Eta gaur asteazkena da

Real Madrilek Milanek emandako erraztasunak baliatuta apurtu du partida, bi minutuan, eta sendo aritu da gero

enekoitz telleria sarriegi
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Batzuk sekulako garrantzia ematen zioten partidari, eta sekulako garrantziarik ez emateagatik mintzatu zen bezperan Mourinho ohikoa duen harrokeriaz eta piparkeriaz. «Irabazten badugu, hurrengo egunean asteazkena izango da. Galtzen badugu, hurrengo egunean asteazkena izango da». Eta gaur asteazkena da. Eta batzuk sekulako garrantzia emango diote atzo Real Madrilek Santiago Bernabeun egindakoari, eta sekulako garrantziarik ez emateagatik mintzatuko dira beste asko. Kontua da, gehiago direla atzokoari garrantzia ematen ziotenak ematen ez ziotenak baino, eta ondorioak ateratzen hasita, zera da ondorioa: Real Madril hau badabilela. Badabilela Espainiako ligan eta badabilela Txapeldunen Ligan. Eta ondo dabilela, gainera. Pareko kontrarioa zeukalako atzo, Italiako taldeen kontrako lehortearekin amaitu zuelako atzo -2005-06 denboralditik zortzi aldiz zegoen jokatuta Italiako taldeen kontra eta behin bakarrik irabazita-, eta talde sendoaren itxura eman zuelako atzo.

Ordu laurdena jokatu gabe zegoen oraindik eta apurtuta zeukan Real Madrilek norgehiagoka alde. Zortea izan zuen alde eta Milanek emandako erraztasunak alde. Xabi Alonsori egindako falta jaurti zuen Ronaldok 13. minutuan, eta haren joaren beldur edo antolaketa faltaz, erabat ireki zen hesia eta zuloan barna sartu zen baloia sareetara -Amelia atezainak atzokoa zuen debuteko partida Txapeldunen Ligan eta ez zuen hasiera ederra izan-. Eta baloia erditik atera eta hurrengo jokaldian, Ronaldok Oezili pasea eta haren jaurtiketa ere sareetara, Bonera atzelariaren sorbaldan jota. Bi minutuan partida apurtuta eta bi minutuan Milanen asmoak hankaz gora jarrita.

Asmoa, izan ere, defentsako lerroa aurreratu eta Real Madrili tokirik ez uztea zen hasieratik. Erritmorik eta abiadurarik ez hartzen uztea zen asmoa hasieratik, baina apurtu egin zen partida hortik aurrera. Egia da lehen une batean erreakzionatu zuela Milanek, apurtze horretan hobeto moldatu zen Real Madril baino une batez, baina hortxe gelditu zen Milanen atzoko emana. Une eta minutu horietan. Hortik aurrerakoetan, ezer gutxi.

Sormena behar zuen Milanek eta ez zen sormenik agertu. Galduta aritu zen Pirlo eta galduta Seedorf. Zelai erdirik gabe aritu zen Milan bigarren zati ia osoan. Ibrahimovicen berririk ez zen izan ia partida osoan, Ronaldinhorenik ere ez eta Patorenik are gutxiago. Eurena zen ardura eta ez zuten ardurarik hartzen asmatu sekula.

Haiek asmatu ez zutela izango da apika, eta Real Madrilek asmatu zuelako apika. Xabi Alonso eta Khedira jaun eta jabe izan ziren zelai erdian. Lan eskerga egin zuten baloiak lapurtzen eta jokoa banatzen. Ronaldo bere airera ibili zen, beste behin. Ongi gutxitan, presakaegi askotan. Eta Di Mariak eta Marcelok jokatu zuten atzo asko futbolean. Bigarren horren jarduna da benetan nabarmentzekoa. Hark izan duen aldaketa baita Real Madrilek berak izan duena ongien laburbiltzen duena. Jakina zelako haren erasorako gaitasuna, baina agerikoa delako orain defentsarako duen konpromisoa. Hori da Mourinhok talde horretan lortu duena. Denek denentzat jokatzea -salbuespenak salbuespen-, eta talde itxura sendoa ematea. Irabazita ere asteazkena da gaur, baina astezken gozoa Madrilen.



Real Madril 2

Milan 0

Real Madril. Casillas; Arbeloa, Carvalho, Pepe, Marcelo; Khedira, Xabi Alonso; Di Maria (Granero, 87. min.), Oezil (Lass, 82. min.), Cristiano Ronaldo; Higuain (Benzema, 89. min.).

Milan. Amelia; Zambrotta, Bonera, Nesta, Antonini; Gattuso (Boateng, 58. min.), Pirlo, Seedorf; Ronaldinho (Robinho, 72. min.), Pato (Inzaghi, m.78), Ibrahimovic.

Golak. 1-0. Ronaldok (13. min.). 2-0. Oezilek (14. min.).

Epailea. Pedro Proença (Portugal). Txartel horiak: Real Madrileko Di Mariari eta Milaneko Bonera, Boateng eta Antoniniri .

Bestelakoak. 80.000 ikusle inguru Santiago Bernabeu estadioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.