'Estrobo auziko' epaiketa astelehenean hasiko da

Aitor Manterola Garate.
2015eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Estrobo auzia berriz azaleratu da, eta oraingoan, zehaztasun osoz. Izan ere, datorren astelehenean hasiko da epaiketa Bilbon, eta bospasei egun iraungo du ahozko zatiak. Fiskalak azaldu du zer leporatzen dien inputatuei, eta, besteak beste, «dopatzeko sarea osatzea» dago. Akusazio horren pean epaituko dituzte 2010ean Urdaibaiko entrenatzaile zen Jose Manuel Francisco; Josu Zabalondo orduko presidentea; Borja Garai, denboraldi hartako medikua; eta Arantza Ormaza, klubeko erizaina orduan.

Beste sei pertsona ere epaituko dituzte; tartean, Marcos Maynar medikua. Harengana jo zuten akusatuek, fiskalaren ustez, «produktuen kalitatea gainbegiratu eta lortzen laguntzeko. Fiskalak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatzen du, «osasun publikoaren aurkako delitua egiteagatik», eta Garairentzat urtebete gehiago ere bai, «agiriak faltsutzeagatik». Auzia 2010eko irailean piztu zen, Jose Luis Kortak, Kaikuko entrenatzaileak, egindako adierazpenen harira. Kontxako Bandera bukatu berritan hitz egin zuen, eta Urdaibairi, urte hartako garaileari, dopin substantziak hartzea leporatu zion.

«EPO, nandrolona...»

Fiskalak bere kabuz hasi zuen ikerketa, eta ondorio hauek atera ditu: «Presidenteak, entrenatzaileak, medikuak eta erizainak elkarrekin lortu zituzten substantziak, arraunlarien maila hobetzeko, eta substantzia horietako batzuek osasun arazo larriak eragin ditzakete, baita heriotza ere». Zehaztu egiten du fiskalak zein diren produktu horiek: EPO, nandrolona eta hormona mota batzuk, besteak beste. Fiskalak dio «horietako batzuk zainetatik sartu zizkietela arraunlariei, hala egitea debekatua dagoenean».

Horregatik guztiagatik, eta beste akusazio batzuengatik, fiskalak espetxe zigorra eskatzen du akusatuentzat. Horien artean ez dago Urdaibaiko arraunlaririk. 2010ean, Urdaibaik Kontxako Bandera ez ezik, San Miguel liga ere irabazi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.