Astillerok berean jarraitzen du, eta atzo beste bandera bat jaso zuen, Orion, KAE 1 ligako seigarren estropadan. Laugarrena du, eta aurrekoak bezala, aise irabazi zuen. Hasi eta buka, nagusitasunez menderatu zituen aurkariak azkeneko txandan. Itsaso mugitu samarrean ere bikain moldatu ziren. Pasai Donibanek ere sari ederra lortu zuen atzo. Bigarren egiten ohituta dago, eta atzo ere horixe egin zuen. Saria sailkapen nagusian erdietsi zuen. Lehen biek jokatuko dute San Miguel ligara igotzeko lehen kanporaketa, eta bigarren postuan sendotu egin ziren. Santurtzik huts latza egin zuelako. Azken txandako bigarren ziaboga baborretik eman zuten, eta azken-aurreko izan ziren. Sailkapen nagusian, bosgarren postura arte jaitsi dira bizkaitarrak. Isuntza da hirugarren, eta 14 puntuko aldea dago pasaitarren eta lekeitiarren artean.
Ligako estropadaren aurretik, emakumeena jokatu zen, Euskotren ligatik kanpokoa, eta Getaria-Tolosak irabazi zien Zumaia, Astillero eta Hondarribiari.
Gaurko estropadei dagokienez, hiru izango dira: KAE1ekoa, Astilleron, 13:15ean; leku berean, emakumeena, 12:45ean -Getaria-Tolosa, Bizkaia eta etxekoen artean-; eta KAE 2koa, Avilesen, 13:00etan.