oinarrizko akatsak egin dituzte bigarren zatian, eta azkenean, garesti ordaindu. Lehenik, gaizki defendatu dute Kroosek maisuki ateratako falta bat, eta 0-1ekoa egiteko baliatu du Ramosek huts hori (51. min). Gero, banakoa egin du Lucas Perezek, penaltiz (66.min), baina gutxi iraun dio pozak Gasteizeko taldeari, hiru minutu geroago Carvajalek berriz ere aurretik jarri baitu Real Madril, etxekoen ahuldadea baliatuta.

Lehen zatian, aurkariaren saiakerak eustera mugatu da Alaves. Buru-belarri aritu da defentsako lanean, erasoko jokoa alde batera utzita. Aldageletara berdinketarekin iristea zuen helburu, eta lortu du. Kanpokoek baloiaren jabetza izan dute, baina ez dute apurtzerik izan arabarrek beren zelaian sortutako amarauna. Mugikortasuna izan dute, baina ez argitasuna. Kamutsak izan dira Bale, Isco eta Benzemaren saiakerak. Alavesen aldetik, Lucasek jokoz kanpo zela eginiko jaurtiketa izan da hurbilketarik arriskutsuena.

Bestelako zirrara izan du bigarren zatiak. Etxekoak apustu arriskutsuagoa egitera behartu ditu aldageletatik itzuli eta berehala Ramosek sartutako golak, eta, hala, neurketa zabaldu egin da. Gasteiztarrak oldartu egin dira, areara baloiak behin eta berriro bidaliz, eta saria jaso dute azkenean. Ramosek penalti inozoa egin du, eta Lucasek oparia aprobetxatu du. Carvajalen golak, ordea, min egin dio Alavesi, eta apaldu egin zaio grina. Dena den, bost korner jarraian izan ditu arauzko denbora amaitzear zela, eta binakoa egitear izan dira Lucas eta Manu Garcia. Epaileak zortzi minutu luzatu du partida, baina markagailua ez da gehiago mugitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.