Pilota. Eskuetako lesioak

Eskumuinak eskuko minari

Eskuetako gaitzak esku-huskako pilotarien lesio ia esklusiboak dira, eta, gehienetan, buruhauste nagusia. Tako eta prebentzio tekniken bilakaeraren eragina sumatu da, baina ez dira erabat desagertu, eta kasu larriak ere badaude oraindik.

Imanol Magro Eizmendi.
2012ko azaroaren 27a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Pilotari orok du masokista bat barnean. Mina eta esku-huska pilotan aritzea lotuta doaz ia, ezinbestean, eta eskuak pairatzen du. «Pilotan jokatzea gizakiak sortu duen jarduerarik antibiomekanikoena da. Eskuaren goiko aldea, ukabila, kolpatzeko diseinatua dago, falangeak elkartu eta paraleloki kokatuz. Baina ahurra, ez. Barneko aldea mugimendu zehatzetarako eta presio progresiboak egiteko diseinatua dago, gauzak hartzeko, baina inoiz ez bat-bateko kolpe, eta hori da pilota jokoa». Kito. Pedro Garcia Aspeko masaje emailearen laburpena hobetzea zaila da pilotan aritzeak eskuetan egin dezaken mina azaltzeko. Pilota gogorraren etengabeko kolpea ez da osasungarria.

Eskuko lesioak pilotarien gaitz ia esklusiboak dira, eta munduan kirol gutxitua izateak tratamenduen eboluzioa moteldu du. Azken urteetan, halere, asko egin da hobera. «Pilotariak eskuak zaintzen ikasten ari dira: babes hobeak, eskuak gehiago landu... baina denek, lehenago edo geroago izaten dute minen bat», azaldu du Iñigo Simon Asegarceko medikuak. «Partiden ondoren masajea hartzea garrantzitsua dela ikasi dute; takoak hobeto jartzen dituzte, zainak estali gabe; tratamenduak hobeak dira: botikak, elektroterapia... Gure enpresangaitzen kopurua murriztu egin da, baita errekuperazio denbora ere. Baina, tira, egia da ere bai gutxiago jokatzen dutela».

Eskuei buruz hitz egitean Ander Letamendia eminentzia bat da. Kirurgialari kardiobaskularra da, 106 hatz ebakuntza eginikoa. Pilotari izan zen afizionatuetan eta pasioz hitz egiten du pilotaz. Inor gutxik adina ikertu du gaiari buruz, eta hainbat liburu eta artikulu idatzi ditu eskuetako gaitzen inguruan. «Kezkatzen nauena zera da, gero eta pilotari gazteagoek dituztela eskuetan arazo larriak. 16 urteko bati ebakuntza eginikoa naiz, eta aurki egingo diot 17ko bati.» Diagnosia egiten hasita, Letamendiak hainbat arrazoi aurkitzen dizkie minei: eskuetako giharrak ez lantzea, babes desegokiak, pilota txikiegiak eta pilota gogorrekin gazteegi hastea.

Lesio asko izan daitezke eskuan, baina hiru multzo handi daude: eskuko minak, «iltzea», fibrosiak eta kailuetako arazoak oro har; odolik eza, hatzetan zein eskuan eta hautsitako hatzak. «Odolik eza da larriena, zainetako gaitza da, iskemia», laburbildu du kirurgialariak. «Hatz zuriaren gaitza deitu nion nik, edo Raynauden sindromea. Hatzetara odolik iristen ez denean da. Hatz puntan zuloa egiten da, ultzeratu, usteldu egiten da. Oso mingarria». Medikuak fotopletismografia bidez neurtzen du odol jarioa eta gero hartzen dute erabakia. «Larria ez bada botikekin tratatzen dugu: antiagreganteak, kaltzioari aurre egitekoak... basodilatadoreak dira. Horrek badu beste arrisku bat, bati mesede egiten badio aldagelan sakabanatu egiten direla. Gero, udan mina duena, malo, eguzkia baita basodilatadorerik onena».

Masajea ere ona da, hor Garcia da aditua. «Gihar bat bada arteria oztopatzen duena odol gutxiago iristen da. Jokatuz gero hatza handitu egiten da eta are gehiago zapaltzen du. Kasu horietan masajeak presio hori murrizten du». Denak kale egitean, baina, ebakuntza dator, zaina libratzeko, eta harekin, Letamendia. «Hatzetik sartzen naiz, albotik, orbaina pilotak joko ez duen puntu batean egiteko. Hobekuntza nabaria izaten da. Dena den, ebakuntza asko saihestu ahal izango lirateke niregana lehenago etorriko balira». Kostuei dagokienez, garestia ez dela dio. «Pilotari gehienen hilabeteko soldata baino gutxiago. Pentsa, aseguruetan ez dago sailkatua ere. Gaztea bada ez diet asko kobratzen, eta erraztasunak ematen dizkiet. Profesionalek, berriz, segurua dute. Gastua gau bateko ingresotik, anestesistatik... dator. Baina tira, ordain izan ez duenak ez du arazorik izan».

Eskuko minak eta fibrosiak beste tankerako gaitzak dira. «Garai batean dena zen eskuko mina», gogoratu du Simonek. «Eskua oso konplexua da, gihar asko daude, hezurrak, zurdak, tendoiak, poleak... Fibrosia esku barneko kailua da, kolpeen aurrean sortzen den babes naturala. Eskuko minari dagokionez, odolbilduak daude, ehunen inflamazioak, mikro odol isuriak...». Letamendiaren azalpena antzekoa da. «Kolpeak sortzen du fibrosia. Kailua ere fibrosi bat da. Gogorra da, baina esku barruan zain edo nerbioren baten aldamenean jartzen bada min ematen du. Zaina estutzen badu zurrunbiloa sortu eta tapoia egiten du». Ebakuntza ere ekarri dezake. «Ez da erraza. Bola bat egiten bada erraza da, baina askotan masa bat da, magma bat, non hasi eta non bukatzen den ikusten ez dena. Orduan eskuan sartu behar duzu... Halakoetan hobe beste tratamendu batzuk».

Eskuko min eta fibrosiak zaintzeko, masajea bide ona da. «Mingarria da», Garciak garbi hitz egiten du. «Pilotarien eskuetarako diseinaturiko teknika bat da. Presio sakona, eta ez oso luzea. Mina toki gutxi dugulako da, eta nerbioak ez ukitzea zaila da». Partiden ondoren egitea garrantzitsua dela gehitu du Simonek. «Eskuaren barnean odol bilduak, edemak... sortzen dira eta horiek apurtu behar dira. Garai batean ez zela ukitu behar uste zen, eta oker genbiltzan. Hautsi egin behar dira giharrak likido hori xurgatu dezan. Pilotariek beraiek egiten dituzte masajeak eta hainbatek, Olaizola II.ak esaterako, bibragailuak erabiltzen dituzte».

Babesen teknologia

Minari aurre egiteko bidea prebentzioa da: eskuak indartzea eta takoak. Takoen gaian aditua da Garcia. «Pilotaren inpaktuaren indarra ondo barreiatzen duten takoak dira onak, ahalik eta zentimetro karratu gehienetan. Eredu bat jartze aldera, alpinistek oinetan jartzen dituzten erraketen efektua bilatzen dugu, karga banatzea». Material asko probatu dituzte takoak egiteko, baina ikertzen jarraitzen dute. Simonek, halere, konponbidea du. «Tako egokiak lortzeko nahikoa da bi pilotari eta injineru bat Adidas etxeak Txinan zapatilak egiteko duen fabriketarako batera bidaltzea. Han milaka material dituzte, bada denak probatu eta egokia aukeratu».

Letamendiaren iritziz, pilotariek takoak jartzen ikasi dute. «Lehen zainen gainen jartzen zituzten, libre egon beharreko puntuak estaliz. Gero pilota bat sartzen bazaie puntu hori libratu behar dutela ikasi dute. Takoak, gainera, neurrira beharko lukete». Hala egiten ditu Garciak, bi material nahastuz.Lehen geruza eskura egokitzen da, eta bestea gogorragoa da. Horietako bat maratoilariek plantillak egiteko erabiltzen dutenada. «Tako handienak ematen dizkiegu eta neurrira motzen dituzte. Kanpo aldean bihurgune estandarra dago eta barrukoa eskura egokitzen da. Material gogorrek asko babesten dute, baina ukipena galtzen da». Fibrosi kasuetarako, berriz, bereziak dituzte, «Irujorenak» zehaztu du, «zulotxo bat dute fibrosiaren puntua libratzeko».

Ariketekin ere babestu daiteke eskua, «giharreria lantzea da, hobeto babestu dezan», azaldu du Letamendiak. «Pilota eskoletara noanean eskuetako minaren aurkako makina salduko dietela esaten diet: bezperako egunkaria. Ariketa sinpleak dira, orrialde bat eskuan hartu eta hatzekin zimurtzea adibidez. Ariketa asko daude, baina gakoa berezko babesa lantzea da, eta hori ez dute askok egiten». Simon eta Garcia bat datoz, masajistak beste aldagai bat gehitu badu ere. «Eta eskuak ondo berotzea. Titin da eredua, apurka, behar den denbora hartuz. Pilotariak kantxara ahalik eta bizkorren sartzearen nahia kontrolatzen jakin behar du».

Pilotak, «gai likitsua»

Eta pilotak aldatzea? Agian arazoa ez dago jo puntuan, munizioan baizik? Simonek eta Garciak nahiago dute gehiegi ez sakondu, enpresetako parte baitira. Masajistak dioenez, «gai likitsua da» eta ez luke «hor sartu beharko», dena den, azalpen geometrikoa eman du. «Pilotak esferak dira, eta esfera bat mahaia gainean jarriz gero ukipen puntua beti berdina da diametroa edozein izanda era. Beraz, gakoa, indar hori barreiatzea da». Letamendiak, berriz, ez du pilota enpresekiko loturarik, eta libreago hitz egiten du. «Arazoa dago. Orain pilotak txikiagoak dira, eta jaurtigaia txikiagoa bada errazago sartzen da eskuan. Pilotak pisu jakin behar izan badu, eta zuk goma gehiago sartzen badiozu artilea kendu behar diozu, tamaina murriztuz».

Zirujauak estatistika egina dauka, eta pilotarien eskuko gaitzen tipologia urteekin aldatu dela ondorioztatu du. Lehen eskuko min gehiago zegoenbaina azken 30 urteetan odol eza handitu da. «Pilotengatik da, lehen handiagoak ziren. Eskulari enpresa jaio zenean (1972) indar gutxiko pilotariak zituen, eta pilota txikitu zuten goma gehiago jarriz. Pilota gero eta biziagoak dira eta kantxek gero eta distira gehiago dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA