Bera Berak, Beti Onak-ek eta Bidasoak badakite zer aurkari izango dituzten Europan

Donostiarrek aurkari gogorra izango dute: Frantziako Dijon. Atarrabiakoek eta Irungoek aurkari apalagoak izango dituzte. Ukrainako Galitza eta Portugalgo Bragaren aurka neurtuko dituzte indarrak, hurrenez hurren.

(ID_14800364) (Gorka Rubio/@FOKU) 2025-03-23, Donostia. Eurpoa ligako partida jokatu dute Bera Berak eta Blonmbergek
Anne Erauskin Bera Berako jokalaria jaurtiketa bat egiten Blombergen aurkako partidan. GORKA RUBIO / FOKU
2025eko uztailaren 15a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur egin dira datorren denboraldiko eskubaloiko Europako kluben arteko txapelketen zozketak, EHF Europako Eskubaloi Federazioaren egoitza nagusian, Vienan (Austria). Eta, horrekin batera, Bera Berak, Beti Onak-ek eta Bidasoak euren aurkarien berri izan dute. Emakumezkoei dagokienez, Imanol Alvarezek zuzentzen duen taldeak berriro ere Frantziara jo beharko dute Dijonen aurka aritzeko. Beti Onak taldeak Ukrainako Galitzia izango du aurkari bere estreinakoan, eta Bidasoari Portugalgo Bragaren aurka jokatzea egokitu zaio.

Bera Berari ez zaio aurkari samurrena egokitu EHFko Europako Ligan, Frantziako Dijon taldearen aurka neurtu beharko baititu indarrak. Donostiako taldeak hirugarren kanporaketan ekingo dio txapelketari, multzoen faserako sailkatzea helburu duela. Joaneko partida Gaskan jokatuko dute, azaroaren 8ko eta 9ko asteburuan; eta Frantziara azaroaren 15eko eta 16ko asteburuan bidaiatu beharko dute. Azken bi denboralditan bosgarren postuan sailkatu da Dijon Frantziako Ligan, eta, aurreko denboraldian, Europako Ligako Lauko Finalean sartu, eta hirugarren izan zen. 

Zazpigarren aldiz arituko da Bera Bera EHFren Europako Ligan. Joan den denboraldian hamargarren liga eta bederatzigarren Espainiako Kopa irabazi zituen, eta, horrez gain, Europan orain arte izandako lorpenik handiena eskuratu zuen final-laurdenetara iritsita; Alemaniako Blomberg taldeak utzi zuen kanpoan, penaltietan.

Jon Begiristain entrenatzaile laguntzaileak Dijonen aurkako kanporaketaz hitz egin du: «Bigarren norgehiagoka kanpoan izateak kanporaketa are gogorrago egiten du».

Beti Onak taldea Europako Kopan arituko da. HC Galitzia talde ukrainarraren aurka jokatuko dute txapelketaren bigarren kanporaketa. Joaneko norgehiagoka irailaren 27an jokatuko dute, eta Leopolisera bidaiatu beharko dute itzuliko norgehiagoka jokatzeko, urriaren 5ean. Aurreko denboraldian Ukrainako taldeak hango Superliga irabazi zuen, eta penaltietan galdu zuen Superkopako finala.

Miguel Etxeberria entrenatzailea ukrainarren inguruan solastatu da: «Talde gaztea da; baditu esperientziadun jokalari batzuk, baina gehienak nazioartekoak dira». Joan den denboraldian, txapelketa honetako final-hamaseirenetan Haukar Islandiako taldeak kanporatu zuen.

Atarrabiako taldea, berriz, txapeldunorde izan zen Espainiako Kopan, eta horrek bide eman zion denboraldi honetan Europako Kopa jokatzeko. Ezustea izan zen, eta, ondorioz, taldeak sakon aztertu behar izan zuen ea Europan jokatzeko nahikoa baliabide ote zituzten; azkenean, eskubide hori onartzeko erabakia hartu zuten.

Itxako taldea arrazoi ekonomikoen ondorioz desagertu zenetik Nafarroan ez zen erreferentziazko talderik, eta Beti Onak-ekin egindako apustua emankorra izan da. Marino Oskoz presidenteak egunkari honetan emandako elkarrizketa batean azaldu zuen aukera uste baino «lehenago» iritsi zitzaiela, eta ez zegoela aurreikusita ez kirol ikuspegiari zegokionez, ez eta alor ekonomikoari zegokionez ere. Baina adierazi zuen «nahikoa babes» bermatua dutela, eta, ondorioz, pausoa eman dutela.

Bidasoa azken unean

Artalekun emango dio hasiera Bidasoak aurtengo Europa Ligako ibilbideari. Portugalgo Braga taldearen aurka neurtuko ditu indarrak aurrekanporaketan. Joaneko norgehiagoka abuztuaren 30eko eta 31ko asteburuan jokatuko da, eta Portugalerako bisita, berriz, irailaren 6ko eta 7ko asteburuan egin beharko dute. 

Portugalgo taldeak bosgarren postuan amaitu zuen liga, eta Superkopako txapeldunorde izan zen. Joan den denboraldian atariko kanporaketan Asobal Ligako Ademarren aurka galdu zuen.

Talde gipuzkoarrak eskaera egin behar dio EHFri Europako atariko kanporaketa jokatu ahal izateko, eta gonbidatu moduan jokatuko du. Izan ere, joan den sasoian, ligaren zati handi batean Europako postuetan ibili baziren ere, azken zatian ez zuten Europarako sailkatzea lortu. Alex Mozas entrenatzaileak joaneko partidaren garrantziaz hitz egin du: «Itzuliko norgehiagoka han izango da; beraz, joaneko norgehiagokara fin iritsi beharko dugu».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.