Golak: 1-0: Yurik (6. min) 1-1: Alvarezek( 51. min) 2-1: Williamsek (62. min) 2-2: Latasak (83. min).
Berdindu egin zuen atzo Athleticek Getaferen aurka: 2-2. Talde zuri-gorriak hirugarren garaipena nahi zuen jarraian, baina bolada onak eten txiki bat izan du. Gola sartu zuten oso azkar,Yurik, baina lehen zati bukaeran Oihan Sancetek jasotako txartel gorriak guztiz aldatu zuen partida. Bigarren zatian Getafek berdinketa lortu zuen azkar, baina Athleticen erantzuna iritsi zen Iñaki Williamsen jaurtiketa batetik. Eutsi nahi izan zuten zuri-gorriek, baina luze egin zitzaien neurketa etxekoei, eta 83. minutuan, Getafek behin betiko berdinketa lortu zuen.
Ernesto Valverdek neurketa «gogorra eta zaila» aurreikusten zuen partidaren atarian, eta guztiz asmatu zuen teknikari zuri-gorriak. Aldaketa ugari espero ziren talde zuri-gorriaren hamaikakoan, baina, Valverdek, ustekabea eman, eta Alavesen aurka jokatu zuen hamaikakoa kalkatu zuen. Aldaketa bakarra, Iñigo Ruiz de Galarretaren lesioak behartua izan zen, eta Ander Herrera zelairatu zen.
Partidak ez zuen esperotako hasiera izan. Getafek, defentsa lehenetsiko zuela ematen bazuen ere, lehen minutuak Athleticen zelaian egin zituen. Jose Bordalasek talde erdia aldatu zuen azken partidarekin alderatuta. Athleticek, ordea, ohiko egiturarekin jarraitu zuen. Baina bosgarren minutuan dena aldatu zen. Area ertzeko falta batean, Berenguerrek motzean jokatu zuen Yurirekin, eta zarauztarrak bortitz jo zuen baloia lehen zutoinetik sartzeko.
Golaren ostean, Athleticek baloia bereganatu, eta partidaren gidaritzarekin egin zen. Valverderenek baloia alde batetik bestera mugitu zuten, aurkariaren lerroen artean zirrikituren bat aurkitu nahian. Jokaldia argi zuten zuri-gorriek: barrutik jokatu, hegaletan amaitzeko. Eta joko horretan, Ander Herrerak egin zuen distira. Oso gutxi jokatu du denboraldi hasiera honetan, baina atzo, Galarreta bikain ordezka dezakeela erakutsi zuen.
Txartel gorria Sancetek
Lehen zatia amaitzear zela, Getaferen area kanpoan boteka baloi bat geratu zen. Oihan Sancetek, jauzi bat eginez eta hanka luzatuz, Diego Ricoren buruan jo zuen baloia jokatu nahian. Baina jokaldi arriskutsua izan zen, eta txartel gorria atera zioten iruindarrari. Beraz, Athleticeko jokalariak ez du jokatuko larunbatean, Realaren aurkako derbian.
Hamar jokalarirekin, Athleticek lehen zatiko nagusitasuna galdu zuen, eta segituan jaso zuen berdinketa. 50. minutuan, korner jaurtiketa batean, Gaston Alvarezek buruz errematatu zuen erdiraketa, eta Iñaki Williamsek ukitu ondoren ate barruan amaitu zuen baloiak. Baloiaren jabetza Getafek zuen, baina Athleticek jokaldi bikain batean bigarrena sartu zuen. 62. minutua zen, eta berriro aurretik jarri zen talde zuri-gorria. Yeray Alvarezek luzean jokatu zuen De Marcosekin, eta horrek Iñaki Williams aurkitu zuen area ertzean. Williamsek mugimendu harrigarri batekin, ezkerrez jaurtiketa bikaina egin, eta ate barrura. Williamsek, denboraldi hasiera honetan hagaxka magikoaz ukitua dagoela berretsi zuen.
Ondo eutsi zuen ondoren Athleticek, eta Getaferi beldurra sartu zion hainbat jokaldietan. Baina fisikoki beherakada izan zuten etxekoek, eta alboko erdiraketa batean Latasaren gola iritsi zen, buruz. 83.minutuan izan zen hori, eta Getafek jada erasoko jokalari guztiak zelaian zituen. Partida guztiz apurtua zegoen dagoeneko, eta tentsio handiko minutuak izan ziren. Getafek dena eman zuen garaipena lortzeko, eta Athletici ez zitzaion eustea besterik geratu. Luzapenean, Bordalasek txartel gorria jaso zuen, iskanbila handiko momentu batean. Azkenean, 2-2 amaitu zen neurketa.
ATHLETIC 2 - 2 GETAFE
Eten txiki bat dinamika onean
Berdindu egin du Athleticek Getaferen aurka. Oihan Sancetek lehen zati amaieran jaso duen txartel gorriak eragina izan du partidan. Hamalau punturekin, goiko postuetan jarraitzen dute zuri-gorriek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak