Kontxako Bandera

Estropada eta Kontxako Bandera, Urdaibairentzat

Une batez, Zierbena zazpi segundo aurretik izan du Bou Bizkaia-k, baina poparean erakustaldia eman dute Iker Zabalaren arraunlariek

Urdaibaiko arraunlariak bandera irabazi izana ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2023ko irailaren 10a
12:57
Entzun

Sufrituta, baina Kontxako Bandera Bermeora joan da bigarren urtez jarraian. Urdaibaik irabazi du Kontxako Bandera. Bi txanden artean haizea mugitu egin da, eta lehen txandako Zierbena izan dute aurkari nagusia bermeotarrek. Une batean zazpi segundo aurretik ere izan da Zierbena, baina Urdaibaik ez die tokirik utzi ezustekoei, eta irabazi egin du Kontxan poparean erakustaldia emanda. Zierbenak baino lau segundo gutxiago behar izan ditu Bou Bizkaia-k. Amaieran Zierbena izan da bigarren, eta Hondarribia hirugarren. Ondarroa kanporatu egin dute epaileek, arraunlarien zerrenda berandu aurkezteagatik.

Lehenego txandan espero zena ikusi da. Zierbenak bakarkako lana egin du, iragan igandean Urdaibaik egin zuen bezala, eta aurrean egin dute estropada guztia, bakar-bakarrik. Zazpi segundo galduta zegoen Zierbena iragan igandean, eta kontsolazio txandan aritzea egokitu zaie, bosgarren izan baitziren. Gutxi zeukan kontsolaziotik, baina. Denen ahotan egon dira Galipoak haste honetan, edozein eguraldi aldaketak baderarekin amets egiteko aukera ematen baitzion. Dani Perezenak sinetsita atera dira Kontxako badiara, eta goran jarri dute langa.

Hasi eta berehala lortu ditu Zierbenak lehenengo aldeak, eta arerioak ohorezko txandan zeudela jakitun, arraunlariei eskatu eta eskatu aritu da Borja Gomez patroia. Lehen luzea ikaragarria izan da. Argi ikusi da Perezen erabakia. Brankaz apurtu nahi zuen estropada, eta itzuleran nahi zuten bidetik itzuli. Indar erakustaldia egin dute bizkaitarrek, eta aldeak oso handian izan dira ziabogan. Hamazazpi segundo atera dizkio Cabori. Poparean gehiago sufritu dute bizkaitarrek. Emandako guztiaren ostean indar askorik gabe iritsi dira itzulerako bigarren erdira. Hala ere, lanean jarraitu dute, eta 32 segundoko aldearekin irabazi dute txanda. Cabo bigarren izan da, eta Getaria hirugarren. Ondarroa azkena izan da, baina estropada hasi aurretik deskalifikatu dute Itsasoko Ama, arraunlarien zerrenda berandu aurkezteagatik. Hortaz, postuarengatik lortu beharko luketen ordainsaririk gabe gelditu dira, besteak beste.

Bigarren txandan Urdaibaik abiadura bizian egin du hasiera. Txandakideak baino askoz hobeto aritu da Iker Zabalaren taldea, eta sei minutuko lanean bost segundo inguru atera dizkie txandako hiru aurkariei. Baina iristen zitzaien informazioa oso txarra zen. Haizeak gora egin du, eta Zierbena sei segundo aurretik zegoen denbora tarte horretan. Bitartean, Oriok, Donostiarrak eta Hondarribiak bi segundoko aldearekin egin dute estropadaren lehen erdia, baina Urdaibairengandik zazpi segundora.

Atzetik aurrera, iragan igandean bezala

Ziabogan lehen txandako Zierbenarena zen denbora onena. Bost segundo gehiago behar izan ditu ohorezko txandako lehenengo ontziak, Urdaibaik. Bermeotarrengandik zortzi segundora iritsi da Donostiarra, eta urrutiago beste biak. Hamaikara Donostiarra,eta hamahirura Hondarribia. Argi zegoen. Bandera Bizkaitar batentzat zen, baina ikusi behar zen, Urdaibaira edo Zierbenara. Poparean, lehenengo erdiak garrantzia handia zeukan bermeotarrentzat, eta hor jo dute urdinek, Gorka Aranberriren ohiuen artean. Itzuleran haizea alde izan du Urdaibaik, eta pixkanaka-pixkanaka jan dio denbora Zierbenari. Hori bakarrik ez, azkenean estropada ere irabazi du Urdaibaik. Sufrituta bai, baina iragan igandean bezala, erakustadia eman du poparean. Zierbenak baino lau segundo gutxiago behar izan ditu. Minutu erdira iritsi dira txandakideak.

Urdaibairen atzetik, bata bestearen atzetik gelditu dira sailkapen nagusian Zierbena, Hondarribia, Donostiarra, Orio, Cabo da Cruz, Getaria eta Ondarroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.