Iraupena.48.49.
Pilotakadak. 440.
Saketik. Irujok 2; Urrutikoetxeak alerik ez.
Markagailua. 0-1, 1-1, 3-1, 3-2, 10-2, 10-3, 11-3, 11-4, 15-4, 15-5, 16-5, 16-6, 19-6, 19-8 eta 22-8
Bestelakoak. 1.000 ikusletik gora Labrit pilotalekuan (Iruñea). Apustuak doblean irten ziren gorrien alde.
Irujo gogotsu itzuli zen. Amorratuta zegoen eta Labriteko kantxa gainean nabaritu zitzaion. Eskuinez gozatu zuenean tirano hutsa izan zen. Presaka zebilela ere ikusi zen, partida ahalik eta goizen bukatu eta ezker eskua babestu asmoz. Jokatu edo ez zalantzan egon zen eskuko minaren erruz, baina pausoa ematea erabaki eta apustua ondo irten zitzaion. Alboan, Barriola bizkartzain perfektua izan zen, txapelketako partidarik onena jokatu zuen agian, eta finalerdietako ligaxkako lehen puntua lortu zuten.
Emaitzak bi ondorio matematiko uzten ditu sailkapenean. Lehenbizikoa, Urrutikoetxea eta Beroiz jada ezin direla finalean sartu; eta bigarrena, Olaizola II.ak eta Aretxabaletak gaur irabazten badute matematikoki finalean daudela. Jardunaldiko bigarren partida Donostiako Atano III. pilotalekuan jokatuko da (17:00) eta Asegarcekoak dira faborito apustuetan. Aldiz, Xalak eta Zubietak irabazten badute, Irujok eta Barriolak oso zail izango dute finalean sartzea aurkako tanto aldearen erruz. Iragan astean 22-8 galdu zuten Olaizola II.a-Aretxabaletaren aurka.
Irujok partida bikaina jokatu zuen atzo, eta hori ezker eskua zaindu zuela kontuan hartuta. Ezker sotamano edo boleaz jotzeko pilota aproposak zirenak Barriolak bildu zituen. Leitzarrak lan bikaina egin zuen, Beroizen aurrean aginduz. «Juanek eskua justu antzean zuen eta ez dugu eroso jokatu», esan zuen partidaren ondoren. Gaitz erdi, bestela zein zatekeen emaitza?. Irujok ere bere beldurra aireratu zuen: «Arriskatu egin dut jokatzen eta ahalik eta bizkorren bukatzen saiatu gara. Ea ez dudan asko mindu eta nola sendatzen den». Tratu askorik e z zuen jaso, beraz, ondo bidean, gaur zortzi jokatzeko moduan egon beharko luke.
Iberokoak ikuskizuna eman zuen, hamasei tanto egin zituen guztira, eta Urrutikoetxea erotu egin zuen. Nabarmentzekoa ere galtzaileek emaniko itxura iluna. Txapelketa osoan bikote gotor eta borrokalaria izan den horren antzik ez zuen izan. Bukaerako emaitza kantxan egon zen aldearen isla da. Lehen tantoa oso gogorra izan zen, baina hor bukatu zen oreka. Aspekoak 10-2 aurreratu ziren eta Asegarcekoen grina itzali zuten. Beroiz egon zen bereziki ilun. Barriolak ondo bilatu zion ezkerra eta Irujo ezin saihestuz ibili zen. Lau tanto galdu zituen guztira eta ezker eskua apur bat minduta zeukala bukatu zuela zirudien.
Finala, Bilbon
Binakako txapelketako finala Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko da. Enpresek erabaki dute dagoeneko zein izango den egun handirako lekua. Are gehiago, Enpresen Ligako babesle ofizialetako bat hasia da finalerako sarrerak zozkatzen. Atzerapenik ezean, hilaren 27an jokatuko da. Lau urte dira Bizkaia pilotalekua ireki zela, eta hartaz geroztik han jokatu dira binakako final guztiak. Enpresen Liga urteko hiru finaletako bat Bilbon antolatzera behartuta dago Custom Sport pilotalekua kudeatzen duen enpresarekin sinaturiko akordioarengatik. Lau t'erdikoa Gasteizen jokatu zen.
Irujo-Barriola 22. Urrutikoetxea-Beroiz 8
Eskuinean, arazorik ez
Irujok eta Barriolak nagusitasunez lortu dute finalerdietako lehen puntua; Iberokoak ezker eskua zaindu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu