Tau Baskonia 80
Akasvayu Girona 68
Tau Baskonia. Prigioni (11), Vidal (5), Hansen (11), Scola (17), Drobnjak -hasierako bostekoa-; Ukic (7), Erdogan (3), Jacobsen (8), David (2) eta Splitter (16).
Akasvayu Girona. McDonald (10), Salenga (4), Kammerichs (7), Thompson (8), Vazquez (6) -hasierako bostekoa-; Lopez (12), Udrih, Myers (5), Gabriel (10) eta Dueñas (6).
Markagailua. 25-16; 44-37 (atsedenaldian); 63-52; 80-68.
Epaileak. Amoros, Redondo eta Garcia Leal. Kaleratuak: Tau Baskoniako Splitter eta Akasvayuko Thompson.
Bestelakoak. 7.800 lagun inguru bildu ziren Fernando Buesa Arenan.
Talde izaera txukuna erakutsiz aurreratu da Tau Baskonia final-laurdenetan, Akasvayuri irabazita
JON REJADO
Gasteiz
Garaipen bikoitza. Hori lortu du Tau Baskoniak ACB Ligako final-laurdenetako lehen partidan. Irabaztea ezinbestekoa zen, eta ez zuen huts egin. Dena den, horretaz gain, talde gisa konfiantza handitzeko modua egin zuen. Lan txukuna egin zuen partida osoan. Prigioni lesioa zela-eta partidatik kanpo gelditu zenean ere, horrela jarraitu zuen. Ukicek eta Erdoganek lan txukuna egin zuten joko gidaritzan, taldekide guztien laguntzarekin.
Kanporaketako lehen partidak ezustekoetarako tarte bat utzi ohi du, eta bi entrenatzaileak saiatu ziren horretaz baliatzen. Perasovicek Drobnjaken aldeko apustua egin zuen. Pibot handia hasierako bostekoan kokatu zuen, bai defentsan baita erasoan ere, bertan nagusitzeko. Apustua ez zitzaion ondo-ondo atera, azken asteetako hobekuntza ez baitzuen agerian utzi. Defentsako errebotea eskuratzeko arazoak ere izan zituen.
Akasvayu Gironak, bitartean, Tauren buruari erasotzen saiatu zen. Prigioniri lana zailtzen saiatu zen, joko banatzailea beharrean hegalekoak haren defentsaz arduratuz. Salenga eta Kammerichsek presioa egiten saiatu ziren, baina Tau Baskonia eta Prigioni bera egoera horietara ohituta daude. Erraz egin zion aurre Edu Torresen amarruari, erritmoa hartzen zaildu zuen arren.
Lehen minutuetan bi taldeek saskiratzeak tartekatu zituzten. Scolarentzat ziren baloi gehienak hasiera batean, eta argentinarrak ez zuen huts egin. Akasvayu Gironak, bitartean, erasoan hartutako erreboteei etekin paregabea atera zien. Tau Baskoniak dakien guztia erakusteko zuen oraindik, ordea. Saskipera bideratutako baloiek Gironaren defentsa apur bat itxi zuen, eta orduan agertu ziren hegalekoak.
DUEñASEN ITZAL LUZEA. ACB Ligako azken jardunaldietan hiruko lerrotik behar baino gehiago jaurti izan zuen Tauk. Atzo, ordea, eskura dituen baliabide anitzetako bat dela erakutsi zuen. Eta nola gainera. Vidal, Prigioni, Jacobsen eta Ukicek etekin paregabea atera zioten hiruko lerroari, eta partida apurtzen hasi ziren orduan. Edu Torresek bigarren laurdena hasi eta gutxira egoera konpontzen saiatu zen. Gasteizen min handia egin ohi duen jokalari batengana jo zuen: Dueñas. Bete-betean asmatu zuen.
Pibot erraldoiaren eragina ez zen sumatu hasiera batean, kontraerasoen bidez eta kanpoko lerrotik saskiratu baitzuen Tauk orduan. Jokoa baretu zenean gelditu zen agerian Dueñasen garaierak sortzen zituen arazoak. Splitter eta Scola bilatu zituztenean saskipean nekez gainditu zituzten Dueñasen 2,21 metroak. Hori gutxi balitz bezala, boladaka paretaren kontra jotzea bilatu zuten pibotek, hori gainditzea zerbait pertsonala izango balitz bezala. David bere onetik atera zen, eta ordura arte pilatutako 14 puntuko aldea bederatzitan gelditu zen.
Bigarren erdia ezusteko txarrarekin hasi zen. Prigioni ez zegoen ez kantxan ez aulkian. Atsedenaldian txiza egiterakoan odola bota ostean ez zen partidara itzuli. Hasiera batean arazo handia izan behar zuena hutsean utzi zuen taldeak. Dueñas eta Akasvayuren zonakako defentsaren aurka zentzuz jokatu zuen, burua galdu gabe. Ukic eta Erdogan txandakatu ziren joko gidaritzan, eta baloia mugituz aldea handitzen jarraitu zuten (57-38). Alde handiak behartuta tentsioa galdu izan zuen uneren batean. Horri esker Gironak partidan sartzeko aukera izan zuen hiruko lerrotik (65-57). Beherakada zuzenduta eta zentzua berreskuratuta, txapela lortzeko bidean lehen pausoa eman zuen Tauk.
Etorkizuna argitzen duen garaipena
Talde izaera txukuna erakutsiz aurreratu da Tau Baskonia final-laurdenetan, Akasvayuri irabazita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu