Euskal Herriko Itzulia. Eguneko erreportajea

Eskuetan dago informazioa

Txirrindulari baten egunerokoan ezinbestekoa da masajistaren eskua. Sufritutako giharretan errekuperazio lana egitea dagokio masajistari. Ukitze hutsarekin, ziklista nola dagoen daki Miguel Caravaca Euskalteleko masajistak.

unai zubeldia
Amurrio
2011ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Txirrindulari baten sasoi puntua nolakoa den jakin nahi izanez gero, galdetu taldeko masajistari. Hitz egin beharrik gabe, giharretan dago informazio guztia. Bi esku nahikoak dira diagnosia egiteko. Euskaltel-Euskadi taldeko masajista da egun Miguel Caravaca (Gasteiz, 1957). Masajista ez da hasten tropeletik tiraka, masajistak ez du erasorik jotzen, ez du gurpilik zulatzen, eta ez da podiumera igotzen. Baina garaipen bakoitzaren atzean bere bi eskuak ere badaudela esan daiteke. «Ezinbestekoa da masajiston lana, txirrindularien giharrek asko sufritzen dutelako».

Caravaca ia-ia gogoratu ere ez da egiten nola hasi zen masajista lanetan. «Euskadiko Txirrindularitza Federazioan hasi nintzen lanean lehenengo; gero, urtebete igaro nuen Festina-Costa Almeria taldean; eta zazpi urte daramatzat orain Euskaltel-Euskadin». Masajista da, «baina denetik egin behar izaten dugu». Hotelera iritsi, eta lau masajistetako bakoitzak bi txirrindulariren ardura hartzen du egunero. «Nafarrekin nabil ni, Egoi Martinezekin eta Gorka Verdugorekin». Masajistek eurek edo zuzendariek erabakitzen dute bakoitzak masajea nori eman. «Eta nire kasuan antzekoak dira bi txirrindulariak. Bizilagunak dira, lagun onak, eta herriko kontuez hizketan hasten direnean, gauza berberak kontatzen dituzte ia beti».

Txirrindularia ohean etzan, eta masajista, psikologo, entrenatzaile… lanean hasten da Caravaca. «Txirrindularia hitz egiteko gogoz badago, isildu gabe ariko da, agian, 45 minutuan. Baina nekatuta, minduta edo haserre iristen bada, erdi lo geratzen da askotan». Txirrindulariaren gorputzaldiaren araberakoa izaten da gaia. «Lasterketako mugimenduez hitz egiten dugu batzuetan, euren familiako kontuak aipatzen ditugu beste batzuetan, neureak… Laguntasun handia sortzen da txirrindularien eta gure artean. Esker oneko lana da, dudarik gabe».

Eguraldiaren arabera, etapa hasi aurretik masaje txiki bat ematen diete masajistek txirrindulariei, giharrak berotzeko krema batekin. «Baina egunotan bero handia daukagu Euskal Herrian, eta ez da beharrezkoa beroketa lan horiek egitea». Txirrindulariek etapa amaitu, autobusean dutxatu, zerbait jan, hotelera iritsi arteko bidaian lasai-lasai utzi, eta bakoitza bere gelan sartutakoan hasten da masajisten lana. «Giharrak ukitzen hasi eta berehala nabaritzen da txirrindularia nola dagoen. Lanean gogor aritu badira, edo etapa gogorra izan bada, giharra asko aldatzen da irteeratik helmugara». «Hurrengo egunerako errekuperazio lana da masajea», laburbildu du Caravacak.

Begiak itxita ere jakingo luke gasteiztarrak gihar bakoitza norena den. «Jakina, ez da berdina Juanjo Orozen izterreko giharra eta Amets Txurrukarena». Baina masajistaren lana berdin-berdina da bi kasuetan. Masajistak informazio asko bil dezake arratsaldeko masaje orduan. «Eta, beharrezkoa bada, zuzendariari eman beharrean, taldeko medikuari ematen diogu informazio hori. Baina normalean ondo errespetatzen dira bakoitzaren funtzioak; zuzendariak bere lana dauka, medikuak berea eta masajistok geurea».

Itzuli handien gogortasuna

Astebeteko itzulian ari da lanean orain Caravaca, baina hiru asteko itzulietan ere ibiltzen da. «Erabat ezberdina da lana». Sei Frantziako Tour egin ditu, adibidez, Euskaltel-Euskadi taldearekin. «Masajea emateko modua berbera da, baina psikologikoki askoz gogorragoa da hiru asteko itzulia, eta txirrindulariaren giharretan ere nabaritzen da hori»: Hiru asteko itzulietan dena da handiagoa. «Bederatzi txirrindulari izaten dira normalean talde bakoitzean—Euskal Herriko Itzulian zortzi dabiltza—, eta taldeko laguntzaileak ere gehiago izaten dira hiru asteko itzulietan».

Gogorra, gogorra, etxetik kanpo igaro beharreko denbora tarte luzea omen da gogorra. «Baina horretara ohituta gaude dagoeneko. Badakigu lan hau horrelakoa dela, eta etxean daramate, agian, okerren hau guztia. Udan, adibidez, lan egin behar izaten dugu guk, eta neguan izaten ditugu oporrak». Familia guztiaren egunerokoa aldatzen du etxetik kanpoko lanak. «Baina txirrindulari nintzela ezagutu ninduen emazteak, eta inoiz ez dit esan beste lanbide bat aukeratzeko». Urte askoan delineatzaile gisa lanean ibilitakoa da gasteiztarra. «Baina benetan gustatzen zaidana egiteko aukera eman dit masajista lanak».

Masajea gozamenarekin lotzen dute gehienek. «Baina sufritu ere egiten dute txirrindulariek etaparen ondorengo masajeekin. Ahaleginaren ondoren, giharrak uzkurtuta egoten dira, eta erorketaren bat edo beste edukiz gero ere, nabaritzen da giharretan», dio Euskaltel-Euskadiko masajistak. Egoi Martinezen kasua da hori. «Milan-San Remon erori egin zen, eta gaizki pasatu du. Aldaka eta belaunak minduta eduki ditu, eta horrelakoetan kontuz ibili behar da masajea emateko garaian ere». Ukitu, goxatu, mimatu. Masaje hutsa baino zerbait gehiago da txirrindulari taldeetako masajisten lana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.