Ez da erraza, baina ez litzateke ezta ere miraria izango. Athleticek bihar Real Madrili irabaziko balio bere historian emandako kolperik entzutetsuenetako bat emango luke, eta Realaren eta euskal futbolaren alde, politena. Athleticek 1958an Santiago Bernabeun bertan Real Madrilen aurka besteak beste Di Stefanok osatutako taldea irabazi zuen Espainiako Koparekin alderatzeko moduko garaipena izan liteke. Hiru puntu horiek UEFAko txartela ziurtatuko liekete zuri-gorriei, eta Realari Liga eskura utziko liokete.
Realzaleak, beraz, itxaropentsu egoteko moduan dira. Ez da denboraldi erraza izan Athleticentzat. Txarto hasi, Gurpegi kasua gero, azken egunotan Heyn-ckes entrenatzailearen agurra, eta Alkiza eta beste jokalari batzuena gehitu behar. Baina horren guztiaren gainetik albiste txarrena asteazkenean iritsi zen: Javier Uriaren heriotza. Taldeak orain nola erantzungo duen ikusteko dago, baina orain arte, Athletic etxafuego bat izan da bigarren itzulian.
Prestaketa baten emaitza
Aurreko denboraldiaren amaieran taldeak pot egin zuen, eta lezioa ikasita Jupp Heynckes entrenatzailea eta Juanjo Martin-Delgado, Angel Vilda eta Walter Junghans laguntzaileak beste prestaketa bat antolatu zuten pasa den udan. Horrek bigarren itzuliko hirugarren talde onena izatera eraman du Athletic 33 punturekin, Real Madril eta Deportivoren atzetik biek 37 punturekin. 1997-1998an bigarren itzuli osoan lortu zuen puntu kopuru bera lortu dute zuri-gorriek jada, eta igandean hori gainditzeko moduan dira.
Gainera, etxetik kanpo galdutako zazpi partidetatik bi bakarrik jokatu dira bigarren itzulian, eta gainerako guztiak lehen itzuli aldrebesean galdu zituen. Athleticek galdu zuen azken partida, hain zuzen, Celtaren aurka galdu zuen Balaidosen, 2-1. Orduz geroztik, martxoaren 23tik, zuri-gorriek ez dakite zer den partida batean punturik ez irabaztea. Azken hamar partidetatik sei irabazi ditu Athleticek eta lau berdindu, 30etik 22 puntu lortuz. Modu horretan denboraldian bete duen posturik gorenean iritsi da Bizkaiko kluba denboraldiaren amaierara, azken urteetan azken partidetan jasaten zuen beheranzko joera hautsiz. Iaz, esaterako, 20 jardunalditan bigarren egon ondoren, denboraldia zortzigarren amaitu zuen Alavesen mesedetan UEFAtik kanpo, azken jardunaldietan 6., 7., 8. eta 9. postuetan gasik gabe gorabehera ibili ondoren.
Uriaren heriotzak belztu egin du Liga amaiera, baina kirol arloari soilik dagokionean, igande honetan UEFAn sartu edo ez, bost denboraldi ziren Athleticek ez zuela denboraldi bat horrenbeste ilusio, kalitate eta etorkizunerako proiektu batekin amaitzen. Heynckesek talde gazte bat marraztu du bi denboralditan; besteak beste Gurpegi, Del Horno, Prieto, Arriaga, Murillo eta Cesar jokalari gazteei leku eginez. Hori da alemaniarrak uzten duen hondarra. Hori eta, oraindik zer hobetu baduen arren, aurrean eta atzean ondo kokatutako taldea.
Maiatzaren 18an Alavesen aurka 2-4 irabazi ondoren, denboradi honetan lehen aldiz Athleticen gehiago ziren sartutako golak jasotakoak baino. Urzaiz, Etxeberria eta Ezquerroren begi zorrotzari eta Aranzubiaren porlanezko eskumuturrei zor zaio. Errioxarren kasua da aipagarriena. Atezainak amaiera eman dio urteetan atearen inguruan sortutako eztabaidari. Valencia, Etxeberria eta Lafuentek lortu ez zutena lortu du, eta urte askotarako izan dadila gainera. Aurrelariak, berriz, hamaika gol sartu ditu, orain arte zaleek ikusi gabe zuten erraztasun bat erakutsiz aurreko denboraldian bost sartu zituen.
Une honetan 62 gol ditu alde eta 58 aurka ditu Athleticek. Pena da, ordea, Bartzelonaren aurkako gol aldea kontrakoa izatea 0-2 galdu zuen etxean, eta 2-2 berdindu Camp Noun. Horrek, seigarren postua ziurtatzeko, irabaztera behartzen du azken jardunaldian. Santiago Bernabeukoa, beraz, ezin da denboraldia amaitzeko partida soil bat izan. Asko dago jokoan, eta ez bakarrik Athleticentzako. Akats izugarria litzateke partida galduta dagoela eta itxaropenik ez dagoela pentsatzea. Athleticek erakutsi du zertarako gai den azken partidetan, miraririk gabe ere, eta igandean, Javier Uria zenaren oroimena bezala, datu hori ez ahazteko modukoa izango da.
z
Datua
12tik, 5
Etxean jokatu dituen azken 12 puntuetatik Real Madrilek bost bakarrik eskuratu ditu. Bolada kaskarrean dira madrildarrak.