Joan den urtean kale egin zuen. Finalerdietan Jelena Jankovicen aurka galdu eta Australiako Irekitik kanpo geratu zen Serena Williams. 2007an torneoa hirugarren aldiz irabazi ondoren, iaz estatubatuarrak ez zuen titulua defendatzerik izan. Bi urtetik behin irabaztera ohitu da; 2003an irabazi zuen aurrenekozAustralian, eta ordutik bi urtetik behin izan da indartsuena. Hala, estatistikek diote laugarrena eskura dezakeela. Gainera, Australian jokatu dituen final guztiak irabazi ditu. Azken muga, ordea, bihar gainditu beharko du, finalean Dinara Safina errusiarrari irabazita.
Australiako Irekiko aurtengo emakumezkoen txapelketak berezitasun nabarmen bat izan du: Errusiako tenislarien presentzia eta nagusitasuna. Hain zuzen ere, final-laurdenetako kanporaketa guztietan errusiar bat egon da. Vera Zvonarevak, Elena Dementievak eta Safinak euren kanporaketak gainditu eta finalerdietarako sailkatu ziren. Dena dela, Safinak bakarrik lortu du finalera iristea. Atzo, finalerdietako bigarren partidan, nahiko erraz gainditu zuen Zvonareva (6-3 eta 7-6).
Serena Williamsek, berriz, errusiarren aurkako borroka etengabea izan du. Final-laurdenetan nahi baino partida zailagoa jokatu zuen Svetlana Kuznetsovaren kontra, baina azkenean kanporaketa gainditzea lortu zuen. Atzo, berriz, aparteko arazorik gabe menderatu zuen Dementieva, beste finalerdian (6-3 eta 6-4). 27 urterekin, estatubatuarrak laugarren finala jokatuko du, merezita. Izan ere, Dementievak hamabost partida galdu gabe zeramatzan, eta, gainera, garaipen ederrak lortu izan ditu azken hilabeteetan. Esaterako, Pekingo Olinpiar Jokoetan urrezko domina eskuratu zuen banakakoan, eta aurten, Australian, Sydneyko torneoa irabazi du. Bitxia bada ere, azken bi lorpen horiek Safinaren kontura eskuratu ditu. Bi finaletan topo egin eta bietan Dementieva izan zen indartsuena.
Neurri batean, Safinak gaurko finala lasaiago jokatuko du. Dementievaren mamua gainetik kendu arren, Serena Williams ez da izango aurkari errazagoa. Australian hiru aldiz irabazi duen baten kontra aritzeak ez du zerikusirik Pekingo edo Sydneyko finalekin. Nolanahi ere, Safinari motibaziorik ez zaio falta. Bihar Grand Slam bateko bigarren finala jokatuko du. Iaz Roland Garrosen finalera iritsi zen eta galdu egin zuen, Ana Ivanovic serbiarraren aurka, eta bigarren aukera behar bezala aprobetxatzen saiatuko da, Marat Safin anaiak egin zuen bezala. Australiako Irekiko 2002ko eta 2004ko finalak galdu zituen, baina 2005ekoa irabazi zuen. «Finala telebistan ikusi nuen, eta orain jokatzen ikusten dudan bakoitzean begiak malkoz betetzen zaizkit. Duela egun gutxi izan zen haren urtebetetzea, eta, agian, diru nahikoa irabaziko dut opari on bat erosteko», adierazi zuen Safinak finalerdietako partida bukatzean. Errusiarrak 22 urte baino ez ditu, eta oraindik bide bat du egiteko tenisaren munduan. Halere, bihar eman dezake onenen artean sartzeko jauzia.
Federerrek, Verdasco nahiago
Bestalde, gizonezkoetan Roger Federerrek atzo agerian utzi zuen Pete Sampras tenislariaren marka berdindu nahi duela. Estatubatuarrak hamalau Grand Slam irabazi zituen bere kirol ibilbidean, eta suitzarrak hamahiru irabazi ditu orain arte. Finalerdietan suitzarrak erraz gainditu zuen Andy Roddick (6-2, 7-5 eta 7-5). Finalean zeinen kontra ariko den gaur jakingo du. Bigarren finalerdian Rafa Nadal kataluniarrak eta Fernando Verdasco espainiarrak neurtuko dituzte indarrak. Biek txapelketa ederra jokatu dute, eta azken ahalegina behar dute. Federerrek atzo bertan adierazi zuen finalean Verdascoren kontra jokatu nahi duela. «Orain arte ez du Grand Slameko finalik jokatu, eta, gainera, komeni zait».
Eta orain, laugarrena nahi
Serena Williamsek eta Dinara Safinak bihar jokatuko dute Australiako Irekiko emakumezkoen finala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu