Arrauna

Etengabe da arduratsua eta zorrotza

Kazetaria eta arraunlaria da Ainhoa Etxenike. Ia 150 kilometro egiten ditu egunero autoan batera eta bestera joateko, eta denera heltzen da. Ez daki 'deskantsatu' hitzak zer esan nahi duen.

Etxenike Orioko arraun elkartean, 'Herria'-ren ale bat eskuetan duela, orain astebete. ANDONI CANELLADA / FOKU
Etxenike Orioko arraun elkartean, 'Herria'-ren ale bat eskuetan duela, orain astebete. ANDONI CANELLADA / FOKU
nerea intxausti
Orio
2025eko abuztuaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

 

Ainhoa Etxenikeri (Senpere, Lapurdi, 2004) ezaguna egiten zaio kazetaria elkarrizketa baino lehen egiten ari den prestaketa: lekua bilatu, argazkia atera, galderen orria atera, grabagailua jarri... Bera ere kazetaria da. 

Uztaritzen (Lapurdi) egiten du lan, Herria astekarian —Euskal Herriko euskarazko aldizkaririk zaharrena da egun; 81 urte bete ditu aurten—. Bi astean behin argitaratzen da, Baionan. Arratsaldeetan, berriz, arraun egitera joaten da: arraunlaria da Orio arraun elkarteko traineruan. 

Dedikazio handiko lana eta kirola hautatu ditu Etxenikek: «Bietan aritu behar dut serio, bietan dut ardura handia, eta ezinbestekoak zaizkit zuzentasuna eta zorroztasuna; eta nork bere lana egin behar du, bi tokietan». Herria astekarian ez dute zalantzan jartzen Etxenikek bere lana egingo duela, eta Orion (Gipuzkoa) ere egunero espero dute hori, ehuneko ehunean: «Ez zait bururatzen lanera ez joatea, nahiz eta gogorik ez izan. Nire lana da, nire eginbeharra; eta arraunean berdin».

«Uda bukaera aldera gogoa izaten dugu [arrauna] uzteko. Baina, aldi berean, utziko banu, nire bizitzako zati handi bat ere utziko nuke. Nire egunerokoa eta nire ia urte guztia antolatzen dut arraunaren arabera»

AINHOA ETXENIKE Kazetaria eta arraunlaria

Aitortu du, halere, ezingo lukeela arraunik egin gabe bizi. «Uda bukaera aldera —edo lehenago— gogoa izaten dugu uzteko; bada momentu bat gorputzak, eta, bereziki, buruak ezin duena gehiago. Baina, aldi berean, utziko banu, nire bizitzako zati handi bat ere utziko nuke. Nire egunerokoa eta nire ia urte guztia antolatzen dut arraunaren arabera». Ez du diruagatik egiten, ezer gutxi irabazten baitute arraunean.

Arrauna exijentea da fisikoari dagokionez, baina baita bizitza antolatzeari dagokionez ere: «Dena antolatzen dut bezperatik». Entrenamendua amaitu, eta etxera joaten da zuzenean: 53 kilometro daude Oriotik Azkainera (Lapurdi); han bizi da. Etxera heltzen denean, biharamunerako bi motxila prestatzen ditu, lanekoa eta kirolekoa. Afaldu, eta ohera. Hurrengo egunean lanera joaten da —Azkainetik Uztaritzera 21 kilometro daude— entrenamenduko motxilarekin, lana amaitu eta jarraian Oriora joateko: 55 minutu behar ditu heltzeko, 73 kilometro. 

«Laguntzaile gehienak adinekoak dira; pentsatzen dut oso pozik direla gazte batek duelako segida hartu, gainera, emakume batek»

AINHOA ETXENIKE Kazetaria eta arraunlaria

Orotara, ia 150 kilometro egiten ditu egunero: «Eta batzuetan gehiago ere bai, lanagatik mugitzen banaiz». Gogoan du egun jakin bat, asteazken bat: «Azkainetik Donapaleura (Nafarroa Beherea) joan behar izan nuen; beraz, ordu eta piko. Gero Uztaritzera joan nintzen bulegora, eta, jarraian, Oriora. Egun horretan hiru ordu eta erdi pasatu nituen kotxean». Onartu du: «Ez zen ideia ona izan».

Gidari trebea behar du izan Etxenikek, baina, hala izan edo ez, eskertzen du bakarrik ibiltzea. «Hala ere, luze egiten da nekatuta autoan hainbeste denbora pasatzea». Musika jarri ohi du, lagunen bati deitu, ala pentsatu.

Plazer ematen du fruituak

Herria-n ere ia bakarrik aritzen da aldizkaria sortzen: «Hori da Herria-ren berezitasuna, elkarte bat gara, eta soilik bi langile»; bere lankideak administrazio lanak egiten ditu. Bestalde, 30 bat boluntariok astero haien herrietako albisteak bidaltzen dituzte astekarira: «Urte asko dira hori egiten dutela; haien denbora librean idazten dute astero-astero». Etxenikek zuzendu egiten ditu testu horiek. Asko eskertzen die albisteak bidaltzea: «Laguntzaile gehienak adinekoak dira, gizonezkoak gehienak; beraz, gehienak nire aitatxiak bezalakoak dira; pentsatzen dut oso pozik direla gazte batek duelako segida hartu, gainera, emakume batek». 

Astez aste funtzionamendu antzekoa du. Ostegunean banatzen dute; hortaz, astearte arratsaldean inprimatzen dute, eta astearte goizak eta astelehenak baliatzen dituzte maketatzeko, Baionako inprimategian. Egun horietan kilometro gehiago egin behar izaten ditu. Eta ez datorkio erabat ondo Etxenikeri, egun horietan goizeko 7:30ean hasten baita lanean, eta estropada ala entrenamendua izaten baitu aurreko egunean. «Astea ongi asteko», esan du erdi brometan.

Etxenikek urtebete darama idazleburu. Jada baditu ale batzuk bizkarrean; lan dinamika jada hartua duela baieztatu du, baina oroitu du gogorra izan zela hasiera: «Iaz ekainaren azken astean Galiziara joan ginen, eta astelehenean hasi nintzen astekaria egiten, ni bakarrik».

(ID_17545777647735) (/EZEZAGUNA)
Etxenike Baionako inprimategian, astelehen batez. BADA.EUS

Elkartean badakite arraunlaria dela, eta ulertzen dute: «Adibidez, Galiziara joateko ostirala jai hartu behar dut, eta Kontxako sailkatze estropadarako ere bai. Ikusten dute nire lana egiten dudala, beraz, ez dute arazorik izaten». Konfiantza osoa dute arraunlariak egingo duen horretan. Asteartero Peio Jorajuria lehendakariak egiten du azken zuzenketa. Oraingoz, ez dio orririk altxarazi inoiz.

Herria da duela bi belaunaldi Ipar Euskal Herriko etxeetan irakurtzen zen aldizkaria: «Xalbadorren seme bat elkarrizketatu nuen, eta kontatu zidan bera txikia zela aitak erraten ziola beti eskolatik atera eta bidean Herria hartzeko, eta etxera eramateko. Eta noizbait ahazten bazuen, berriro joan behar izaten zuen xerka; ezin zuen astebetez ere hutsik egin». Gustatzen zaio horrelakoak entzutea. 

Harro dago egiten dutenaz: «Maketatzailearekin komentatu ohi dut: asteartero eskutan hartzen dugu gure astekaria, fruitua; plazer ematen du horrek». Ahaleginak egiten ditu egunero proiektuak aurrera jarrai dezan: «Gure erronka da iraunaraztea; presioa ere ekar lezake, jakin baitakizu zaharrena dela eta ez dela bihar bukatu behar».

Noiz deskantsatzen duen galdetuta, esan du ez dakiela deskantsatu hitzak zer esan nahi duen: «Tira, orain bai, oporretan nago eta». Goizak libre ditu orain, eta, irailean, arraun denboraldian jo eta ke aritu ondoren, helduko zaio arratsaldeak libre izateko garaia. Oroitu du beste urte batzuetan ere bere buruari galdetu izan diola: «Eta nola bizitzen da orain? Zer egiten da lanetik ateratzean?».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.