Arrizabalak hartu du aurrea, eta bi paretaz egin du Espinarrek lehen tantoa. Lehen berdinketa, berriz, ezker boleaz lortu du (2-2). Erritmo bizian hasi dute partida, eta Arrizabalagari erasorako aukerak kentzen saiatu da Espinar, luze jokatuta.
4-3koan hartu dio aurre Espinarrek Arrizabalagari, eta launako berdinketaren ondoren, tartea handia atera dio (16-4), hamabi tanto jarraian eginda. Halako aldea lortuta, patxada handiz gidatu du jokoa Espinarrek. Arrizabalak, aldiz, ezin izan du nahi bezala jokatu, eta arriskatu denetan ere, ez du lortu sakea berriz ere bere aldera ekartzea 16-5ekoa eskuratu arte.
Atsedenaldia hartzeko baliatu du aukera Arrizabalagak, baina ezin izan dio segidarik eman (17-5), eta ezin izan da berriz ere partidan sartu. Zabalean egin du hurrengo tantoa (19-6), eta pilota berria atera du kantxara. Markagailua itxuratzeko balio izan dio (19-8), baina ez gehigo, abantaila handiegia baitzuen Espinarrek. Berriz ere sakea berreskuratu ondoren, garaipenetik tanto bakarrera jarri da (21-8) Usansolokoa, eta pilotakada bat txapapera bota arren, aise iritsi da 22ra (22-9).
Tantoak: Espinar-Arrizabalaga: 0-0; 0-1; 0-2; 1-2; 2-2; 2-3; 3-3; 4-3; 4-4; 5-4; 16-4; 16-5: 17-5; 19-5; 19-8; 21-8; 22-9.
Promozio mailakoa, Aldairentzat
“Gogorra izan da, baina arriskatzea aukeratu nuen, eta ondo atera da”. Lehen aldiz izena eman, eta Emakume Master Cupeko txapela etxera eraman du Amaia Aldaik. Azkoitian (Gipuzkoa) ari dira Emakume Master Cupeko finalak jokatzen, lau eta erdikoan.
Konfiantza handiarekin hasi da Aldai, ondo sakatzen, eta tantoak amaitzeko grinez. Egin ditu bat baino gehiago, baina huts batzuk ere bai. Bost tantoko abantaila hartu du gazteak partidaren lehen zatian (2-7), nahiz eta huts egindako tanto batzuen ondorioz, zertxobait hurbildu zaion Orbegozo (5-9). Dena den, aukerak ondo probestu ditu Dimakoak ondoren, eta tarte handiagoa atera dio azpeitiarrari partidak aurrera egin ahala (5-13).
6-13koan egin du Orbegozok lehen tantoa erasoan, bi paretaz. Tanto lehiatuenetakoa izan da, eta berriz ere partidan sartzea lortu du Orbegozok, hiru tanto erreskadan eginda (8-13). Huts egin du, ordea, laugarrenegoan (8-14), eta atsedenaldia eskatu ondoren, Aldai hasi da berriz aurrea hartzen.
Hortik aurrera, arriskatu egin behar izan du Orbegozok, eta ez zaio nahi bezala atera. Ondo eutsi dio Aldaik, eta zuzenean egin du 22. tantorako bidea.
Tantoak (Orbegozo-Aldai): 1-4; 2-4; 2-5; 2-6: 2-7; 3-7; 4-8; 4-9; 5-9; 5-10; 5-11; 5-12; 5-13; 6-13; 8-13; 8-22.