SEVILLA 2. ATHLETIC 0

Etxean geratuta, askoz hobe

Athleticek makal ekin dio partidari, eta Sevillak, ezer askorik egin gabe, bi gol sartu ditu lehen hogei minutuetan.Muniainek min hartu du belaunean, eta ikusi egin beharko da lesioaren larritasuna

Iker Muniain, negar malkoei eutsi ezinik, atzo, Sanchez Pizjuanen, lehen zatia amaitzear zela min hartu eta aldageletara eraman zutenean. JOSE MANUEL VIDAL / EFE.
haritz gallastegi
2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Golak. 1-0: Aleix Vidalek (3. min.); 2-0: Baccak (21. min.). Epailea. Alvarez Izquierdo. Txartel horiak: Sevillako Nico Pareja, Vitolo eta Banegari; eta Athleticeko Laporte, Guillermo eta Beñati. Bestelakoak. 27.752 ikusle Sevillako Sanchez Pizjuan futbol zelaian.

Athletic lo zelairatu zen atzo Sanchez Pizjuan futbol zelaian, eta konturatu orduko punturen bat lortzeko aukera barik geratu zen. Iker Muniainek belauna bihurritu zuen, eta esku-ohean atera zuten zelaitik. Athletici ez diote onik egiten Sevillara egiten dituen bidaiek. Partida txikiak jokatzen ditu gehienetan, eta, ondorioz, asko kostatzen zaio puntuak pilatzea. Atzoko neurketa ez zen salbuespena izan. Talde zuri-gorriak ez zuen inolako aukerarik izan punturen bat eskuratzeko, eta, gainera, Muniain galdu zuen. Erdilaria min keinu nabarmenak eginez eraman zuten aldagelara. Etzi egingo dizkiote azterketa mediko zehatzagoak, eta hor argituko da Espainiako Kopako finalerako prest egongo den ala ez.

Hasi eta amaitu, ahazteko moduko neurketa izan zen; egun Sevillaren eta Athletic artean dagoen aldea islatzen duen neurketa, hain zuzen ere. Aste guztian 12-13 graduan entrenatuta, Sevillako beroari aurre egin behar izan zioten zuri-gorriek. 16:00etan ia 30 gradu zeuden Sevillan. Nahitaez, edozein kirolariren gorputzak nabaritu behar duen aldea da hori. Hala ere, ez du justifikatzen Athleticen partida hasiera. Ez zen ona izan. Etxean oso ondo jokatzen ari den talde oso on bati aurre egiteko derrigorrez dago zelairatu beharra %100ean. Garesti ordaintzeko arriskua dago bestela.

Bada, Ernesto Valverderen taldeak lo ekin zion lehiari, eta bazkalondoko lo kuluxkatik esnatu zenerako galduta zeukan norgehiagoka. Lehen minutuan, Laporteren eta Balentziagaren gaizki-ulertze bat aprobetxatzekotan egon zen Iborra. Zorionez, atzelari zuri-gorriek denboraz erreakzionatu zuten, eta ez zioten utzi area barruan jaurtitzen. Sevillako erdiko atzelariek luze jokatutako baloi baten ondorioz sortutako aukera izan zen. Bada, hurrengo aukeran ere jokaldi berbera egin zuten etxekoek, eta bigarrenean saria izan zuten. Aleix Vidalek egin zuen jokaldian Iraizoz gehitu zitzaien Laporteri eta Balentziagari. Eskuin hegalekoak errazegi harrapatu zien bizkarra atzelariei, eta, gainera, irteeran erdibidean geratu zen atezaina. Gol inozoa jaso zuen Athleticek. Eta, bide batez, neurketa hasi orduko bizkaitarrei hankaz gora jarri zitzaien lehia.

Kontua da Sevilla ez zela konformatu lortutako uztarekin. Bide beretik jarraitu zuen hurrengo minutuetan. Horren ondorioz, Vitolok eta Kritxowiakek aldea handitzeko aukera bana izan zuten. Vitolok area barruan egindako erremate indartsuari erantzun ona eman zion Iraizozek, eta euskarri poloniarrak buruz egindako errematea langatik gora joan zen. Bacca agertu zen arte. Jokaldi landu baten amaiera izan zen aurrelari kolonbiarraren gola.

Laporte eta Etxeita, ezinean

Sevillak jokamolde eta ezaugarri ezberdineko futbolari asko ditu era ezberdinetan jokatzeko, eta horren ondorio izan zen 2-0ekoa. Banegak, Vitolok eta Aleix Vidalek eskuin hegaletik jositako jokaldia dotore amaitu zuen Baccak. Laporte lo harrapatu zuten berriz, eta, Etxeita ailegatzerako, jaurtiketa eginda zeukan erdiko aurrelariak. 21. minuturako erabakita zegoen partida. Ordutik aurrera Sevillak nahikoa izan zuen atzean sartu eta lasai jokatzearekin Athletic kontrolpean izateko. Nahi eta ezin ibili ziren zuri-gorriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.