Estadioak eta derbia

Miarritze eta Baiona aurrez aurre izango dira bihar Donostiako Anoeta estadioan bigarren aldiz, eta horrek puri-purian jarri du Lapurdi aldean estadio berrien gaia.

Miarritzeko zaleak, taldeari animoak emateko oihal handi bat zabaltzen, aurreko denboraldian Anoetan jokatutako derbian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Hilabete eskasean hiru errugbi partida jokatuko dira Donostiako Anoeta estadioan. Hilaren 9an, Baionak Tolosa jaso zuen Gipuzkoako hiriburuan. Bihar, Miarritze eta Baionaren arteko derbia jokatuko da han, eta azkenik, apirilaren 9an, Heineken kopako final-laurdenaren karietara, Miarritzek Tolosaren aurka Donostian jokatuko du berriz ere. Anekdotak batzuen irria eraginen du, eta baten bat hasiko da galdezka ea Anoeta futbol edo errugbi estadio bat ote den. Futbolarien etxean errugbilariek jokatzen dituzten partida horiek gauza bat erakusten dute argi: partida handiak jokatzeko Miarritze eta Baionaren azpiegiturak ez direla egokiak.

Estadioen gaia Lapurdin tentuz lantzen ari den gaia da. Errugbia garapen betean dago azken urteetan. Baionari Jean Dauger erregularki txiki gelditzen ari zaio, 16.000 ikuslerentzako estadioa baita. Miarritzek ere Top14-ko talde ospetsuak edo Heineken kopako partida garrantzitsuak jokatzeko Agilera uzteko ohitura hartu du, Anoetara joateko. Baiona-Angelu-Miarritzeko eskualdea 120.000 biztanleko urbanizazio bat da, baina ez dauka kirol azpiegitura aproposik, Donostiak Anoeta eta Bilbok San Mames duten bezala.

Baiona eta Miarritze elkarren artean hain hurbil egonik —zazpi kilometro eskas—, bi taldeek erabiltzen ahalko luketen estadio komun bat eraikitzea konponbide bat izan daiteke, aldi oro Donostiaraino joan ordez. Milanen, adibidez, Interrek eta Milanek San Siro partekatzen dute. Lapurdiko kostaldean, baina, bi taldeen arteko derbia zelaietatik kanpo ere jokatzen da, eta ez Baionan ez Miarritzen ez dute begi onez ikusten estadio bera ukatea.

'Super Agilera' martxan

Ondorioz, talde bakoitzak nahiago du bere proiektuaren alde aritu. Esparru horretan mugitzen lehena Miarritze izan zen, eta orain hiru urte asmo handiko proiektu bat aurkeztu zuen. Estadioaren handitzearekin batera, merkataritza gune baten irekidera aurreikusten zuen Super Agilera ezizena hartu zuen proiektua. Tartean, baina, krisia etorri zen, eta proiektua diseinatu zuen Loft higiezin promotoreak porrot egin zuen, proiektua ezerezean utzita.

Hiru urteko geldialdiaren ondotik, gauzak berriz martxan ezarri dira Miarritzen. Aste honetan bertan, Serge Blanco Miarritzeko presidenteak Agileraren handitzea aitzina doala zehaztu du: «Egun 9.600 ikusle sartzen dira eserita, eta 3.600 zutik. Estadioa 18.000 ikuslera handitzea da asmoa». Duela hiru urteko merkataritza gunea ahantzita dago, oraingoz. «Etorkizun batean zergatik ez, baina ez da lehentasuna», zehaztu du Blancok.

Miarritze aitzina doa, are gehiago jakinda estadioaren jabea den herriko etxea proiektuaren alde dela. «Proiektuaren alde naiz, eta 5.000 lekuko harmaila berri bat eraikitzeko gastuetan parte hartzeko prest nago», esan du Didier Borotra Miarritzeko auzapezak. Proiektua forma hartzen ari da, eta dagoeneko Miarritzeko urbanismo dokumentuan estadioaren handitzea ahalbidetzeko aldaketak egin dira.

Jean Dauger, beti lepo

Baionan ere Jean Dauger zaharra handitzeko asmoa hitzetik hortzera dabil aspalditik. Estadioa mukuru beteta dauka Baionak astero-astero, eta bi harmaila nagusietan urteko bonuak hartzea ezinezkoa da, itxaron zerrenda handia delako. Miarritzen bezala,asmo handiarekin ekin nahi zion zuzendaritzak estadioaren handitzeari. Besteak beste, Bernard Laporte polemikoa proiektu hori diseinatzeko ekarri zuten Baionara. «Gobernuan zelarik, estadioen dosierra eraman zuen. Bere eginbeharra 20.000 eta 25.000 leku arteko estadio bat diseinatzea izanen da», zioen Francis Salagoiti Baionako presidenteak prentsaren aitzinean Laporte aurkeztu zuen egunean.

Hori dena, Salagoiti eta Laporteren arteko haserrea baino lehen izan zen. Egun krisia sakonean dago sartuta Baiona. Apirilaren 13an batzar nagusi bat egingo du, eta oraingoz botere lehia dago bulegoetan, egun hori prestatzeko. Salagoiti, Laporte eta Alain Aflelou babeslearen etorkizuna erabaki arte, estadioaren gaia bigarren mailan geldituko da.

Baina argi da, Miarritzerentzat bezala, Baionarentzat txosten garrantzitsua izanen dela bere estadioaren handitzea. Errugbia garapen betean dago Frantziako Ligan. Hiri handietako klubak pixkanaka nagusitzen ari dira, eta haien indar ekonomikoa alde dute. Aitzinkontuak gora eta gora doaz, eta inflazio horri aurre egiteko, estadioek diru iturri izan beharko dute.

Bi klubak ez dira elkar konpondu, zoritxarrez, Anoetaren dimentsioko estadio komun bat eraikitzeko. Bakoitza bere astoari arre egiten dabil, eta Agilera zein Jean Dauger handitzea da lehenetsitako bidea. Handitzeak, baina, mugatuak izanen dira 20.000 ikusle inguruko neurrian. Dudarik ez da, beraz, partida garrantzitsuenetan, eta batik bat Heineken koparen karietara, Lapurdiko taldeek Anoetara joaten jarraituko dutela. Donostiarren mesederako izanen da hori, baina, zergatik ez, euskaldunen artean harreman sendoagoak eraikitzeko ere balio lezake. Ez litzateke gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.