Etxean nabarmen hazi den talde arriskutsua

Cadiz ez da sasoi osoan orain bezain ondo egon; jokoan izan diren azken hamabost puntuetatik hamar atera ditu

Xabier Lopetegi.
2010eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Ez da unerik onena Cadizen aurka jokatzeko, are gutxiago partida Ramon de Carranzan baldin bada. Ia denboraldi osoa zuloan eman ondoren, taldeak bi puntuko aldea du une honetan jaitsierarekiko, eta gaurkoan mailari eusteko bidean aurrerapauso ia erabakigarria emateko aukera ezin hobea dauka. Azken emaitzek agerian uzten dute hobera egin duela. Azken lau partidetatik hiru irabazi eta beste bat berdindu du. Garaipen horien artean, meritu handiko bi daude, bat oraindik ere igotzeko itxaropena duen talde baten aurka, Elx, eta bestea Murtzia aurkari zuzenaren aurka. Biak ala biak etxean.

Izan ere, Ramon de Carranzan oinarritu du gorakada Cadizek. Zortzi jardunaldi daramatza han galdu gabe, Levantek 2-4 irabazi zionetik. Norgehiagoka horietatik, bost poltsikoratu ditu, Murtzia, Elx, Girona, Castello eta Albaceteren aurka, eta gainerako hirurak berdindu, Vila-real B, Rayo eta Herculesekin. Sendotasun falta izan du arazo nagusia, 57 gol jaso baititu. Ligako talde txarrenen artean, bigarrena da alor horretan. Hala ere, gehienak etxetik kanpo jaso ditu, 37, hain justu. Ramon de Carranzan, berriz, hogei.

Victor Esparrago entrenatzailearen lana ere ezinbestean aipatu behar da. Uruguaiarrak Javi Gracia ordezkatu zuen urtarrilean, Cadizek Anoetan 4-1 galdu ondoren. Esparragok bikain ezagutzen du kluba, hirugarren aroa baitu bertan: 80ko hamarkadan, eta 2004-05eko eta 2005-06ko sasoietan entrenatu zuen. Tartean, igoera bat lortu zuen, Oli goleatzailea zelarik. Baina hasieran asko kosta zitzaion ontzia ur lasaiagoetara eramatea. Javi Gracia kaleratu ondorengo 11 jardunaldietan, bi aldiz besterik ez zuen irabazi Cadizek.

Eskarmentua alde

Eskarmentua da taldearen balio handienetako bat. Igo berria izan arren, jokalarien oinarriari eutsi zion udan. Defentsa da adibide onenetako bat, gaur lauko lerroa osatuko omen dutenek, esaterako, bi denboraldi baitaramatzate gutxienez elkarrekin jokatzen. Zelai erdian Fleurquinen lana nabarmendu behar da; urteekin hobera doa uruguaiarra. Ezkerrean Jaume Costa aritu da azken boladan, Valentziako harrobiko jokalari txiki eta azkarra. Aurrealdean, berriz, Diego Tristanek gol sena berreskuratu du. Fisikoki mugatutako jokalaria da, baina talentua ez da sekula galtzen. Ogbeche Alaveseko jokalari ohiarekin bikote polita ari da osatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.