Ereserkia entzun orduko Tommie Smith Jet eta John Wesley Carlos estatubatuarrek eskularru beltzak jaso eta burua jaitsi zuten. 200 metroko probaren sari banaketan arrazismoaren kontrako aldarrikapena egitea erabaki zuten. Smithek -urrezko domina lepoan- eskuin ukabila altxa zuen. Carlosek -brontzea-, berriz, ezkerra. Peter Norman australiarrak -zilarra- bat egin zuen beste bien protestarekin. Soinean, Giza Eskubideen aldeko adabakia jarri zuen.
Munduari buelta eman dion gertaera zein irudi hura, 1968ko urriaren 16an jazo zen Mexikoko Olinpiar Jokoetan. Hain zuzen ere, atzo berrogei urte bete ziren. Eta aldarrikapen entzutetsu hura gogoratzeko, Smith, Norman eta Carlos Mexiko Hiriko Azteca estadioara bueltatu dira. «40 urte igaro ondoren, oso pozik nago Mexikora itzuli eta gure ondarea bizirik dagoela ikusteaz», adierazi zuen Smith ekimenaren bultzatzaile nagusiak. Normanek izandako jarrera ere nabarmendu zuen. «Ukabila ez zuen jaso, baina bai ahotsa». Bestalde, Carlosek urteurrenaren ospakizunera bildu zirenei eskerrak eman eta gauza bat eskatu zien: «Hiri honi esker, oihartzuna lortu genuen mundu osoan. Bertakoek harro egon behar duzue Olinpiar Joko haietaz».
Oztopoen gainetik
Tommie Smith Jet-ek (AEB, 1944) haurtzaro gogorra izan zuen. Txikitatik berak eta bere familiak gertutik pairatu zuten arrazakeria. Aitak Texasen lan egiten zuen kotoia biltzen, eta Smith, beste hamaika anai-arrebekin batera, beharrean hasi zen umea zela. 60ko hamarkadan Texas utzi eta Californiara joan ziren bizitzera. Han ere bazterkeka eta jazarpena jasan zuen.
Gorpuzkera onekoa zenez, San Jose State (Kalifornia) unibertsitatean onartu zuten, atletismoko gizon azkarren paradisuan. Bertan ezagutu zuen John Wesley Carlos (AEB, 1945). Harlemen hazitako kirolaria, Harry Edwards irakasleak aholkatu zuen unibertsitatean sartzea. Garai hartan, Edwards bertako soziologiako irakaslea zen, eta Martin Luther Kingen laguna. Arrazakeriaren kontra egiteko xede bakarrarekin, Mexikoko Olinpiar Jokoei boikota egiteko Giza Eskubideen Aldeko Olinpiar Proietua sortu zuen. Gerora Black Power (Indar beltza) gisa ezagun bihurtu zena. Mugimendu horretan, besteak beste, Tommie Smith, Lee Evans eta Lew Alcindor (Kareem Abdul Jabbar) saskibaloi jokalariek bat egin eta manifestu bat argitaratu zuten. Bertan, Hegoafrika Olinpiar Batzordean sartzea kritikatu eta Mohamed Aliri Munduko Boxeo Txapeldunaren titulua itzultzeko eskatu zuten.
Politika munduan sartzeagatik, Smithek mehatxuak jaso zituen. Hala ere, Texasko kirolariak aurrera egitea erabaki zuen. Mexikora joan aurretik ezkondu egin zen. Dena dela, bere asmoa Olinpiar Jokoetan parte hartu eta protesta gauzatzea zen. Smithek, ordea, ez zuen espero aldarrikapena aurrera eramateak zein ondorio izango zituen.
Marken azpitik
1968ko Olinpiar Jokoetan Smithek sekulako lasterketa egin zuen, 200 metroko probaren finalean. Azken metroetara iritsi aurretik Carlosen atzetik zegoen. Baina erritmoa azkartu, eta bera izan zen azkarrena helmugan. Historian lehen aldiz, Smithek 20 segundu azpiko marka ezarri zuen (19.83).
Alabaina, arrazakeriaren kontrako protestak zeharo estali zuen harek lortutakoa. Eta ez hori bakarrik, Smith eta Carlos Olinpiar Jokoetatik betiko kanporatu zituzten. Ordutik, batak zein besteak ez dute atletismoa baztertu eta kirolari zein prestatzaile gisa aritu dira. Bestalde, futbol amerikarrean ere esperientzia laburra izan zuten. Uztailean, ostera, Arthur Ashe oroigarria jaso zuten Los Angelesen, Mexikon izandako kuraiarengatik.
40 urte pasatu ondoren pozik nago Mexikora itzuli eta gure ondarea bizirik ikusteaz»
tommie smith
Atleta
Eskularru beltzen desafioa gogoan
Berrogei urte bete ziren atzo Mexikoko Olinpiar Jokoetan, Tommie Smith eta John Carlos atletek arrazakeriaren kontrako aldarrikapena egin zutenetik. Bi kirolariak Azteca estadiora itzuli ziren urteurrena ospatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu