Orioko entrenatzailea

Iker Zabala: «Etxeko arraunlariek izan duten gosea izan da gakoa: ate guztiak puskatu dituzte»

Ametsetako derboraldia egin du Oriok Iker Zabalaren esanetara, eta hark taldeak egindako ahalegina nabarmendu du. «Denoi gustatzen zaigu irabaztea, baina gutxi daude prest guk egin dugun lan handia egiteko».

Iker Zabala. JON URBE / FOKU
Iker Zabala, Orioko klubaren egoitzan. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2025eko irailaren 24a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Denboraldi ikusgarria egin ondorengo biharamunean ere ez du atseden hartu Iker Zabalak (Bermeo, Bizkaia, 1979). «05:00etan altxatu naiz, beharrera joateko. Entrenatzaileok ez dugu atsedenik. Datorren sasoia prestatzen hasi behar dut». 

Batetik, Eusko Label liga irabazi duzue, baita banderen eta puntuen errekorra hobetu ere. Bestetik, Kontxako Banderan nagusitu zarete, baita Gipuzkoako, Euskadiko eta Espainiako txapelketetan ere. Hala ere, ez diozu jarriko hamarreko nota denboraldiari?

Ez. Horri eusten diot. 9,6ko nota jarriko nioke. Izugarrizko urtea egin dugu, ez bakarrik uda: neguan jaitsiera guztiak irabazi genituen bat izan ezik, eta, gero, trainerilletan, estropada guztietan nagusitu ginen.

Zer hobetu dezake perfekzioaren mugan ibili den traineru batek?

Urtebete gutxi da traineru bat perfektu ibiltzeko. Arraunlari gehienak iazko berberak izan arren, berri batzuk etorri dira, eta aldaketak egin ditugu materialean eta arraunketan. Ez dago denborarik urtebetean hori guztia zuzen-zuzen jartzeko. Estropada asko ondo irabazi arren, ikusi da makineria ez dabilela fin-fin. Guztiak fin-fin egon behar du nik hamarreko nota emateko.

Aurten oso nagusi izan zarete, eta, hala ere, hobetu dezakezuela diozu. Zer izango da orduan datorren urteko Orio?

Guk hobeto dezakegu, baina aurkariek guk baino gehiago hobetu dezakete, eta parekotasuna handitu. Ustez, gure arraunlari gehienak taldean geratu eta baten bat fitxatzen badugu, trainerua azkarrago ibiliko da. Baina beti zaude aurkariek egiten dutenaren mende; agian, zu baino gehiago indartzen dira, eta jada ez duzu irabazten. Guk gureari erreparatu behar diogu, eta hobetu, eta, horretarako, sendagairik onena da talde guztiak beste urtebetez jarraitzea.

Hasi zara lan hori egiten?

Ez. Arraunlariak bakean utzi behar ditugu aste honetan. Dena irabazi dugu, giro oso ona dugu, baina ordu asko sartu ditugu, eta arraunlariak, zuzendaritzako kideak eta ni neu lortutako guztiaz kutsatuta gaude oraindik ere. Astebete behar dugu arnasa hartzeko eta gauzak beste era batera ikusteko. Orain, zurrunbiloan sartuta gaude, eta, askotan, horrelako egoeretan, erabakiak arin hartu eta gero damutu egiten zara.

Itxaropentsu zaude?

Bai. Usain ona hartzen diot. Nik uste dut ez dela inor joango. Baina hori baieztatu arte ez naiz lasai egongo. Ni haien erabakien mende nago; adibidez, jendea ekartzeko edo ez.

«Nik uste dut ez dela inor joango. Baina hori baieztatu arte ez naiz lasai egongo. Ni haien erabakien mende nago»

Amu ederra da irabaztea.

Bai. Irabazteak mendekotasuna sortzen du. Denoi gustatzen zaigu irabaztea, baina gutxi daude prest guk egin dugun lan handia egiteko. Irabaztea da alde polita, baina gauza asko behar dira: kalitatea eta ordu asko sartzea, besteak beste. Eta Orion gauza horiek egon dira.

«Banderak ez datoz zerutik», esan zuen Gorka Aranberri Orioko patroiak Kontxako Bandera irabazi berritan.

Bada, ez. Hemen, zerutik euria baino ez da jausten, ezer gutxi gehiago. Bizitzan bezala, zerbaitetan nabarmendu nahi baduzu, esfortzua behar da, eta, aurten eman dugun maila emateko, ordaindu beharreko bidesaria oso garestia izan da. Ni zortekoa naiz goi mailako taldeetan aritu naizelako, eta guztien sekretua izan da lan handia egitea eta kalitatea izatea.

Zein izan da arrakastaren gakoa?

Nik oso argi dut: etxeko arraunlariek izan duten gosea. Sekulakoa gosea izan dute, lanerako, hobetzeko eta irabazteko. Kanpotik etorritakoei dagokienez, nik banekien ez zutela huts egingo. Etxekoak konturatu dira etorri direnak prest egon direla lan handia egiteko, isilpean. Lan horren poderioz lortu ditugu horren emaitza onak.

Etxekoen goseak harritu zaitu gehien?

Bai. Aurreko urteetan beste traineru batzuk izan dira protagonista, eta, aurten, haiek nahi izan dute protagonista izan. Urtebeteren ostean, esan dezakegu ate guztiak puskatu dituztela.

«Arraunlariei berehala uxatu zitzaien beldurra ikusi zutenean ni prest nagoela ordu asko sartzeko eta nire lan egiteko era egokia dela»

Ordezko patroia izan ezik, denak aritu dira. Horrek lagundu du?

Erabat. Funtsezkoa da denok parte sentitzea, baina, guztiaren gainetik, kalitatea izan behar duzu. Larunbatetik igandera zazpi aldaketa egin genituen, eta, hala ere, irabazi egin genuen. Hori ez da entrenatzailearen meritua, arraunlariena baizik. Sekulako kalitatea dute, eta, Kontxan arraun egin ez arren, hiru astez egon dira gogor entrenatzen, zaintzen, igandea bezalako egun baten zain. Eguna iritsi, eta irabazi egin dute. Pena dut Oihanek [Manterolak] debutatu ez izana, baina berak badaki oso gaztea dela, eta baduela beste pausotxo bat emateko. Ziur naiz datorren urtean emango duela, eta estropadetan ariko dela.

Santurtzin eta Bermeon izan zenituen taldeak baino hobea da Orio hau?

Ezberdinak dira, baina denek dituzte dohain berberak: kalitatea, gosea eta lan egiteko gogoa. Nik izugarrizko taldea izan nuen Bermeon: goseari eusten zioten beteranoak nituen han. Orio hau, ordea, talde gazteagoa da, gehienak etxekoak dira, eta giroa oso ezberdina da. Hala ere, ni oso gustura aritu naiz talde guztietan.

Asko estutu dituzu?

Bai, hasieratik, ikusi dudalako prest zeudela lan egiteko. Ni estutzen hasten banaiz, eta jendea lanerako prest ez badago, alferrik nabil. Oso arin barneratu zuten lan egiteko era, eta prest egon dira edozer egiteko irabazteko.

Espero baino gutxiago kostatu zaizu haien onena ateratzea?

Nire aurreikuspenak gainditu dituzte. Etxekoak nik espero baino hobeak dira; hori izan da gakoa. Horri esker, txandakatzeak egin ahal izan ditut, eta egin ditudanean traineruak ez du behera egin. Entrenatzaile batentzat altxorra da horrelako talde zabal bat izatea.

Presioari eutsi diote.

Bai, eta estropada batzuetan atzetik ibili gara, eta, hala ere, ez dute burua galdu, eta une erabakigarrian aurrera egin eta estropada txikitu dute. Horrek bi gauza esan nahi ditu: batetik, fisikoki, oso ondo prestatuta egon direla; eta, bestetik, eta garrantzitsuagoa dena, buruz oso indartsu izan direla; hori behar du kirolari batek irabazteko.

