Harri jasotzearen historian letra larriz ageriko da aurrerantzean Estefania Etxebeste Giraldo (Ituren, Nafarroa, 2002). Harri jasotzaileen artean bat gehiago zen orain arte, baina bakarra da orain. Besteak beste, marka latza ezarri baitzuen joan den asteburuan, Ramon Latasaren oroimenezkoan, etxetik kilometro gutxira: Sunbillan. Ehun kiloko harri zilindroari 59 altxaldi eman zizkion, bi txandatan banatuta, eta aurrez Idoia Etxeberriak zuen errekorra hautsi zuen. Harria 56 aldiz zuen altxatua oriotarrak, eta hiru altxaldi gehiago lortu zituen nafarrak. Balentria ikaragarria, dudarik gabe. «Ez nuen inondik ere espero marka egiterik, eta pozak zoratzen nago». Harri jasotzen bi urte eskas soilik daramatzan arren, handien artean tokia egina du Etxebestek.
Errekorra ezarri zuenetik egun batzuk igaro diren arren, lortutakoa sinetsi ezinda dago oraindik. «Izar artean sentitzen naiz. Pentsatu edo egin, alde handia dago, eta ez nuen espero marka lortzerik. Ez naiz jabetzen zer egin dudan». Batez ere beroaren beldur zen iturendarra. «Urduritasuna ongi kudeatu nuen, baina beroa ez. Bigarren txandan ito egin nintzen, arnasa hartzea kosta egiten zitzaidan, baina merezi izan zuen sufritzea». Hori bai, zorabioak denbora dezente iraun zion. «Ederki kosta zitzaidan gorputzari buelta ematea. Ahalegin fisikoan ez ezik, emozio aldetik ere egun gogorra izan zen, eta gero ordaindu nuen. Halere, harro nago harri jasotzearen historian nire izena kokatu dudalako».
Bost minutuko bi kintze izan zituen Etxebestek marka saiakera egiteko. Lehen txanda oso ona izan zen: 32 jasoaldi lortu zituen. Joseba Ostolaza entrenatzailearen aholkuak ez ziren alferrikakoak izan. «Erran zidan marka lortu nahi banuen lehen txandan jo behar nuela benetako kolpea. Denborarekin, arrazoi ematen diot. Haren lana funtsezkoa izan zen lehen zati horretan». Izan ere, bigarrenean altxaldi gutxiago egin zituen: 27. «Frontoia izugarri berotu zen bi txanden artean, eta sufritzea tokatu zen. Aitzinetik etxean egina nuen lan hori, baina errekorreko egunean bertan egitea zailagoa da. Lortu nuen, eta bereziki neure buruari erakutsi nion konfiantza handiagoa izan behar dudala nigan».
«Iturenen egin nuen lehen plaza, eta nahi nuke bertan marka saiakera bat egin»
ESTEFANIA ETXEBESTE Herri kirolaria
Marka saiakeraren proposamena ongi gogoan du Etxebestek. «Ostolaza nire bigarren aita dela erranen nuke, eta hark proposatu zidan lan hori egitea. Hasieran astakeria iruditu zitzaidan, baina begira gauzak zer diren». Hori bai, entrenamenduak oso gogorrak izan dira, fisikoki zein psikologikoki. «Erabat harri berarekin entrenatzen jarduteak anitz nekatzen du, eta hilabete gogorrak izan dira azken biak. Entrenamenduetan zentratu naiz, eta uko egin diet hainbat gauzari: parrandei, adibidez». Errepidean eginiko kilometroak ere ez dira gutxi izan. «Iturendik Oriora joan ohi naiz astean bi aldiz, eta anitzetan gaueko hamabiak izaten dira etxera iristerako. Harria altxatzeaz gainera, lana ere egiten dut, eta nekeza da gorputzez eta buruz fresko egotea. Aitortu behar dut errekorrak zentzua eman diola horri guztiari».
Joaldunen ezustea
Zorion mezuak hainbat eta hainbat jaso ditu Etxebestek, baina lagunak eta herritarrak ditu beti alboan. Sunbillan bertan herriko joaldunak azaldu zitzaizkion, ezustean. «Herriko ostatuan lan egiten dut, eta sumatzen nuen zerbait prestatzen ote zebiltzan. Izugarria izan zen probaren ondoren joaldunak agertzea. Joaldunak hagitz bereziak dira Iturenen, eta sekula ahaztuko ez dudan keinua izan zen herritarren partetik». Lagunak ez dauzka saltzeko Etxebestek. Haiei esker hasi zen harri jasotzen. «Sarri joaten ginen herri kirolak ikustera hara eta hona, eta beti erraten nien gustura ariko nintzela harri jasotzen, baina ez nintzen ausartzen. Lagunek Oriora eraman ninduten espero gabe, Ostolazarengana, eta orduantxe hasi zen dena. Lagunengatik ez balitz, ez nintzatekeen plazetan ariko». Lagunak lagun, beti bezala ama izan zuen akorduan hartutako lehen pertsona. «Hori beti».
Harriari esker, beste bizimodu bat topatu du iturendarrak. «Esfortzu handia eskatzen du kirol honek, baina ohartu naiz merezi duela. Hagitz kontent nago sortu dudan bizimoduagatik. Harriak diziplina eskatzen dit, errutina bat, baina ilusioa ere bada, barrenak askatzeko modu bat. Gozatu egiten dut plazetan». Plaza faltarik ez dauka, gainera. «Udaran erakustaldi anitz ditut han eta hemen, eta irailean hasiko naiz Euskadiko Txapelketa prestatzen». Txapelketa hori urrian jokatuko da. Aurrez, bihar bertan, Ulia harriarekin jardungo da Etxebeste, Donostian.
Aurrerago begira, erronka edo ametsik ez du falta. «Iturengo plazan egin nuen nire lehen saioa, eta gustatuko litzaidake marka saiakeraren bat bertan egitea. Heldulekuak beti behar ditu kirolari batek, eta horixe da nire ametsa».
IKer Vicentek bosgarrenez irabazi nahi du Urrezko Kopa, gaur, Donostian
Bost aizkolari ariko dira Urrezko Koparen lehian, gaur, Donostiako Trinitate plazan, 19:30etik aurrera: Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Julen Alberdi Txikia IV.a, Hodei Ezpeleta eta Josean Etxeberria. Ohi bezala, hamalau kanaerdiko ebaki beharko dituzte aizkolariek, eta Vicente izango da txapela janzteko hautagai nagusia. Nafarrak lau aldiz irabazia du aurrez txapelketa: 2019an, 2020an, 2023an eta 2024an. Larrañagak eta Txikia IV.ak ere badakite zer den txapelketa hori irabaztea: 2021ean eta 2022an lortu zuten, hurrenez hurren. Historiari erreparatuta, Floren Nazabalek du txapel gehien: bederatzi. Anjel Arrospidek bost ditu, eta Aitzol Atutxak, berriz, lau.