Eurokopa. Turkia

Esku onetan dago

Senol Gunes. YURI KOTXETKOV / EFE.
enaut agirrebengoa
2021eko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Multzoen fasea ahal bezala gainditzen saiatuko da Turkia. Azken bi Eurokopetan ez du halakorik lortu, baina 2008koan finalaurrekoetara iritsi zen. Badaki zer den onenen artean bidea egitea. Gainera, esku onetan dago: Senol Gunes du aulkian, 2002ko Munduko Kopan sultanak finalaren atariraino eraman zituen entrenatzailea. Bigarren egonaldia du Turkiako selekzioan, eta, oraingoz, Eurokopan sartu du. Sailkapen ligaxkan, Frantziak, txapelketako hautagai nagusia izango denak baino bi puntu gutxiago lortu zituen bakarrik.

Frantziako liga ustekabean irabazi zuen Lillek, eta Turkiak talde horretako jokalari bana du lerro bakoitzean: Zeki Celik atzean; Yusuf Yazici zelai-erdian, eta Burak Yilmaz aurrean. Harrigarria da aurrelariaren kasua, hamasei gol egin baititu 35 urterekin. Bigarren gaztaro betean iritsiko da Eurokopara. Gazteak defentsan daude, eta oso onak gainera: Celik da horietako bat, Merih Demiralekin, Caglar Soyuncurekin eta Ozan Kabakekin batera. Hiru horietatik bi hautatu beharko ditu Gunesek defentsaren erdialdeko bi postuak betetzeko.

Atzetik aurrera eraikitako taldea da, baina maila oneko jokalariak ditu zelai-erditik aurrera.Entzutetsuena Hakan Calhanoglu da, Milaneko erdilaria. Jokalari irregularra da, baina erabakigarria izan daiteke inspirazio eguna badu. Zehaztasun handia du paseak eta jaurtiketak egiteko, eta mehatxua da geldikako jokaldietan. Gunesek punta-erdi gisa ipintzen badu, atzetik Okay Yokuslu eta Ozan Tufan izango ditu. Bestela, ezker hegalean joka lezake, lotura lanak Yaziciri utzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.