Estrasburgok ebatzi du Semenya atletak ez zuela «bidezko epaiketarik» izan

Munduko Atletismo Federazioak 400 metro eta milia bat arteko lasterketetan aritzea debekatu zion, baldin eta berezko testosterona maila jaisteko botikarik hartzen ez bazuen. Atletak helegitea aurkeztu zuen, baina ez zioten kendu debekua.

Caster Semenya atleta hegoafrikarra, lehian. JEAN-CHRISTOPHE BOTT / EFE
Caster Semenya atleta hegoafrikarra, lehian. JEAN-CHRISTOPHE BOTT / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2025eko uztailaren 10a
15:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren Ganbera Nagusiak ebatzi du Caster Semenya atleta hegoafrikarrak ez zuela «bidezko epaiketarik» izan Suitzan. Munduko Atletismo Federazioak (IAAF) 400 metro eta milia bat (1.609 metro) arteko emakumezkoen lasterketetan aritzea debekatu zion 2018an, baldin eta berezko testosterona maila jaisteko botikarik hartzen ez bazuen. Atletak helegitea aurkeztu zuen Suitzako Auzitegian eta Kirola Arbitratzeko Epaitegian (TAS), baina ez batak eta ez besteak ez zion kendu debekua. Kontrara, federazioak hartutako erabakia babestu zuten.

Atletak borrokan dihardu ordutik, eta hainbat ate jo behar izan ditu. «Emaitza positiboa izan da. Buruzagientzat abisu bat da lehentasuna kirolariak babestea dela», esan du. Hala ere, auzitegiak ukatu egin du bizitza pribaturako eskubidea urratu izana eta diskriminazioa egin izana —2023an bai aitortu zion diskriminatu zutela—.

Semenya bitan izan zen olinpiar txapeldun 800 metrokoan —2012an eta 2016an—, eta beste hirutan munduko txapeldun —2009an, 2011n eta 2017an—. 2018an, baina, IAAFk lehiatzeko debekua jarri zion, atleta hegoafrikarrak uko egin ziolako testosterona apaltzeko botikak hartzeari.

Geroztik, epaitegietan jarraitu behar izan du lehian. Helegitea aurkeztu zuen Estrasburgoko auzitegian, eta hark ebatzi zuen Munduko Atletismo Federazioak Semenya diskriminatu zuela. Suitzak, baina, helegitea jarri zuen, eta, beraz, auzitegi horretako Ganbera Nagusiak aztertu du kasua. Azken epaiaren arabera, Semenyak ez du «berme prozesal nahikorik» izan.

Gaur egun, indarrean dago emakumeei ezarritako testosterona muga; 2019an onartu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.