«Errespetu falta handia izan da gure taldearekin. Nik badakit zenbat lan egin duten, eta zer baldintzatan. Onenak izan dira, eta kito»

Jon Olasagasti Orioko presidenteak Kontxa irabazi berritan esan zuen zu etorri aurretik arraunlariek ez zutela euren burua gai ikusten. Hori ikusi zenuen zuk iritsi zinenean?

Nik beldurrez ikusi nituen. Ni berria nintzen, kanpotik nentorren, eta pentsamendua zen ea honek zer egingo duen. Baina berehala uxatu zitzaien beldur hori ikusi zutenean ni prest nagoela klubean ordu asko sartzeko eta nire lan egiteko modua egokia dela. Berehala izan dugu konfiantza elkarrengan, eta hasieratik txalupak itxura ona eman du. Horregatik joan da dena hain arin eta azkar.

(ID_15331639) (Jon Urbe/@FOKU) 2025-09-18, Orio. Arrauna
Iker Zabala, Orioko klubean, ontziz inguratuta. JON URBE / FOKU
Noiz hartu zenion usain ona?

Neguan, baina hortik pentsatzera marka guztiak apurtuko genituela... Ligako hamargarren jardunaldian jada hasi nintzen esaten errekorra lor genezakeela. Erronka handia zen, baina horren bila joango ginela esan nuenetik ez dugu huts egin.

Zuek ikaragarri ondo ibili zarete. Aurkariak, ordea, espero baino apalago aritu dira?

Kanpotik badirudi erraz irabazi dugula, baina bandera batzuk kostata lortu ditugu. Guk errespetu osoa diegu aurkariei, baina, nire ustez, agian, orokorrean, mailak apur bat behera egin du. Hala ere, goiko taldeetan, lehen bezala, irabazteko, azkar ibili behar da.

Arraunzalearentzat aspergarria izan daiteke beti ontzi berak irabaztea?

Oriokoentzat ez. Baina antzekoa pasatu da beste ligetan: KAE 1ean, Santurtzik bandera gehienak irabazi ditu; Euskotrenen, Arraun Lagunak gailendu da ia beti; eta, Galizian, Chapela oso nagusi izan da. Kirolean batzuetan hori gertatzen da. Kirolean norbait nagusi baldin bada, hura txalotu, miretsi eta goraipatu egin behar da, nahiz eta ez izan zure taldekoa.

«Orion gero eta gehiagotan esaten didate 'Aupa Zabala!', eta gustatzen zait, nola ez. Baina horrek prozesu bat behar du, denbora, eta patxada»

Hau entzun duzu: «Normala da Oriok irabaztea, egin duen inbertsioa kontuan hartuta». Zer diozu?

Gezurra dela, eta gehienek ez dakizkitela kontuak. Iaz taldean aritu ziren hamalau arraunlari aritu dira aurten. Jendea kanpotik etorri da, baina ez hainbeste. Jendeak zer daki zer inbertsio egin den hemen? Jendeak zer daki zenbat irabazten den hemen? Errespetu falta handia izan da gure taldearekin. Nik badakit zenbat lan egin duten, eta zer baldintzatan. Onenak izan dira, eta kito.

Orio berriro handi izateko fitxatu zintuzten, eta lortu duzu. 

Bai, baina ez nik bakarrik. Nire gainetik arraunlariak daude. Haiek egiten dute ahalegina, haiek sartzen dituzte ordu pila bat, eta haiek egiten dute arraun. Zuzendaritza, babesleak, udala, zaleak eta ni haiei bultzatzeko eta gero eta hobeak izateko tresnak emateko gaude. Haiek dute meriturik handiena.

Aurreko entrenatzaileak egindakoa goraipatu duzu askotan.

Hala da. Ez da ohikoa entrenatzaile batek aurrekoaren meritua goraipatzea, eta nik uste dut zentzuz jokatu behar dela, eta ni aurretik Mikel Arostegik egindako lanaz aprobetxatzen ari naiz. Noski, nire lana ere badago, baina Mikelek lan asko aurreratu zuen. Hura goraipatzea pertsona onen jarrera da, eta, nire ustez, ni banaiz.

Gaur egun, zenbat aldeko eta kontrako dituzu Orion?

Ez da kontrakoa izatea. Nire ustez, jendeak beldurra kendu du gainetik. Haiek uste zuten ni nire gertuko hamar arraunlarirekin etorriko nintzela, banku mugikorra baztertuko nuela eta bigarren trainerua kenduko nuela. Jende askok min egiteko hitz egiten du, baina oso arin ikusi zen ni lanera etorri naizela eta etxekoak aintzat hartuko ditudala. Baina argi izan behar dute noizbait zerbait behar badugu, eta etxean ez badago, kanpora joan beharko dugula bila, ahalik eta arraunlaririk onenak izateko.

Ulertzen zenuen jendea hasieran mesfidati egotea?

Bai, noski. Nik badakit gaur egun sare sozialetan zenbat gauza esaten diren nitaz eta zenbat kritika egiten dizkidaten. Gauza asko gezurrak dira, baina ni ezin naiz horien aurka ibili. Nik egin behar dudana da nire bidea ahalik eta ondoen egin, eta arduratu nire ondoan daudenak pozik egoteaz. Beste guztiak ez dit askorik axola. Orion gero eta gehiagotan esaten didate «Aupa Zabala!», eta niri hori gustatzen zait, nola ez. Baina horrek prozesu bat behar du, denbora, eta patxada. Nik badakit haien etxean nagoela, kanpotik natorrela, eta errespetatu egin behar ditudala. Baina baita haiek ni ere. Gaur egun, errespetatu egiten naute, eta oso polita da hori.

«TKEko presidenteek eta kudeatzaileek ez dute gura arraunlariok bat egitea. Bada ordua behingoz elkarte bat sortzeko»

Irabazteak laguntzen du zauriak ixten?

Bai, noski, baina ni ez nau itsutzen banderak irabazteak. Zorionez, gauza asko irabazi ditut, eta erlatibizatzen ikasi dut. Jendeak hobeto ikusten ditu gauzak irabazten denean, baina hori ez da horrela; lana goraipatu behar da, eta lan ona eginda irabazten ez bada, orduan ere txalotu. Haiek ere konturatu dira langilea naizela eta lanera etorri naizela.

Argi dagoena da zoazen tokira zoazela irabazten duzula. Urteak daramatzazu bete-betean asmatzen. Ez da kasualitatea.

Ez, baina nirekin egon diren batzuk ere errepikatu egin dute talde horietan; beraz, nire lana bakarrik ez da. Ni nago fokupean, baina niri ni baino hobeagoak diren pertsonekin ibiltzea gustatzen zait, eta, zorionez, pertsona horiek nirekin daude, eta izugarri laguntzen didate goazen taldeetan gauzak arin eta azkar joateko.

Araudiari jarraituz, harrobiko arraunlari gehiago aritu dira aurten, eta datorren urtean, are eta gehiago ariko dira. Horrek mesede egingo dio arraunari?

Nire iritzia lehengo bera da. Nire ustez, neurriak mesede egingo dio Oriori, baina ni neurri zorrotzagoak hartzearen aldekoa naiz: adibidez, harrobikoen adina jaistearena. Ez da gauza bera 50 urteko edo 20 urteko harrobiko arraunlari bat. Biak dira harrobikoak, baina zentzu handiagoa du 20 urtekoak sartzeak traineruan. Nire ustez, erabakia ez da hartu arraunaren mesedetan, bestelako interes batzuen alde baizik.

Hori dela eta, arraunlarien elkarte edo sindikatu baten beharraz mintzatu zara askotan.

Bai, baina ez da inoiz sortuko. Ahaleginak egin dira, baina alferrik. Elkarteak badaude, TKE kasurako, eta hor dauden hamabi presidenteak elkartzen dira. Baina non dago arraunlarion iritzia? Makineria hori ez badugu guk abiarazten... TKEko presidenteek eta kudeatzaileek ez dute gura arraunlariok bat egitea. Ez gaude babestuta, eta berandu goaz. Bada ordua behingoz elkarte bat sortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.