Pare bat orduz denbora geratu da Donostiako Miramar jauregian. Eta pare bat ordu asko dira futbolaren munduan. Guztia hain azkar eta zoro doan garai honetan, tertulia atsegina izan dute euskal futbolaren lau lagunek: Jagoba Arrasatek, Mikel Labakak, Beñat San Josek eta Xabi Prietok. Aitzakia batek bildu ditu laurak: Mikel Etxarriri egindako omenaldiak. EHUko udako jardunaldien barruan, omenaldi xumea eta hunkigarria egin diote Etxarriri, urteetan euskal futbolaren alde egin duen lanagatik. Besteak beste, Realaren haztegian lan nekaezina egindakoa da, baita euskal selekzioan ere. Zubietan bere ikasle izandako lau lagunek osatu dute mahai ingurua, eta zera nabarmendu dute: pasioz bizi dutela futbola, eta Etxarrik erakutsitako hainbat kontzeptu praktikan jartzen dituztela oraindik ere. Euskara hutsean joan da tertulia, eta euskal selekzioaren gaia sarritan aipatu da. Hain zuzen, Etxarriren bidelaguna omenaldian bertan izan da: Jose Angel Iribar.
Tertulia abiatu aurretik, Etxarrik berak hartu du hitza, eta aitortu du txikitatik zetorkiola entrenatzaile izateko desira. «Jokalari profesionala izatea zen nire ametsa, baina lesio goiztiar bat izan nuen, belauna txikitu egin bainuen, eta espero baino lehenago zabaldu nuen entrenatzaile izateko atea». Zortzi urterako entrenatzaile lanak irudikatzen zituen bere jolasetan. «Izeba bat jostuna genuen, eta hari kolore ezberdinetako botoiak lapurtzen nizkion. Botoi haiekin jokalariak eta jokaldiak irudikatzen nituen». Entrenatzaile tituluak ateratzen joan ahala, izen bat egiten hasi zen. «Nire helburua ez zen goi mailako entrenatzailea izatea, bizi osoa horri lotuta ematea baizik. Klub asko igaro ditut, guztietan pasioz eta maitasunez aritu naiz, eta gozatu egin dut bidean». Realeko zalea izaki, Zubietan eginiko lanaz harro mintzo da. «Ohorea izan da gazteen formakuntzan parte hartzea eta gaur egun entrenatzaile diren hainbaten maisu izatea».
«Izeba bat jostuna genuen, eta hari kolore ezberdinetako botoiak lapurtzen nizkion. Botoi haiekin jokalariak eta jokaldiak irudikatzen nituen»
MIKEL ETXARRI Entrenatzailea eta futbolari ohia
Ez dira edonolako bidea egiten ari Etxarriren hainbat maisu. Arrasatek, esate batera, bigarren denboraldiari ekingo dio Mallorcan. «Sarritan deitzen dit telefonoz Etxarrik, astean behin bai gutxienez, eta partidei buruz hizketan aritzen gara. Jokaldi denak izaten ditu buruan». San Josek ere Eibarren aulkiari heldu beharko dio uztailetik aurrera. «Kontzeptu eta sistemen gainetik, gero eta garrantzitsuagoa da entrenatzaileak komunikatzen jakitea eta jokalarien konfiantza irabaztea, eta horretan irakasle aparta izan dugu Etxarri». Imanol Alguacilekin laguntzaile lanetan aritu ondoren, atseden hartuko du Labakak denbora batez. «Geldirik ez gara egongo, Etxarrik dioen moduan, beti baitago zerbait ikasteko». Prietok, azkenik, Zubietako gazteei lotuta jarraituko du. «Ezinezkoa izango da Etxarriren lana ontzea, baina saiatuko gara. Etxarri izan da gure Alex Ferguson».
