Lezamako lan saioetara itzuli dira Javi Martinez eta Fernando Llorente. Athleticek atzo goizean egindako entrenamenduan parte hartu zuten biek, etorkizuna argitzeko zain dauden bitartean. Taldea utz dezakete bi jokalariek, eta ika-mika handia sortu da haien inguruan azken egunetan. Horregatik, Betisen aurkako partidarako deialditik kanpo utzi zituen Marcelo Bielsak —3-5 galdu zuen Athleticek—, eta atzo itzuli ziren taldearen jardunera.
Llorentek sasoiaren bukaeran amaituko du Athleticekin duen kontratua, eta ez du hura luzatzeko asmorik, Josu Urrutia taldeko presidenteak jakinarazi zuenez. Hortaz, jokalaria saldu beharko du Athleticek, irabazirik lortu nahi badu. Orain arte, talde bat izan da Llorente fitxatzeko interesik handiena erakutsi duena: Italiako Juventus. Dirudienez, hamasei milioi euroko eskaintza egin dio talde zuri-gorriari, eta hemezortzi ere eskaintzeko prest legoke, La Gazzetta dello Sport egunkariaren arabera. Athleticek, berriz, 36 milioi eskatu ditu jokalariari joaten uzteko; haren etete klausula, hain zuzen ere.
Javi Martinezen kasua ezberdina da. Erdilari nafarrak beste lau urterako kontratua du talde zuri-gorriarekin, 2016ra arte. Hala ere, taldea utz dezake hurrengo egunetan, Bayern Munich taldea jokalaria fitxatzeko asmoz baitabil. Joan den astean, Javi Martinezen etete klausula —40 milioi eurokoa— ordaintzeko prest azaldu zen Alemaniako taldea. Bayernek fitxatzekotan, bost urterako kontratua sinatuko luke erdilari nafarrak. Municheko taldeak oraindik ez du ordaindu, ordea, eta baliteke Athleticen egin dezakeenaren beldur izatea.
Izan ere, Bayernen aurkako salaketa jar dezake Athleticek, Javi Martinezen etete klausula ordaintzen badu. FIFAren arautegiaren arabera, epe babestuan dago jokalariak zuri-gorriekin duen kontratua, eta epe horretan ezin da akordioa hautsi klausula ordainduta. Athleticek salaketa jartzekotan, zigorra jaso lezakete Alemaniako taldeak eta jokalariak. Javi Martinez lau hilabetez egon liteke jokatu gabe, eta Bayernek ezingo luke jokalari gehiago fitxatu 2014ra arte.
Iker Muniain, osatuta
Iker Muniain ere izan zen taldearen lan saioan, eta osatuta dagoela dirudi. Jokalaria eskuin hankan min hartuta zegoen, eta ez zen izan Betisen aurka aritzeko moduan. Atzo, baina, normal entrenatu zen, herenegun jokatu ez zuten gainerako jokalariekin batera.
Guztiz osatuta egotekotan, Athleticek etzi jokatuko duen partidan egon daiteke jokalari nafarra. Europako Ligako azken kanporaketaren joanekoa izango du talde zuri-gorriak, Helsinkiren aurkakoa, San Mamesen. Itzulikoa abuztuaren 30ean izango da, Helsinkin, 19:00etan. Etziko partida baino lehen, Amorebietaren aurkako lagunartekoa du Athleticek, gaur, Zornotzan (19:00).
Etorkizuna argitzeke, Lezaman lanean
Javi Martinez eta Llorente lan saioetara itzuli dira, hurrengo egunetan Athletic utz dezaketen arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu