Itzuliko hemeroteka. Duela 22 urte

Etxean irabazteko nahia

Itzuliko hirugarren etapa 'Euskaldunon Egunkaria'-n (1999-IV-7). BERRIA
mikel rodriguez
2021eko apirilaren 6a
23:09
Entzun

Euskal Herriko Itzuliko 39. ekitaldiko hirugarren etapa jokatu zuten 1999ko apirilaren 7an, asteazkenarekin. Zalla (Bizkaia) eta Gasteiz artean 195 kilometro egin zituzten. Arabako hiriburuan gertatu ohi denez, esprinta espero zen helmugan, baina bi gasteiztar ahalegindu ziren tropelari aitzina hartzen: Gonzalez de Galdeano anaiak. Ez zuten lortu, eta Stefano Garzelli italiarrak irabazi zuen esprintean.

Anaietan zaharrena, Alvaro, izan zen eguneko protagonista. 37. kilometroan jo zuen lehenbiziko erasoa, baina tropelak kilometro gutxira harrapatu zuen. Hala ere, Eduardo Fernandez espainiarrarekin batera berriz ihes egin zuen, eta etapa gehiena elkarrekin egin ondotik, gasteiztarrak berriz ere bakarrik jo zuen. Guztira 137 kilometro ihesean egin ondoren harrapatu zuen tropelak, helmugatik hamabortzera, baina hura xurgatu bezain agudo gonzalez de galdeanotar gazteenak, Igorrek, egin zuen ihes. Jaioterriko karriketan harrapatu zuten, helmugatik hiru kilometrora.

Esprintean Garzelli izan zen bizkorrena, bere palmares zabalean mota guztietako ibilbideetan irabaztea lortu zuen txirrindularia. «Talde txikietan azkarra naiz, eta horrelako aukeretan barruan duzun guztia eman behar duzu», adierazi zion etaparen ondoren Euskaldunon Egunkaria-ri.

Jalabert, lider sendoa

Garzellik zioenez, itxaropena zuten Marco Pantani taldekidearekin Itzulia irabazteko, baina hagitz zaila zirudien horrek. Izan ere, Laurent Jalabert liderrak dezenteko abantaila zuen sailkapen nagusian, lehenbiziko etapaz geroztik. Davide Rebellin italiarra denboran berdinduta zuen gibeletik, baina, hirugarrena, Bingen Fernandez bermeotarra, 21 segundora zegoen jadanik; Pantani eta bertze faboritoak, berriz, 32ra.

Xabier Usabiagak argi zuen Itzulia bi txirrindulariren artean jokatuko zutela, Ostirala bitartean, to! izenburupean Egunkaria-ko zutabean idatzi zuenez: «Jalabertek badaki Rebellin erlojupekoan aise botako duela, eta horregatik ostiral goizeko saioa arte ez du alferrikako kolperik joko; akaso bosgarren etapako lehen zatian saiatuko da italiarra segundo batzuetara lekutzen, baina bitartean, to!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.