Zer ikasia eta hausnartua eman die Etxarriren lanak lau entrenatzaileei, eta badute zer eskertua. Labaka: «Batez ere, pertsona naturala eta ona da, eta hori dugu eskertzeko. Gogoan dut Realarekin Bigarren Mailara jaitsi ginela igande batez Valentzian galduta, eta hurrengo egunean Venezuelara abiatzen ginela euskal selekzioarekin. Pentsa ze une gogorrak bizitzen ari ginen, baina Etxarriren eta Iribarren maitasunari esker mina arindu egin zitzaigun». San Josek gogoan du pertsona ona dela Etxarri, baita nortasun handikoa ere. «Ikastaro batean bera nuen irakasle, eta faltak nola jaurti azaltzen hasi zen. Baloia nola kolpatu behar zen esan zigun, eta ni ez nengoen ados. Eztabaidatzen hasi ginen, eta klasean zegoen baloi bat jaurti zidan niri. Badakit gure hobe beharrez ateratzen zuela bere barruko nortasun hori».
Etxekoen aldeko apustua
Ez dira kasualitatez atera hainbeste entrenatzaile Zubietatik, guztiak ere Etxarriren eskuetatik igaro ondoren: Arrasate, San Jose, Jon Ansotegi, Xabi Alonso, Alguacil, Sergio Francisco, Alguacil, Imanol Agirretxe … «Etxeko gazteengan arreta berezia jarri izan du beti, eta gaur egun euskal futbolak duen osasuna parte batean berari esker da», adierazi du Prietok. Iritzi berekoa da Labaka. «Bide horretan, Realak naturalki egin duen gauza bat izan da etxekoen alde egitea aulkirako. Bazkideek ere hori nahi dute, eta gure izaera eta euskara zelaira eramatea dira gure ardura nagusiak». San Josek, bere aldetik, kanpoan egin behar izan du orain arteko bidea. «Realean jasotako balioak atzerrian zabaltzea tokatu zait, eta aitor dezaket Realaren metodologia mundu osoan zabaldua dagoela. Zubietan altxor bat da». Hori bai, Prietok gogorarazi du entrenatzaile atzerritarrak izan dituztenean ere gustura aritu izan direla. «Martin Lasarte, Eusebio Sacristan eta Philippe Montanier ditut gogoan. Aberastasun puntu bat ere eman ziguten haiek».
«Lanak ziurtasuna ematen digu, eta garbi dago dohain apartak dituzten jokalariak ere ez direla ezer lanik egin gabe»
MIKEL LABAKA Entrenatzailea eta futbolari ohia
Globalizazio garaian Realaren haztegiak halako balioa izatea meritu handia da, Arrasateren esanetan. Dena den, Mallorcan etxean bezala sentitzen da. «Mallorcaren nagusiak amerikarrak dira, baina egia da harrobiari garrantzi berezia ematen diotela. Kirol mundua ongi ezagutzen dute, tenisetik baitatoz, eta badute euskal identitatearen berri. Sarritan erabiltzen da proiektu hitza futbolean, baina inor gutxik egiten dio jaramon. Proiektuak denbora behar du lagun, eta futbolean pazientzia gutxi dago». Batez ere, euskal entrenatzaileen sekretua lana dela dio Labakak. «Lanak ziurtasuna ematen digu, eta garbi dago dohain apartak dituzten jokalariak ere ez direla ezer lanik egin gabe. Euskal entrenatzaileak langileak eta profesionalak gara».
Hots, gero eta eramanezinagoa da entrenatzaileen jarduna. Entrenamenduak dira garrantzitsuak, baina gero eta kasu gutxiago egiten zaie. Izan ere, energia beste zerbaitetan gastatzera behartuak daude. Arrasate: «Klubaren bozeramaile bihurtu gara, eta ezin gara kexatu, hori ere gure soldataren barnean sartzen baita. Halere uste dut ez goazela bide onetik, eta entrenatzaileon artean horri buruz hitz egiten dugu». Negozio eredu bilakatu da futbola. «Udako ikastaroei ohar bat bidaltzen diet, ikasgai berri bat jar dezaten. Denborak aldatzen ari dira, eta entrenatzaileon energia gero eta gutxiago bideratuta dago lan saioetara. Entrenatzaile on batek oreka behar du, eta taldea kudeatzen jakin».