Altuna III.ak eta Peña II.ak estu hasi dute partida, baina amezketarrak nagusitasunez irabazi du

Pareko ekin diote lau eta erdiko ligaxkako lehen partidari bi pilotariek, eta markagailuan islatu da hori: 9-9. Hortik aurrera, Jokin Altunak hartu du jokoaren ekimena, eta Jon Ander Peñari ihes egin dio lehiak (22-13).

Jokin Altuna Jon Ander Peñaren aurka, gaur, pilotakada bat jotzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jokin Altuna Jon Ander Peñaren aurka, gaur, pilotakada bat jotzen. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2025eko urriaren 11
20:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Behetik gora eginda, Jokin Altuna izan da nagusi Jon Ander Peñaren aurka lau eta erdiko ligaxkako lehen jardunaldian. Bi zatitan banatu daiteke partida: lehenengoan, bi pilotariek lehia estua izan dute. Erritmo bizian jokatu dute, eta azkar egin dituzte tantoak, pilotakada gutxitan. Markagailuan ere kantxako parekotasuna islatu da: 3-3, 5-5, 7-7 eta 9-9. Hortik aurrera, aldatu egin da neurketaren gidoia. Altuna III.ak hartu du jokoaren ekimena, eta irmo hasi da tantoak egin eta egin. Peña II.a, berriz, ezinean aritu da. 15-9 aurretik jarri da amezketarra, eta tolosarra ez da gai izan partida iraultzeko. Aukerarik ere ez dio utzi Altuna III.ak. Hura zen faboritoa, eta, askok espero bezala, hark irabazi du. Azkenean, 22-13 bukatu da. 

Erasokor ekin dio partidari Peña II.ak, jakinda bestela aukera gutxi izango zuela amezketarraren aurka lehiatzeko. Ahal bezain azkar saiatu da tantoak bukatzen. Ondo atera zaio zenbaitetan, baina kale ere egin du, presaren presaz. Halaxe esan du partida amaitutakoan: «Opari dezente egin ditut, eta horrela zaila da 22 tanto egitea. Beste gauza batzuk ondo egin ditut, baina tantoa gogortu behar nuenean, okertu egin naiz. Hasieran gehiago asmatu dut». 

Sakatzaile ona da Peña II.a, eta ahalegindu da horrela min egiten: sakean eta bigarren pilotakadetan hozka eginez. Arriskatu duenetan, baina, kanpora ere joan zaizkio batzuk. Jokin Altunaren hamargarren tantorako, lau zituen huts eginak tolosarrak, laurak zabalean. Dena den, egindakoak ere dotoreak izan dira.

Amezketarra esnatu den arte. Pixkanaka, partidari neurria hartu dio Aspekoak, eta orduantxe aldatu dira gauzak. Peña II.ari korri eginarazten saiatu da Altuna III.a, pilota eta aurkaria alde batera eta bestera mugituz, eta ondo amaitu ditu tantoak. Aurpegiera ere aldatu zaio, eta sumatu da gehiago ari zela gozatzen.

Bukatutakoan onartu du min hartuta egon dela, apenas entrenatu dela, eta bazuela kezka: «Hasieran kostatu zait, eta oso makal aritu naiz. Bi-hiru pilota izan dira Peñak gaizki jo dituenak, eta, erraz iristeko aukera izanda, oso berandu iritsi naiz. Bi aste hauetan abduktorean molestia dezente izan dut, fisioterapeutara bueltaka ibili naiz. Tanto gogor batzuk ondo etorri zaizkit berotzeko. Bigarren zatian gehiago asmatu dut». Estu hasi bai, baina nagusi bukatu du.

A multzokoek bihar jokatuko dute ligaxkako lehen jardunaldiko beste partida: Bakaikoa eta Zabala ariko dira nor baino nor gehiago, Lekunberrin, 17:30ean (ETB1). B multzokoek, berriz, atzo jokatu zituzten partidak. Lehiatuak izan ziren biak. Jakak 22-18 irabazi zion Peio Etxeberriari, eta Ezkurdiak 22-19 Larrazabali. 

«Final gogorra»

Bestalde, Hiru Hiriburuak txapelketako finala jokatuko dute, bihar, Donostiako Atano III.a pilotalekuan (12:00, EITB1). Zabaleta eta Mendizabal bikotea Etxegarai eta Gaminde bikotearen aurka arituko da. Iaz Goiuri Zabaleta eta Nora Mendizabal izan ziren txapeldun, eta balentria errepikatzeko asmoz kantxaratuko dira bihar. Maddalen Etxegarai eta Enara Gaminde, berriz, aurkariaren asmoak zapuzten eta txapela irabazten saiatuko dira. «Final gogorra» espero dute pilotariek; ez dago faborito argirik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.