Asobal Ligako txapela eskura du Portlandek. Ondoan. Hurbil. Oso hurbil. Begi bistan. Ciudad Real taldeko jokalariak besterik ez dago Iruñeko taldearen eta txapelaren artean. Nafarrek behera bota beharreko azken harresia. Ligaren azken txanpan, partida irabazteko bi aukera ditu Portlandek. Ciudad Realen kontrako partidan huts eginez gero, Ademar Leonen kontrakoa geldituko litzaioke, oraindik ere.
Baina Iruñean ospatu nahi dute gaur denek Asobal Ligako txapela, orain hiru urte ez bezala. Etxean irabazi nahi dute nafarrek bigarren Liga. Etxean, eta etxekoen aurrean. Denboraldi osoan egindako lanak halako saria merezi duelako.Portlandeko jokalariek zuhur jokatu dute asteon. Ez dute partida irabazitzat eman nahi; ezta Asobal Liga ere. Ciudad Realen kontrakoa «ohiko partida bat» dela erran dute, behin eta berriz, partida horrek ekar dezakeena bazter utzita. Partidak ekar dezakeenarekin batera, tentsioa utzi nahi izan dute alboan jokalari nafarrek. Inork baino hobeki dakitelako zer izanen den gaur jokoan NUPeko pabiloiko pistan.Portlandek berdintzearekin aski du gaur Asobal Liga irabazteko. Berdinketa baino gehiago izan beharko dute jokalariek, ordea, buruan eta gogoan. Pistara berdinketa lortzera ateratzea ez baita nahikoa Ciudad Reali aurre egiteko. Eta Iruñeko taldeko kideek badakite. Bartzelonaren kontra Txapeldunen Ligako finala galdu berri du Ciudad Realek, eta horrek partidan izanen duen eragina ikusteko dago. Zauria sendatzera badator Iruñera, ohi baino aurkari arriskutsuagoa izanen da Juan de Dios Romanek zuzentzen duen taldea. Eta, berez, inolako zauririk gabe, lehen mailako taldea da Ciudad Real. Gainera, Liga irabazteko dituen aukerei eusteko, ezinbestekoa da haientzat Iruñeko partida irabaztea.
Richardsonen agurra
Bartzelonari Palaun irabazi ondoren jakin zuten Portlandeko jokalariek aurtengo Asobal Liga irabazteko egoera ezinhobean zirela. Egun hartan erakutsitako armak atera beharko dituzte gaur: Portlanden ikur nagusi den defentsa sendoa, batetik; eta eraso eraginkorra, bestetik. Kontraerasoei etekinik handiena atera beharko diote Francisco Javier Zupo Ekisoainen jokalariek, eta jokoa ongi antolatu.
Balic gabe, Jackson Richardsonek hartu beharko du jokoa antolatzeko eta gidatzeko ardura osoa. Jorgensen garaiz osatu da, eta Ciudad Realen kontra aritu ahal izanen da. Ez, ordea, Balic. Gihar bikiko zuntzen haustura gainditzeko asteon egindako lanak ez du jokalariak espero zuen emaitzarik eman. Eserlekutik ikusi beharko du gaurko partida erabakigarria.Richardsonentzat, Iruñean jokatuko duen azken partida izanen da gaurkoa. Bost urtez Portlanden aritu ondoren agur erranen dio denboraldi amaieran Iruñeko taldeari, eta Frantziara, sorterrira, itzuliko da. Ligako txapela agur opari polita izanen litzateke eskubaloiaren magia Iruñean zabaldu duen jokalariarentzat.
Ekisoainek gaur nahi du Liga
Jokalariek irabazteko duten grina bera du entrenatzaileak. Ekisoain ziur da zaleen laguntza «funtsezkoa» izanen dela Ciudad Realen kontrako partidan. «Liga irabazteko bi aukera ditugu, baina gure helburua da Iruñean irabaztea. Merezi dugun saria da», azpimarratu du, partidaren atarian. Entrenatzaileak badaki, hala ere, lan gogorra egin beharko dutela helburua egia bilakatzeko. Ez dela nolanahiko aurkaria Ciudad Real. «Talderik onenetako bat da. Bi jokalari ditu postu bakoitzeko, eta kalitate handikoak».
Aurkariak, halaber, Portland taldeko jokalarien kalitatea nabarmendu du. Ciudad Realeko entrenatzaile Juan de Dios Romanek argi du lehen mailako jokalariak badirela Iruñean: «Jokalari onak eta eraginkorrak dira. Portlandek, halaber, egindako fitxaketei etekina atera die». Etxean utzi behar izan ditu Dinart eta Sterbik min hartuta.
Inork ez du zalantzan jartzen lehen mailako taldeen arteko lehia izanen dela gaurkoa. Handien artean handiena dela erakustea izanen da nafarren helburua txapela janzteko. 1.094 egun eta gero, Portland Ligako txapeldun izan daiteke berriz.
ESKUBALOIA. ASOBAL LIGA. TXAPELA BEGI BISTAN. TXAPELA BEGI BISTAN
Portlandeko jokalariek zuhur jokatu dute asteon, eta gaurkoa partida arrunta bailitzan mintzatu dira, tentsioa arintzeko asmoz; berdinketa nahikoa dute Asobal Liga irabazi ahal izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu