Egunero egiten du joan-etorria jaioterritik Gasteizera Elene Viles Alaveseko jokalariak (Azpeitia, Gipuzkoa, 2001): «Nahiago dut horrela egin futboleko burbuilatik aldentzeko», azaldu du. Realean hazi eta hezi zen, baina azken denboraldian gutxi jokatu eta gero, Arabako taldera etorri da: «Gustura nago hemen, eta jokatzen ari naiz». Espainiako Federazioko Lehen Mailako aurreneko itzulia amaituta, arabarrak bigarren dira sailkapenean. Bartzelona B taldea lehen postuan da, baina, ezin denez maila gorenera igo, gaur-gaurkoz Alaves igoko litzateke zuzenean. Bederatzi puntura du hirugarren sailkatua: Valentzia. Orain, baina, liga alde batera utzi, eta Espainiako Kopan dute arreta osoa. Bartzelona talde handiaren aurka neurtuko dituzte indarrak Ibaian, igandean (19:00).
Bartzelona aurkari zaila da, baina, aldi berean, polita izango da haien kontra jokatzea...
Final-hamaseirenetako partida Levante Lehen Mailako taldearen aurka irabazi genuenean, bagenekien final-zortzirenetan partida zaila edukiko genuela, joan den denboraldian maila nagusian aurreneko zortzi postuetan geratu diren taldeak direlako. Ikusita zeinen aurka joka genezakeen, batzuek nahiago zuten bat edo beste, baina, azkenean, Bartzelona tokatu da. Egun polita izango da, esperientzia ederra baita munduko talderik onenaren aurka jokatzea. Ilusioz gaude partidarako.
Zuk noren aurka jokatu nahi zenuen? Realaren kontra?
Reala hortxe zegoen, bai… Realeko batzuek esan zidaten: «ea tokatzen zaigun elkarren aurka». Ilusioa piztuko zidan haien kontra jokatzeak, baina ez nuen lehentasunik.
Denboraldi honetan Realak irabazi egin dio Bartzelonari Zubietan. Ikusi zenuen partida hori?
Bai, eta, gainera, poz handia hartu nuen. Asko poztu nintzen taldekide ohiengatik. Partida borobila jokatu zuten. Bartzelonari irabazteko ez du bakarrik norberak ondo jokatu behar, haiek ere ez dute hain ondo jokatu behar eta huts egin. Eta horrelaxe izan zen. Sekulako meritua izan zuten.
Litekeena da neurketan haiek baloia edukitzea eta zuek atzean sartzea.
Bai. Bartzelonaren aurka badakizu haiek edukiko dutela baloia, eta defentsan oso indartsu egon behar dugu. Munduko talderik onena da. Haiek ohituta daude baloia izaten, eta oso ondo mugitzen dute batetik bestera. Zuk egindako huts bat garesti ordain dezakezu, eta horregatik, huts gutxi egin behar ditugu, eta, aukerak izaten baditugu, sartu, gutxi izango ditugu eta. Eraginkorrak izan behar dugu: huts gutxi egin, eta neurketaren xehetasunak zaindu behar ditugu; bestela, zaila izango da irabaztea.
Partida bakarrera da. Zaila da, baina ez ezinezkoa.
Bai, futbolak horixe du polita: edozer gerta daitekeela. Guk ahal den ondoen egingo dugu. Gauzak zail jartzen saiatuko gara, haiek gogotik lan egin dezaten guri irabazteko. Defentsan orain arte oso ondo gabiltza: gol gutxi jaso ditugu. Orain egiten ari garen hori Bartzelonaren aurka egin behar dugu, erronka handia izango den arren. Saiatuko gara golik ez jasotzen, edo, behintzat, ahal den gutxien jasotzen.
Ligari erreparatuta, lehen itzulia ezin hobea osatu duzue. Pena izan zen azken partidan hirugarren sailkatu Valentziaren aurka 1-1 amaitu izana, azken bost minutuetan haien gola jaso ondotik.
Bai, partida bukaeran taldekide guztiak penaz geunden. Azkenean, 84. minutura arte irabazten ari ginen, eta, gainera, aukerak eduki genituen bigarrena sartzeko. Horrelakoetan hori pasatzen da: ez baldin baduzu sartzen, aurkariak gogor zigortzen zaitu. Haiek gutxitan iritsi ziren, baina horietako batean, hirugarren aldaratze batean gola sartu ziguten. Futbola horixe da: batzuetan nahiz eta irabaztea merezi, ez duzu irabazten. Hala ere, pozik nago taldeak erakutsi zuen nortasunarekin. Bana berdindu zigutenean ere, beste bi aukera garbi izan genituen gola sartzeko; taldeak indarra erakutsi zuen, nahiz eta berdinduta egon, guk partida irabazteko helburua ez genuen baztertu. Sailkapena ikusita, ez da puntu txarra, baina, halere, irabazi egin nahi genuen.
«Lehen itzuli oso ona egin dugu: partida bakarra galdu dugu. Oso ondo ibili gara, eta gero eta hobeto ari gara»
Orain arte ligan partida bakarra galdu duzue, hiru berdindu, eta bederatzi irabazi. Zein balorazio egiten duzu lehen itzuliaz?
Oso itzuli ona egin dugu: partida bakarra galdu dugu, etxean, Vila-realen aurka. Oso ondo ibili gara. Gainera, uste dut joko aldetik hobetzen ari garela egunez egun, geroz eta partida hobeak egiten ari gara, gehiago ezagutzen dugu elkar… Horrela jarraitu nahi dugu. Jende berria etorri gara, eta hasieratik ondo hartu dugu elkar. Egokitzapena azkarra izan da. Andreak [Estebanek, entrenatzaileak] argi esan zigun Alavesen jokatzeko modua zein zen, eta ideiak argi ditugu. Horrek asko laguntzen du. Taldea oso ondo dago, jarraitzeko gogotsu.
Joan den denboraldian modu bertsuan ekin zion Alavesek sasoiari: lehen itzuli ezin hobea egin zuen, baina, gero, behera egin zuen. Nola ikusten duzu?
Bigarren itzuliak normalean zailagoak izaten dira. Taldeek dagoeneko badakite nola jokatzen duzun. Aurreko denboraldian horixe pasatu zen, bigarrena zailagoa izan zen, eta, azkenean, bolada txar batean sartzen zara, eta zaila da bolada txarrari buelta ematea. Egunerokoari erreparatu behar diogu. Ez dugu beldurra izan beharrik. Astez aste hobetuz joan nahi dugu, eta bukaera gerturatuz doan heinean, ikusiko dugu non gauden, eta zer egin dugun ondo eta zer ez. Baina, gaur-gaurkoz, ondo gaude.
Realetik Alavesera joatea ez zen erraza izango, baina gutxi jokatzen zenuela ikusita, irtenbide bat behar izan zenuen?
Bai. Azkenean, aurreko denboraldian gutxi jokatu nuen, eta nik jokatu egin nahi nuen. Horretara etorri naiz Alavesera, laguntzeko asmoz. Oraingoz, oso gustura nago. Jokatzen ari naiz, eta garrantzitsua sentitzen naiz taldean. Hasieran, beharbada, kosta egiten zaizu erritmoa hartzea, baina partidak jokatu ahala, erritmoa hartzen duzu. Taldekideek asko laguntzen naute.
ATHLETIC EURoparen aurka arituko da gaur
Athleticek Espainiako Kopako final-zortzirenetarako partida jokatuko du gaur, Europaren zelaian (19:00). Bartzelonako taldeak Espainiako Federazioko Lehen Mailan jokatzen du, eta azken postuan dago sailkapenean. Dena den, Javi Lerga, Athleticeko entrenatzailea, ez da fio: «Sasoiko bolada onenean gaude, eta Kopa arduraz hartzen dugu, oso txapelketa garrantzitsua baita guretzat. Iazko ikasgaia ez dugu ahaztu behar. Haiek ez dute ezer galtzeko». Cacereñok utzi zuen iaz kanpoan talde zuri-gorria.