Golak: 0-1: Rodrik (18. min.). Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horia: Osasunako Damia eta Rierari; eta Almeriako Vidal, Tebar eta Diazi. Bestelakoak: 14.654 ikusle Iruñeko Sadar futbol zelaian.
Anoetan 5-0 galdu ostean Osasunak beharrezkoa zuen atzo Almeria Sadarren mendean hartzea, eta Realaren aurka jaso jipoia egun txar bateko kontua zela erakusteko, baina Almeriak are eta gehiago sakondu du gorritxoen emaitza eta joko krisia. Partida kaskarra egin zuten nafarrek. Atezainaren akats larri batek Almeriari abantaila hartzea ahalbidetu zion, eta nahi eta ezin aritu zen Osasuna gero. Gorritxoak jaisteko postuetan bete betean sartu dira orain, eta jardunaldi hau azken postuan amaitzeko arriskua ere badago.
Hasieratik izan zen partida deserosoa Osasunarentzat. Bost atzelarirekin jokatzea erabaki zuen Franciscok Almeriako entrenatzaileak, eta Osasunari asko kostatu zitzaion azken metroetan zirrikituak aurkitzea. Nelsonek eta Dubarbierrek, hegaletako bi atzelariek ausart jo zuten erasora lehendabiziko minutuetan eta Osasunako atzelariak ustekabean hartzen zituzten askotan.Hargatik, gola korner batetan egin zuen Almeriak. Andres Fernandezek huts nabarmena egin zuen, baloiak ihes egin zion esku artetik Osasunako atezainari eta Rodri aurrelari txikiak, bizkor sartu zuen hanka baloia sarera bidaltzeko.Hemezortzigarren minutuan markagailuan atzetik zen Osasuna, eta Almeriak nahi zuen tokian zeukan partida. Nelson eta Dubarbier askoz gutxiago igo ziren gola egin eta gero. Hiru erdiko atzelarien aldamenean geratu ziren hegaletakoak. Euskarriek ere laguntza onak ematen zizkieten, Eta Osasunak nekez egiten zuen min erasoan.
Almeriaren armiarma sarean sartuta zen Osasuna, nahiz eta areaz kanpotik Roberto Torresek eta Cejudok egin erremateetan eta geldikako jokaldietan Esteban lanean jartzea lortu. Aukerarik onenak Almeriako atzelariek bere aterantz desbideratutako baloietan iritsi ziren. Onena lehen zatiko azken minutuan, bainaEstebanek ozta-ozta baloia zutoinera desbideratu zuen.
Ariel eta Jose
Jokoari jarraitasuna ematen ez zuen asmatzen Osasunak ordea. Erritmorik gabe ari ziren. Almeriak lotuta zituen, nahiz eta denbora asko Almeriaren zelai zatian jokatu. Zerbait aldatu beharra zegoen, eta atsedenaldian Armenterosen ordez — lesiotik atera berria da— Ariel Nuñez paraguaitarra sartzea erabaki zuen Javi Graciak. Aspaldian aukera gutxi izan ditu Nuñezek, eta bere tokia aldarrikatzeko aukera ona zuen atzo. Ez zuen baliatu, ordea. Desagertuta, jokoan sartzen ere ez zuen asmatu eta izan zuen aukera on bakarrean erremate eskasa egin zuen buruz.
Atzoko partidak utzitako albiste on bakarra Jose Garciarendebuta izan zen. 16 urteko erasoko jokalariak ez zuen taldea nahi bezala suspertu, baina bere kalitatea agerian geratu zen bizpahiru jokaldietan eta erremate on bat ere egin zuen. Tamalez, Osasunak aukera izan bakoitzean Esteban atezaina agertu zen. Jose Garcia jokalari ezberdina da, ordea. Klase handia dauka txikia izanagatik. Futbola erraz ikusten du, aurkariei iskin egiteko trebezia badauka eta ezker oinarekin zein eskuin oinarekin baloia ondo astintzen du.
Pazientzia izan beharko dute osasunazaleek kutun berriarekin. Gaztea da oraindik, gazteegia. Baina atzoko albiste on bakarra horixe izan zen: jokalari bikain batek estreinako partida jokatu zuen Osasunarekin. Eta etxekoa da. Eta gaztea da.
OSASUNA 0. ALMERIA 1
Etxean ere kale egin du
Andres Fernandezen huts larri bat baliatzea nahikoa izan du Almeriak hiru puntuak batu eta Osasuna jaisteko postuetara bidaltzekoJose Garcia gaztea bigarren zatian zelairatu da, eta itxura ona eman du estrainaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu